ATHLETIC 2-1 MALLORCA

Etenaren aurretik, arnasa

Athleticek ederki sufrituta esan dio agur bolada txarrari. Kontrarioak bana berdidu ondoren, Alejandro Rego gazteak 2-1ekoa sartu du azken minutuetan.

Rego eta Nico Williams, garaipeneko gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Rego eta Nico Williams, garaipeneko gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2025eko urriaren 4a
21:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irabazteak soilik balio zuen, eta Athleticek irabazi egin dio Mallorcari, San Mamesen. Azken sei partidetatik bost galdu eta bat berdindu ondoren, ekaitz betean heldu dira zuri-gorriak gaurko lehiara, eta urrezko hiru puntu eskuratu dituzte. Latz sufrituta, hori bai. Partida hasiera distiratsu baten ondoren, aurrea hartu du Ernesto Valverderen taldeak, Iñaki Williamsek penaltiz egin baitu 1-0ekoa. Oro har, lehen zatian nagusi izan da etxeko taldea, baina bigarrenean indarrak berdindu ditu Mallorcak, eta banakoa ere lortu du azken txanpan. Marmarra nagusitu da harmailetan, alarma gorria piztu da Athleticen, eta unerik kritikoenean harrobiko gazte bat agertu da: Alejandro Rego. Hark sartu du garaipenaren gola, eta, bi asteko etenaren aurretik, arnasa eman dio garaipenak Valverderen multzoari.

Krisia areagotu baino lehen, ezinbestekoa zuen Athleticek hiru puntuak lortzea, eta itsu-itsuan zelairatu da garaipenaren bila. Lehen minutuetan oso nagusi izan dira zuri-gorriak, etengabe Mallorcaren arean ibili baita baloia. Gol aukerak bata bestearen atzetik izan dituzte, baina, aspalditxo honetan bezala, antzu aritu dira ate aurrean. Penaltiz iritsi da 1-0ekoa. Iñaki Williamsi ostikada nabarmena eman dio Mallorcako atzelari batek, eta epaileak penaltia adierazi du jokaldia errepikaturik ikusi eta gero. Williamsek berak hartu du bere gain ardura, eta ez du huts egin. Bost hilabeteko lehorteari agur esan dio.

Golak ez du neurketaren gidoirik aldatu, eta nagusi izaten jarraitu du Athleticek. Ate aurrean azaldutako inspiraziorik eza kezkagarria izan da, hori bai. Nico Serranok batez ere aukera ederrak izan ditu, baina ez du asmatu. Valverdek eman dizkion minutuak ez ditu batere baliatu. Minutuek aurrera egin ahala, lehiari neurria hartu dio Mallorcak, eta bigarren zatian pauso bat eman du aurrera. Neke fisikoa eta psikologikoa agertu zaie etxeko jokalariei, eta goitik behera egin dute nabarmen. Hori gutxi ez, eta Iñaki Williamsek min hartu du 50. minutuan. Zelaia utzi behar izan du, eta Nico anaia zelairatu da haren ordez.

Neke fisikoa agerian

Berean jarraitu du Mallorcak. Berdinketa lor zezakeela sinesten hasi da pixkanaka, eta 77. minutuan jaso du saria. Areaz kanpotik gol ikusgarria egin du Samu Costak. Isiltasunak hartu du San Mames, eta alarma guztiak piztu dira. Susperraldia bilatzeko asmoz, Valverdek Izeta eta Lekue atera ditu, baina aurrez zelairatu den beste batek sartu du 2-1ekoa: Regok. Jokaldi on baten ondoren, Aresok baloi ederra eman dio eskuin hegaletik, eta harrobiko gazteak ez du huts egin, 83. minutuan. Partida bikaina jokatu zuen joan den asteazkenean Dortmunden, eta gaur bere burua aldarrikatu du bilbotarrak. Azken minutuak luze egin zaizkio etxeko taldeari, baina azkenean lortu du hainbeste desiratutako garaipena.

Hiru puntuak eskuratu arren, Valverde jakitun egongo da Athletic ez dagoela sasoirik onenean. Fisikoki ahul daude jokalariak, eta datozen bi asteetako etenaldia baliatuta, zer hobetua izango dute zuri-gorriek. Ligan eta Txapeldunen Ligan duin aritzeko, beste itxura bat eman beharra dauka taldeak.

ATHLETIC. Unai Simon; Areso, Vivian, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta (Lekue, 81. min.), Jauregizar; Nico Serrano (Rego, 62. min.), Guruzeta (Maroan, 62. min.), Robert Navarro (Izeta, 81. min.); eta Iñaki Williams (Nico Williams, 51. min.).

MALLORCA. Leo Roman; Maffeo (Mateo Jaume, 88. min.), Valjent, Raillo, Mojica (Lato, 88. min.); Samu Costa, Morlanes (Antonio Sanchez, 72. min.); Domenech (Llabres, 66. min.), Sergi Darder, Pablo Torre (Joseph, 66. min.); eta Muriqi.

Golak. 1-0: Iñaki Williamsek, penaltiz (8. min.). 1-1: Samu Costak (77. min.). 2-1: Regok (82. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.