Denbora kontua zen, eta iritsi da: beste behin, Arraun Lagunak-ek irabazi du Euskotren liga, hirugarrena jarraian. Lugañene ontzia izan da azkarrena Ondarroan (Bizkaia), eta, estropada baten faltan, matematikoki poltsikoratu du liga.
Iaz marka guztiak hautsi zituen Donostiako taldeak, bandera guztiak lortuta; aurkariek gehiago estutu dute aurten, zerbait esatearren. Tolosaldea eta Orio tarteka gai izan dira Juan Mari Etxabek zuzentzen duen taldeari hortzak erakusteko —gaur bertan Zerkausia, esaterako—, baina berriro ere nagusitasunez eskuratu du lehen postua Arraun Lagunak-ek. Pozaren pozez ospatu dute arraunlariek; ez da gutxiagorako. Historian laugarren aldiz irabazi dute liga donostiarrek, eta hirugarrenez segidan —2022an, Oriok amaitu zuen lider; Arraun Lagunak bigarrena izan zen—.
Gainera, beste bandera bat irabazita borobildu du liga. Lau puntu lortzea nahikoa zuen lidergoa ziurtatzeko, baina irabazi gosez segitzen dute Lugañene traineruko arraunlariek. 11 bandera astindu ditu Donostiako taldeak, eta bihar hamabigarrena irabazteko aukera izango du. Oriok bi irabazi ditu oraingoz, eta Tolosaldeak, bat.
Dena dela, Zerkausia ontziak gertu izan du gaur bigarren garaipena. Tolosaldeak sailkapenaren burua hartu du lehen luzean, eta tarte polita atera die Arraun Lagunak-i eta Oriori: traineru bat, alegia. Alde horrekin eman dute ziaboga. Bigarren luzean, baina, Lugañene ontziak estutu egin du, eta Tolosaldeak ez dio eutsi aldeari. Azkeneraino bandera irabazteko lehia gogorra izan dute bi traineruek. Azkenean, Arraun Lagunak izan da azkarrena, gutxigatik: 44 ehunenen aldeagatik.
Hirugarren ere ibili da tarte batez liderra, baina suspertu egin da gero. Hirugarren Orio izan da, eta laugarren Zumaia. Saregileak ontzia hasiera samarretik geratu da atzean.
Hondarribia, larri
Txanponaren beste aldea Hondarribiak bizi izan du: Ama Guadalupekoa ontziak ia ezinezkoa du mailari eustea; mirari bat beharko luke. Estropada baten faltan, lau puntura du Donostiarra, zazpigarren sailkatua.
Gainera, burumakur amaitu dute gaur. Ondo hasi dira, baina ez dute nahi bezala amaitu. Haien aurretik izan da Bantxa. Seigarren amaitu du Donostiarrak, eta zazpigarren Hondarribiak.
Pare-parean egin dituzte hasierako metroak lehen txandako ontziek, eta halaxe bukatu dute, estu; bi segundoren aldea baino ez da izan lau traineruen artean. Lehia ikusgarria izan dute Astillerok, Donostiarrak, Hondarribiak eta Hibaikak. Ia joan-etorri osoan Madalen ontzia joan da buruan, baina bukaeran aurkariek harrapatu eta aurreratu egin dituzte.
Hondarribiak hartu du, nolanahi ere, kolpe handiena. Ziaboga bigarren eman du, eta, handik ateratakoan, tartea atera die Donostiarrari eta Astillerori. Une batez, bost segundo inguruko aldea ere izan dute. Pixkanaka, baina suspertu egin dira Bantxa eta Galiziako trainerua.
Inork ez zuen espero jarraian gertatuko zena. Atzetik aurrera egin, eta txanda irabazi du Astillerok, bigarren Donostiarra izan da, hirugarren Hondarribia, eta azkena Hibaika.
Hala esan du Nicole Maroño Donostiarrako patroiak: «Oso gustura gaude. Lehen luzean ez dugu gure arraun modua egin; bigarrengoan gehiago estutu dugu; erosoago aritu gara. Nolanahi ere, lortutakoak ez dira lasai egoteko puntu nahikoa». Matematikoki, oraindik posible da Hondarribiak Donostiarra aurreratzea, baina ia ezinezkoa da egiazki. Bost punturen aldea kendu beharko lioke bihar, Euskotren ligako azken estropadan. Getarian jokatuko da (11:20). Hibaika seigarren sailkatua, berriz, sei puntura du Donostiarrak. Dena den, bihar zehaztuko da.
Zarautzek irabazi du ETE liga
ETE ligako traineruek gaur jokatu dute azken estropada, eta, beraz, zehaztuta geratu da sailkapena: Zarautzek amaitu du lider, eta San Juan izan da bigarren. Puntu baten aldeaz baino ez dira nagusitu zarauztarrak: 126 bildu dituzte, eta San Juanek 125. Dena dela, ligako azken bandera Batelerak ontziak irabazi du, gaur, Bilbon. Erlojupekoa jokatu dute, eta San Juan izan da azkarrena, gutxigatik: 25 ehunenen aldea atera dio Zarautzi. Ligan izan duten norgehiagoka estuaren erakusgarri da gaurko lehia. Bi ontziek jokatuko dituzte kanporaketa estropadak.
KAE1 ligan, berriz, Zumaia izan da ontzirik azkarrena gaur, Bilbon, ezustekoa emanda. Bihar jokatuko dute ligako azken estropada, Castron (16:00). Ziurra da nork amaituko duen lider: Santurtzik. Hasi eta buka, nagusi izan da Sotera. Jakina da, era berean, zer taldek amaituko duen bigarren: Arkotek. Beraz, kanporaketa estropadak jokatuko ditu Plentziako (Bizkaia) taldeak ere.