Atzoko abantailarik gabe, baina beste garaipen bat poltsikoratu du Arraun Lagunak-ek. Lekeition (Bizkaia) jokatu dute Euskotren Ligako hamargarren jardunaldia, eta donostiarrek biribildu egin dute asteburu bikaina. Atzora arte Oriorekin berdinduta zeuden sailkapen nagusian, baina orain bost punturen aldea dute, eta bi bandera gehiago ere bai zakuan.
Atzo Hondarribian (Gipuzkoa) bosgarren izan zenez, Orio lehen txandan lehiatu da gaur. Aise gailendu zaie parean izan dituen aurkariei: Donostiarrari hemezortzi segundo atera dizkio, eta ia parean helmugaratu diren biei, Hondarribiari eta Hibaikari, hogeina.
Lehia, ordea, hurrengo txandako oilarrekin zuten. Oriok egin bezala, Arraun Lagunak-ek lehen txanpatik utzi ditu atzean aurkariak. Ziabogara iristerako, sei segundoren aldea ateratzen zion Tolosaldeari. GPSak, une oro, San Nikolas eta Lugañene ia parean zirela markatzen zuen, baina azkenean donostiarrentzat izan da saria, 66 ehunenen aldea lortu baitute. Oriok erakutsi du atzokoa salbuespena izan zela, baina ez da nahikoa izan bandera irabazteko.
Bost puntu
Gainontzean, Tolosaldea izan da hirugarren, Zumaia laugarren, lehen txandako Donostiarra, Hondarribia eta Hibaika jarraian, eta Astillero azken postuan.
Sailkapen nagusian, berriz, Arraun Lagunak-ek 73 puntu ditu, Oriok baino bost gehiago. Tolosaldeak 63 ditu, eta estu dago kontua gainontzekoen artean: laugarrenak, Zumaiak, 38 ditu, eta azkenak, Donostiarrak, 24.