Arrangoitzen hasiko dira gaur trinketeko buruz burukoaren finalerdiak

Waltary Bonetbeltxeren aurka ariko da ligaxkako lehen jardunaldian, eta Arizmendi Kurutxarriren kontra

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da buruz buruko trinket txapelketako finalerdietako ligaxka, Arrangoitzeko Ema Hor trinketan (16:00). Lehen jardunaldiko parekatzeak zozketa bidez erabaki zituzten iragan astelehenean, eta Waltary Agusti txapeldunak Herve Bonetbeltxeren aurka ekingo dio bideari. Bigarren partidan Thierry Arizmendik eta Andde Kurutxarrik neurtuko dituzte indarrak. Bi irabazleek Garindainen jokatuko dute gaur zortzi, eta azken jardunaldia Donapaleun jokatuko da, hilaren 20an. Finala 27an izango da, Donibane Garazin.

Waltary da txapela irabazteko faborito bakarra, eta gaur txapelketako ezusteko nagusia izango du aurkari: Bonetbeltxe —Ozafrain kanporatu du (30-24)—. Elite Mailan elkarren aurka jokatuko duten lehen aldia da, eta itsasuiarrak lasai jokatuko duela aitortu du. «Hoberenen aurka jokatzeko pasatu naiz profesionaletara, eta Waltaryren aurka ez dut presiorik. Bera askogatik da faboritoa, eta zaila da estrategia bat eratzea, berak jartzen duelako erritmoa». Iazko profesional eta afizionatu mailako buruz buruko txapeldunak elkartuko dira gaur.

Bigarren partida buruz buru ondo moldatzen diren bi atzelarik jokatuko dute. Thierry Arizmendi goraka ari da urtero, eta Superprestigeko finalera iritsi ondoren, Paxkal Ezkurra kanporatu zuen final-laurdenetan (40-37). Andde Kurutxarri, berriz, aspaldiko partez puntan dago berriz ere, eta Ellande Alfarori nagusitasunez irabazi zion iragan astean (40-13).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.