Arrasatek bigarren aroa hasiko du bihar

Osasunak Racing hartuko du Sadarren, eta Alaves eta Reala etxetik kanpo arituko dira: arabarrak Celtaren aurka, eta txuri-urdinak Malagaren zelaian.

Jagoba Arrasate bere aurkezpen prentsaurrekoan, asteartean. IÑIGO URIZ / FOKU
Jagoba Arrasate bere aurkezpen prentsaurrekoan, asteartean. IÑIGO URIZ / FOKU
Oier Zumarraga
2026ko urriaren 17a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jagoba Arrasate 2024ko maiatzaren 25ean eseri zen azken aldiz Osasunaren aulkian. Bihar berriro egingo du, eta, hala, bigarren aroa hasi gorritxoekin. Berriatuko entrenatzaileak Luis Miguel Ramis ordezkatu du, eta Racing izango du lehen aurkaria (14:00, Movistar Plus). Betisen aurka galdu ondoren hartu zuen Osasunak entrenatzailea aldatzeko erabakia. Zortzi jardunalditan zortzi puntu lortu ditu taldeak, eta azken bost partidetako bakar bat ere irabazi ez. Racingek ere zortzi puntu ditu, eta berdindu egin zuen azken jardunaldian, Valentziaren aurka.

Arrasatek oso denbora gutxi izan du partida prestatzeko, baina ondo ezagutzen ditu kluba eta jokalari asko. Egungo multzoko hamabost futbolarirekin aritu zen aurreko aldian. Defentsan arazo nabarmenak dituen talde bat hartu du. Osasunari hamasei gol sartu dizkiote galdu dituen azken lau partidetan, nahiz eta Ramisen joko proposamenaren oinarrietako bat atzean sendo aritzea izan. Erasoan ere arazoak izan ditu taldeak, batez ere aukerak sortzeko eta aurkariaren arean arriskutsu aritzeko. Gainera, jokalari garrantzitsuak falta zaizkio. Aimar Oroz min hartuta dago, eta haren hutsunea asko nabaritzen da erasoan. Jorge Herrando eta Romain Del Castillo ere ez daude jokatzeko moduan. Hala, Osasunak hainbat jokalari falta dituela hartuko du Racing Sadarren; baita azken bost jardunaldietan pilatutako emaitza txarrak atzean utzi eta taldearen egoerari buelta emateko asmoz ere.

Arrasatek hau adierazi du bere itzuleraz eta biharko partidaz: «Jokalari askok badakite nola entrenatzen dugun, zer eskatzen dugun; gauza batzuk aldatu dira, baina oso gustura nago izandako harrerarekin. Prest gaude».

Alaves, bolada txarra eten nahian

Alavesek, berriz, bikain hasi du liga, baina azken lau jardunaldietan puntu bakarra eskuratu du. Bada, bolada hori eten nahi du bihar Celtaren zelaian (16:15). Quique Sanchez Floresen taldeak era mingarrian galdu zuen azken jardunaldian, Atletico Madrilek azken orduan sartutako gol baten ondorioz (1-2). Iganderako, gainera, Angel Perez falta zaio, partida hartan txartel gorria atera baitzioten. Garces eta Mikel Rodriguez ere ez daude jokatzeko moduan, min hartuta baitaude.

Hasierako jardunaldietan erakutsitako sendotasuna galdu du Alavesek azken partidetan, eta emaitzek ere ez diote lagundu: azken hamabi puntuetatik bakarra eskuratu du. Hala ere, denboraldi hasierako garaipenei esker, sailkapeneko goiko postuetan eusten dio, jaitsiera postuetatik urrun.

Quique Sanchez Floresek adierazi du taldea lasai dagoela: «Ez dugu premiarik. Partida guztietan gauzak ongi egiteko eta puntuak biltzeko asmoz zelairatzen gara». Esan duenez, «erasoko jokoan» jarri behar dute arreta. Izan ere, defentsan sendo dabilen talde bat izango dute aurrez aurre: Celta. Claudio Giraldezek zuzentzen duen taldeari sei gol baino ez dizkiote sartu zortzi jardunalditan, ligako beste edozeini baino gutxiago, baina arazoak ditu erasoan: zortzi gol sartu ditu, eta partida bakarra irabazi. Gainera, ostegunean galdu egin zuen Juventusen aurka Europa ligan (1-2), azken orduan aurkariak gola sartuta. Gasteiztarrek oroitzapen onak dituzte Balaidosen: joan den denboraldian, 3-0 galtzen hasi, eta 3-4 irabazi zuten han. Garaipen hark berebiziko garrantzia izan zuen mailari eusteko lehian.

Reala, oreka bila

Reala izango da lehiatzen azkena. Malagaren zelaian jokatuko du, igandean (18:30, DAZN), ligako azken jardunaldiko joerari segida emateko asmoz, irabazi egin baitzuen Deportivoren aurka. Pellegrino Matarazzoren taldea defentsako hutsuneak zuzendu ezinik dabil. Deportivoren aurka 3-0 aurreratu zen, baina azkenean estu irabazi (3-2). Erasoan aukera ugari sortzen ditu, baina aurkariei ere erraztasunak ematen dizkie gola sartzeko.

Realak eskura izan zuen garaipena ostegunean ere, Union Saint-Gilloiseren zelaian, Europa ligan. Beñat Turrientesek aurretik jarri zuen taldea bigarren zatia hasi eta berehala, baina etxekoek 87. minutuan berdindu zuten markagailua (1-1). Txuri-urdinei argitasuna eta abiadura falta izan zitzaizkien erasoan, eta bi jardunalditan puntu bakarra bildu dute Europan. Matarazzok bost aldaketa egin zituen hamaikakoan, eta bihar ere jokalarien nekea hartu beharko du kontuan hamaikakoa osatzeko. Pablo Marin zigortuta dago, eta Jon Mikel Aramburu, Yangel Herrera, Alvaro Odriozola eta Luken Beitia min hartuta daude.

Malaga da Lehen Mailan partidarik irabazi ez duen talde bakarra, eta sailkapeneko azken postuan dago, lau puntu batuta. Juanfran Funesen taldeak lau gol baino ez ditu sartu zortzi partidatan, eta aurkariek hamahiru sartu dizkiote. La Rosaledan jokatutako lau neurketetatik hirutan berdindu egin du. 

Matarazzo: «Alde batera utzi behar dugu Malagak orain arte zenbat puntu lortu dituen, Lehen Mailako taldea baita hala ere. Eta haren estadioak indar handia du. Dena eman eta ondo aritu behar dugu hiru puntuak lortzeko. Hori da garrantzitsuena».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA