Munduko Kopa

Argentina: txapeldun izateko arrazoi ugari

Egungo txapeldunak bihar egingo du debuta. Erronka asko ditu, bigarrenez segidan garaikurra lortzea, besteak beste. Azken aldiz 1962an lortu zuen hori selekzio batek: Brasilek. Scalonik zuzentzen du Argentina, eta FIFAren zerrendako lehen postuan dago.

Argentinako jokalariak entrenamendu batean. AFA
Argentinako jokalariak entrenamendu batean. AFA
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egungo txapeldunaren estreinako partida beti izaten da garrantzitsua Munduko Kopa batean. Bada, aldi honetan, bihar izango da partida hori. Argentinak Euskal Herrian goizaldeko hirurak direnean egingo du debuta, Aljeriaren kontra. Argentinaren zaleek Munduko Kopa guztietan abesti bat asmatzen dute beren selekzioa animatzeko. Oraingo honetan ere hala egin dute, eta bertan txapeldun izateko dituzten arrazoiak aipatzen dituzte. Horietako batek zera dio: «Messiren azkena izango delako». Kapitainak seigarren aldiz jokatuko du txapelketa, eta bigarrenez segidan jaso nahi du garaikurra. 

Ez du erronka erraza Argentinak, 1962tik ez baitu inork txapelketa bi aldiz segidan irabazi. Brasil izan zen hori lortzen azkena, 1958an eta 1962an izan baitzen txapeldun. Argentinaren aurkari sutsuena da Brasil, eta horregatik ere irabazi nahi du. Hortxe du erronka handietako bat Lionel Scalonik zuzentzen duen taldeak. Horrekin batera, faboritoak aipatzeko orduan, askok aurretik jartzen dituzte Frantzia, Portugal eta Espainia. 

Qatarren txapeldun izan zen, baina haren jokoa pragmatikoa izan zen, funtzionala, ikusgarria baino gehiago. Haren partidetan emozioa gailendu zen, jokoaren gainetik. Emozio hori zera zen: Messi lehen aldiz munduko txapeldun egitea. Eta lortu zuten. Oraingoan antzekoa da ideia, eta horrekin laugarren izarra jarri nahi dute elastikoan. Lortuz gero, Alemania eta Italia berdinduko ditu lau garaikurrekin, eta gainetik bakarrik Brasil geratuko da: bostekin. 

2022an Scalonik Qatarrera eramandako jokalariekin alderatuz, hamazazpik segitzen dute multzoan, eta bederatzi berriak dira. Deialdian ez daudenak hauek dira: Di Maria eta Armani, txapeldun izan ostean selekzioa utzi zutelako; Papu Gomez, ordutik ez delako deialdi bakar batean ere egon; Joan Foyth eta Marcos Acuña min hartuta daude; eta Pezzella, Guido Rodriguez, Angel Correa eta Dybala kanpoan utzi dituzte, erabaki taktikoagatik. Jokalari horien ordez, hauek arituko dira aurtengo txapelketan: Musso, Facundo Medina, Leo Balerdi, Barco, Nico Paz, Giuliano Simeone, Jose Manuel Lopez eta Nico Gonzalez.

Askok faboritotzat jotzen ez duten arren, lau urte hauetan lortutako emaitzek kontrakoa diote. Izan ere, FIFAren zerrendan lehen postuan dago Argentina. Txapelduna izan arren, Munduko Koparako sailkapen ligaxka jokatu behar izan zuen, Ameriketako multzoan. Lehen tokian amaitu zuen ligaxka, 38 punturekin. Jokatutako hemezortzi partidetatik hamabi irabazi zituen, bi berdindu eta lau galdu. Lehen porrota etxean izan zen Uruguairen kontra: 0-2. Scalonik zuzentzen duen selekzioak Qatarko Munduko Kopako lehen partidatik zeraman galdu gabe, 360 egun. Beste hiru norgehiagokak etxetik urrun galdu zituen: Kolonbian (2-1), Paraguain (2-1)  eta Ekuadorren (1-0). Esanguratsuak izan ziren Brasilen aurka irabazitako bi partidak: 0-1 eta 4-1; eta Boliviari sartu zion 6-0ekoa. Amerika Kopa ere irabazi zuen 2024an. Txapelketa AEBetan jokatu zen, eta 1-0 irabazi zion finalean Kolonbiari. 1993tik zeraman Argentinak garaikurrik irabazi gabe, eta azken bost urteetan hiru irabazi ditu: Amerika Kopa 2021ean eta 2024an, eta Munduko Kopa 2022an. 

Messi jokalari erabakigarria izan arren, sailkapen fasean zenbait partida oso on jokatu zituen Argentinak hura gabe: adibidez, Brasili 4-1 irabazi zion partida. Joko pragmatiko eta funtzional horren alde egin du, baina talde jokoari lehentasuna emanez. Julian Alvarezen eta Thiago Almadaren arteko lotura erabakigarria izan da aurrean, baita atzealdearen sendotasuna ere. Sailkapen faseko 18 partidetan zortzi gol jaso zituen bakarrik. 

Qatar gogoan

Ustez multzo samurra egokitu zaio txapeldunari. Aljeria, Jordania eta Austria izango ditu kontrario. Txapeldun bada ere, aurreko Munduko Kopan galdu egin zuen lehen partida; ez nolanahi, gainera, 2-1 galdu baitzuen Saudi Arabiaren aurka. Oraingoa bestela hastea espero du.

Aipatu bezala, Messiren azken Munduko Kopa izango da. Cristiano Ronaldo eta Memo Ochoarekin batera, historian sartuko da. Izan ere, seigarren Munduko Kopa jokatzen ari dira hirurak: inork ez ditu hainbeste jokatu. Aurretik bostekin ziren: Antonio Carbajal (Mexiko), Lothar Matthaus (Alemania), Rafael Marquez (Mexiko), Gianluigi Buffon (Italia) eta Andres Guardado (Mexiko).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE