Arraun Lagunak-eko patroiak banderak astintzera ohituta daude dagoeneko, baina zapore berezia izan du gaur Pasai Donibanen astindutakoak (Gipuzkoa). Bandera irabazteaz gain matematikoki liga irabaztea ere lortu baitu Lugañene ontziak, hiru estropadaren faltan. Gogoz eta kantuan ospatu dute, eta irribarretsu hitz egin du Xubane Uribarrena arraunlariak estropada bukatutakoan: «Eremu exijentea da, baina taldeak konfiantza du, eta hasieratik bukaerara asko disfrutatu dugu. Sufritu ere bai, baina oso gustura gaude emaitzarekin. Irabaztera eta aurreko urteko denbora hobetzera atera gara».
Historian bosgarren aldiz irabazi dute liga donostiarrek, eta laugarrenez erreskadan. «Nork esango zigun batelerak berdinduko genituela», esan du Uribarrenak. Hori ere lortu baitute. Bost liga irabazi dituzte, eta San Juan berdindu.Â
Sasoi honetan ez dute aurkaririk izan. Orain arte jokatutako estropada guztietan izan dira azkarrenak, eta hamahiru bandera irabazi dituzte dagoeneko. Gainera, irabazi gosez segitzen dute, eta, txapeldun badira ere, denboraldia ez da amaitu. Orain arte inork egin ez duena lor dezakete: ligako estropada guztiak irabaztea. Eta, dudarik gabe, marka hausteko bidean dira.
Gaur Pasai Donibanen jokatutako estropadan, erraz nagusitu dira. Erlojuaren aurka egin dute arraun, eta Arraun Lagunak hasi eta buka izan da nagusi. Zortzi segundo atera dizkio bigarrenari, Tolosaldeari, eta hamalau hirugarrenari, Oriori. Iaz lehiatu ziren lehenengoz estropada eremu horretan. Orduan ere Lugañene traineruak irabazi zuen, baina gaurkoan aise hobetu dute denbora: 11 segundo azkarrago egin dute arraun, eta marka berria ezarri: 10.27,66.
Zumaia, pattal
Bestalde, Orio hirugarren sailkatuaren eta Donostiarra zazpigarrenaren artean bi segundoren aldea baino ez da izan. Hibaikak egin du laugarren, Astillerok bosgarren, eta San Juanek seigarren. Etxekoak ez dira nahi bezain fin aritu. Ezta Zumaia ere. Alde handiz bukatu du azken postuan, eta korapilatzen ari zaio denboraldia.Â
Argi zegoen liga nork irabaziko zuen. Dena den, saltsa eta emozio gehiago dago behean. Lehian ari dira Zumaia eta Donostiarra. Gaurkoan, luze egin du arraun Donostiarrak, eta askoz palakada gehiago eman ditu Zumaiak. Baina, hasieran, denboretan antzeko aritu dira biak. Azkarrago donostiarrak. Ziabogan, bi segundoren aldea zuten, Bantxa traineruaren alde.
Hala ere, zumaiarrek ez dute asmatu maniobran, eta denbora apur bat galdu dute. Eta itzulerako luzean ez dira ondo aritu. Donostiarrak aldea handitzea lortu du, eta, azkenerako, zortzi segundoren aldea atera die saregileei. Zumaiarren kontsolamendurako, gainontzeko traineru guztiek lortu dute Donostiarraren denbora hobetzea, eta, beraz, Zumaia baino puntu bat gehiago baino ez dute lortu.Â
Gutxi falta da liga bukatzeko, eta 24 puntu baino ez daude jokoan. Oraintxe, 29 ditu Zumaiak, eta 36 Donostiarrak. Azken sailkatuak maila galduko du, eta azken-aurrekoak kanporaketak jokatu beharko ditu. Zumaia saiatuko da azken postu horretatik ihes egiten, baina ez du lan erraza izango. Bihar itsasoan lehiatuko dira ontziak, Getarian (11:25, ETB1).
Castro nagusitu da KAE 2 ligan, alde handiz
Bukatu da KAE 2 liga, eta azken estropada ere nagusitasunez irabazi du Castrok, etxean. Ligan jokatutako hamalau estropadetatik 11 irabazi dituzte. Kantabriako taldeak lehen jardunaldian hartu zuen lidergoa, eta bukaerara arte eutsi dio. Bigarren Camargo izan da, eta, azkena, Lutxana. KAE 1 ligan, berriz, Zarautz izan da azkarrena Castron. Deustu sailkatu da bigarren, eta Zumaia hirugarren. Sailkapenean, lider da Deustu, eta bi puntu ateratzen dizkio Zarautzi. ETE ligan ere Zarautzek irabazi du Castron, Hondarribiaren aurretik. Sailkapenean bi punturen aldea dute hondarribiarrek zarauztarrekiko.
Â