Futbola

Aritz Elustondok ez du jarraituko Realean

Klubak jakinarazi du ez diola kontratua berrituko atzelari beasaindarrari. 11 denboraldiz aritu da talde txuri-urdinean, eta 310 partida jokatu ditu.

Aritz Elustondo. JON URBE / FOKU
Aritz Elustondo, Espainiako Kopako garaikurra altxatzen, Hondarribiko aireportuan. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko maiatzaren 5a
20:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aritz Elustondok Reala utziko du denboraldia bukatzen denean. Beasaingo (Gipuzkoa) 32 urteko atzelariari sasoi honen bukaeran amaituko zaio kontratua talde txuri-urdinarekin, eta klubak gaur jakinarazi du ez diola hitzarmena berrituko. Beraz, Aritz Elustondok Realeko jokalari izateari utziko dio ekainaren 30ean.

Jokalari beasaindarrak 11 denboraldi egin ditu Realaren lehen taldean. 2015eko urtarrilaren 14an egin zuen estreinakoa, Anoetan, Oviedoren aurka, Espainiako Kopan: 2-0 irabazi zuen Realak. Ligan, berriz, hiru egun geroago debutatu zuen, orduan ere Anoetan, Rayo Vallecanoren aurka. 0-2 galdu zuen Realak. David Moyes eskoziarra zen txuri-urdinen entrenatzailea. Guztira, 310 partida jokatu ditu. Beste lau joka ditzake, denboraldia bukatzeko Realari falta zaizkionak, hain zuzen.  

Aritz Elustondok bi titulu irabazi ditu txuri-urdinez jantzita, bi Espainiako Kopa: lehena, 2021ean, Sevillako Cartuja estadioan (Espainia), Athleticen aurka: 1-0; bigarren titulua, berriz, duela hamazazpi egun eskas irabazi zuen, berriro Cartujan, Atletico Madrilen aurka —penaltietan irabazi zuen Realak, arauzko denboran bina berdindu eta gero—.

Realak oharrean azpimarratu duenez, jokalari beasaindarra «eredu» izan da zelaian eta zelaitik kanpo, baita «kapitain bikaina» ere. Horregatik, eskerrak eman dizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA