Arrauna

Arraun Lagunak Castron ere nagusitu da

Ligako laugarren bandera irabazi du taldeak Castron, erakustaldia emanez. San Juan eta Orio sailkatu dira ondoren, hurrenez hurren: irabazleak baino 24 segundo gehiago behar izan dituzte.

Arraun Lagunak. AITOR ARRIZABALAGA
Arraun Lagunak traineruko arraunlariak, garaipena ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA
2026ko uztailaren 11
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erakustaldiak bata bestearen atzetik egiten ari da Arraun Lagunak. Gaur ere halaxe egin du, Castro-Urdialesen (Espainia). Hasieratik hautsi du estropada Lugañene ontziak, eta ez du aurkaririk izan. Horrenbestez, ligako laugarren bandera irabazi du Donostiako traineruak, eta sailkapenean lidergoa indartuz dabil astez aste. Bigarren eta hirugarren postuan San Juan eta Orio izan dira hurrenez hurren, 24 segundora helmugaratuz. 

Estropada exijentea izan da patroientzat. Itsasoa harro zegoen, eta kale guztietan bazegoen kukuak oker jotzeko arriskuren bat. Txanda hausteaz gain, ziabogan ondo aritu dira Donostiakoak, eta hori gakoa izan da itzulikoan erlojuaren aurka baleude bezala aritzeko. «Espero baino itsaso txarragoa zegoen. Hala ere, ongi moldatu gara», esan du Nagore Osoro Arraun Lagunak-eko patroiak, estropada bukatu berritan.

Tolosaldea, Astillero eta Hibaikarentzat ez da estropada erraza izan. Ziaboga eman dutenerako, urrun zuten Arraun Lagunak-eko ontzia, eta, gainera, hirurei ihes egin die traineruak ziaboga emateko orduan. Ondorioz, baldintzatuta aritu dira itzulikoan. Gainera, Astillero, ontzia okertu, eta Hibaika abordatzekotan izan da. Tolosaldea zen denboraldi hasieran Arraun Lagunak-en aurkari nagusia, baina Madrilen lehen estropadan eta Castron gaur urrun aritu da bere mailatik. 

Lehenengo txanda eroa

Lehen txandan, San Juanek egin du denborarik onena. Oriorekin batera sartu bada ere, Batelerak ontzia nagusi izan da. Lau traineruetatik hirurentzat zapore gozoarekin amaitu da estropada. Txandako lau traineruei kosta egin zaie hasieratik ontzia zuzen eramatea, eta istriborrerako joera hartu dute etengabe. San Juanek eta Oriok berehala hartu dute burua, eta lehen luzean bata bestearen parean joan dira.

Ziabogarako 500 metro falta zirela, putzu sakon batean sartu da une batez San Juan, eta hor hiru segundoren aldea atera dio Oriori. Ziabogan baina, Maialen Arrazolari kukuak oker jo dio; izan ere, arraun motza hartu duenean traineruan ura sartu da eta arraunak ihes egin dio. 

Horrek itzulikoan bi ontziak berriro parean jartzea eragin du. Orduan, guztiek izan dituzte momentu kritikoak. Lau ontziek istriborraren bila jo dute behin eta berriro, eta batzuetan ontzia okertu eta abordatzeko arriskua ere izan da. Bazirudien San Juanek aldea atera eta irabazi behar zuela txanda, baina Oriok olatu ona hartu du, eta azkenera arte parean joan dira biak. Azken unean, Batelerak ontzia apur bat aurreratuago sartu bada ere, Oriok olatu ona harrapatu eta txanda irabazteko zorian izan da. Epaileek amaiera telebistan ikusi ostean, San Juan lehenago sartu dela ebatzi dute, eta horrela erabaki da txanda. 

Bihar, Orion (Gipuzkoa) jokatuko da estropada (11:25, ETB1), eta traineruek Arraun Lagunak-i lehenengo bandera ostea izango dute xede. Zaila dirudi, orain arte oso nagusi ari baita. 

HONDARRIBIAK CAMARGON IRABAZI DU, ETE LIGAN

ETE ligan, Hondarribiak irabazi egin du gaur Camargon (Espainia). Berriz ere, hondarribiarrek oso lehia estua izan dute Zarautzekin, eta hiru segundo erdi eskasengatik irabazi diete. Atzetik aurrera egin du Hondarribiak, ziabogan bosgarren izan baita. Baina ikusgarri aritu da itzulikoan, eta sasoiko hirugarren garaipena lortu. Kaiku izan da hirugarren, zortzi segundora. Sailkapen nagusian, Hondarribiak puntu bat ateratzen dio Zarautzi. 

KAE 1 ligan, berriz, Zarautz nagusitu da Orion (Gipuzkoa). Deustu sailkatu da bigarren, eta, horri esker, puntu batengatik eutsi dio lidergoari. 

Azkenik, KAE2 ligan, Castrok lidergoa sendotu du, Camargon irabazita. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA