Ohorezko txanda estu-estu egon da hasi eta ia bukaerara arte; amaieran, ordea, Arraun Lagunak-ek egoera irauli du: hamar segundoren aldea lortu du Zarauzko (Gipuzkoa) estropadako lehen jardunaldian, eta bideratuta utzi du bihar bandera lortzeko aukera. Tolosaldea asko hurbildu zaie donostiarrei, baina ez du haien denbora hobetzea lortu. Orio 22 segundora heldu da, eta hirugarren postuan kokatu.
Zarauzko itsasoko eremua ez da zakar ibili gaur. Itsasoa ez zegoen erabat bare, baina olatua txikia izan da, eta haizeak indar gutxi zeukan. Halere, kosta egin zaie Euskotren ligako ohorezko txandako estropadari hasiera ematea, patroiei ontziak alde batetik bestera mugitzen baitzitzaizkien, eta arazoak izan baitituzte zuzen jartzeko.
Halere, hasi eta berehala erakutsi dute muturra Arraun Lagunak-ek eta Oriok. Donostiarrek aurretik egin dute luzea, gutxigatik, eta segundo bat atzetik aritu dira Tolosaldea eta Orio, batzuetan tolosarrak aurretik zirela eta besteetan oriotarrak. Momenturen batean Zerkausia ontzia lehena ere izan da.
Oso parean heldu dira ziabogara, baina segundo pare bat lehenago atera dira donostiarrak. Orio, berriz, bederatzi segundora heldu da, denbora dezente galduta lehen luzeko azken metroetan. Hori dela eta, estropada aurrera joan ahala, Joana Halzuet Arraun Lagunak-eko patroiak ez die Tolosaldearen erreferentziarik eman bere arraunlariei, Oriorenak baizik. «11 segundo Oriori», egin du oihu, jakin bai baitaki horiak direla puntuetan haien aurkari zuzenak.
Itzulerako luzea ere antzera hasi dute; ez, ordea, bukatu. Arraun Lagunak-ek ziztu bizian egin du itzulia, eta Tolosaldeari hamar segundoren aldea atera dio helmugan. Tolosarrek itsas zabalean egin ohi dituzte estropadarik onenak, eta hala egin dute gaur ere, Zarauzko eremuan.
Oriotarrek ez dute lehen jardunaldi ona izan; biharkoan 22 segundo errekuperatu beharko dituzte bandera irabazi nahi badute. Zumaiarrekin lehia handiagoa izan dute aurreko biekin baino. Saregileak ontzikoak 24 segundo geroago heldu dira, oriotarrak baino bi segundo atzerago.
Lugañene ontzikoek ez dute beti bezala ospatu garaipena, eta banderarik ere ez dute jaso. Dena dela, Halzuetek adierazi du «lasaiago» daudela biharko: «Bideratuta utzi dugu, baina edozer gerta liteke; pozik, segundo hauek lortu ditugulako».
Salbatzeko beharrean
Pare-parean atera dira lehen txandako lau ontziak, baina Donostiarra eta Astillero aurreratu dira segituan, eta denbora berean heldu dira ziabogara. Hibaikak lau segundo gehiago behar izan ditu. Hondarribia, berriz, bi traineru bete atzerago heldu da, eta are gehiago handitu da tarte hori estropadaren lehen erdian.
Itzulerako luzea askoz ere aldakorragoa izan da, tarteak txikitu egin baitituzte atzetik zetozenek. Hibaikak aurrea hartu dio Astillerori zenbaitetan. Ika-mika ibili dira. Hondarribia hamar segundo atzetik ibili da, baina gero buelta eman dio estropadari, eta Hibaika eta Astillero aurreratu ditu. Amaierarako, baina, hemezortzi ehunenengatik hirugarren heldu da Hondarribia, kantabriarren atzetik. Hibaikak egin du estropadarik apalena, lau segundo geroago heldu baita.
Donostiarrak eta Hondarribiak estropada bera baino gehiago zuten gaur jokoan: ezinbestekoa zitzaien puntuak biltzea, zuzenean mailaz ez jaisteko. Biak ala biak saiatu dira lanak ondo egiten. Donostiarrak argi zeukan hori, eta estropadaren buruan egin du lehen luze osoa. Hondarribia, berriz, azkena izan ondoren bigarren ere izan da, nahiz eta, azkenean, Astillerok aurrea hartu dion. Hori dela eta, gaur Donostiarrak bi punturen aldea atera dio Hondarribiari, eta aurreratu egin du sailkapen nagusian.
Argi dago Zarauzkoa bandera preziatua dela, baina, hura lortzeko bi eguneko ahalegina egin behar denez, bihar leku berean elkartuko dira traineruak. Bi jardunaldietako denborak batuta, azkarren egiten duenari emango diote bandera bihar; Arraun Lagunak-ek, beraz, bandera etxeratzeko lan asko aurreratu du gaur.
SAILKAPENAK
Zarauzko banderako lehen jardunaldia
1. Arraun Lagunak 10.36,14
2. Tolosaldea 10,52ra
3. Orio 22,74ra
4. Zumaia 24,90era
5. Donostiarra 25,34ra
6. Astillero 28,00ra
7. Hondarribia 28,18ra
8. Hibaika 29,72ra
Sailkapen orokorra
1. Arraun Lagunak 97 pt.
2. Orio 87 pt.
3. Tolosaldea 83 pt.
4. Zumaia 53 pt.
5. Hibaika 41 pt.
6. Astillero 41 pt.
7. Donostiarra 34 pt.
8. Hondarribia 32 pt.