Beste urrats bat, beste arraunkada sendo bat. Arraun Lagunak-ek astindu du bandera Galiziako uretan jokatutako lehen estropadan, Pobra do Caramiñalen. Hala, beste pauso bat eman du Euskotren liga irabazteko lehian. Tolosaldea izan da bigarren, eta Orio hirugarren.
Sailkapenaren goialdean geroz eta argiago daude kontuak; iaz baino estuago, baina nahiko bideratuta. Argi dago Arraun Lagunak-ek, Oriok eta Tolosaldeak beteko dituztela lehen hiru postuak. Bakoitza non, ikusi beharko, baina litekeena da sasoi amaierara arte hurrenkera horri eustea.
Gaur, ohorezko txandan, Arraun Lagunak-ek aurrea hartu du segituan, nahiz eta diferentzia txikia izan. Maniobrari ekitean, segundo bakar batera zituen Orio eta Tolosaldea. Eta handik ateratakoan ere, berdintsu, hiru ontziak segundo bat edo biko tartean ziren. Bigarren luzean, ordea, Orio atzean geratzen hasi da; San Nikolas ontzikoek sufritu egin dute hor. Bigarren maniobra egin ostean, berriz, Tolosaldea izan da Donostiako taldeak ezarritako erritmoari eutsi ezin izan diona.
Liderrak bideratuta zeukan estropada, eta garaipenak ez dio ihes egin. Tolosaldeak bigarren egin du azkenean, bost segundora, eta Oriok hirugarren, segundo bat beranduago helmugaratuta.
Estropada amaitzean, gustura hitz egin du Itziar Eguren Arraun Lagunak-eko presidenteak: «Estropada gogorra izan da, eremu ezezagun batean eta bero handiarekin jokatu baita. Indar proba bat zen, eta gure neskak indartsu dabiltza». Hain zuzen, traineruak lehen aldiz aritu dira Galiziako estropada eremu horretan.
Donostiarraren kolpea
Saltsa, urduritasuna eta kezka, sailkapenaren behealdean nabari dira. Oraintxe, Donostiarra dago azken postuan, baina gaur argi utzi du oraindik ez duela esan azken hitza. Astindua eman diete sailkapenari eta aurkariei, eta sua piztu, Bantxa ontziak irabazi baitu lehen txanda. Gertu izan du Zumaia ere, zeina ohorezko txandan lehiatu baita; azkenean, Saregileak ontzikoak segundo bat azkarrago helmugaratu dira.
Hala ere, Donostiarra taldeak kolpea eman du gaur. Denboraldia aurrera joan ahala, geroz eta hobeto ari da, eta itxura ona eman du Galizian. Konfiantza hartzeko balio izango die.
Lehen txandaren hasieran, Hibaikak hartu du estropadaren burua, baina segundo gutxiren aldea izanda. Donostiarrarekin batera eman du lehen ziaboga, eta bigarren luzean hautsi dute txanda bi taldeek. Donostiarrak aurrea hartu dio Hibaikari, gainera; Bantxa ontzikoek hiru segundo lehenago eman dute bigarren ziaboga, eta azken luzean, aldeari eutsi soilik ez, handitu ere egin dute. Azkenean, Madalen ontzikoek baino bost segundo azkarrago amaitu dituzte lanak.
Atzerago, Hondarribiak eta Astillerok lehia estua izan dute. Azkenean, kantabriarrak hogei ehunen lehenago helmugaratu dira, eta Ama Guadalupekoa izan da ontzirik makalena.
Horiek horrela, Donostiarrak hiru puntu garrantzitsu jan dizkio gaur Hondarribiko ontziari sailkapen nagusian. Azken postuan daude oraindik, baina Hondarribia puntu bakarrera dute orain. Astillerok sei puntu gehiago ditu.
Bihar ere Galizian jokatuko dute estropada, Boiron (11:25). Ohiko lan saioa izango da. Bi luze egin beharko dituzte, eta ziaboga bat eman. Arraun Lagunak-ek zakua beteta itzuli nahiko du. Gainerakoek, berriz, ahalegina egingo dute halakorik gerta ez dadin. Zumaia hiru talde sendoenen atzetik dabil, eta lan ona egiten ari da. Bihar ere, ohorezko txandan egingo du arraun.
ZARAUTZEK ETA SANTURTZIK IRABAZI DUTE CAMARGON
Camargon (Espainia) jokatu dute gaur estropada ETE eta KAE 1 ligetako traineruek. Emakumezkoetan, Zarautz izan da ontzirik azkarrena. San Juanek, bigarren sailkatuak, lau segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko. Dezenteko aldea atera die gainerakoei. Gipuzkoako bi taldeek lehia estua dute sailkapen nagusian.
Gizonezkoetan, berriz, Santurtzi da liderra, eta ez du huts egin, nagusitasunez irabazi baitu berriro. Ia zazpi segundo atera dizkio bigarrenari, Arkoteri. Sailkapen nagusian ere hurrenkera horretan daude bi traineru horiek.
Bestalde, KAE 2 ligakoek Erandion (Bizkaia) neurtu dituzte indarrak, eta Orio B gailendu da, Hibaikaren aurretik: bost segundo pasatxo atera dizkio. Sailkapen nagusian ere Orio B da lider, eta Hibaika bigarren. ETE ligakoak festa giroan lehiatuko dira bihar, Gipuzkoako hiriburuan baitute estropada, Donostiako Aste Nagusia hasi eta biharamunean; 17:30ean ekingo diote.