Lehen igandean bideratu, eta bigarrenean errematatu. Arraun Lagunak-ek irabazi du Kontxako Bandera, aise. Lugañene ontziak etxeko lanak ondo eginda utzi zituen pasa den astean: bederatzi segundoren aldea atera zion bigarren sailkatuari, Tolosaldeari. Beraz, esku-eskura zuen bandera, eta, lehia erabakigarrian, ez du huts egin. Nagusi izan da bigarren igandean ere, eta merezita lortu du Kontxako Bandera. Laugarrenez jarraian irabazi dute, eta historian bosgarrena dute.
Estropada hasi eta gutxira jarri da aurretik Arraun Lagunak. Zerbait oso-oso arraroa gertatu behar luke Lugañene ontziak Kontxa ez irabazteko. Eta ez da gertatu. «Segi horrela», egin du oihu Nagore Osoro patroiak ziabogara iritsi aurretik, eta arraunlariek jaramon egin diote. Arraun Lagunak-en atzetik San Juanek egin du maniobra. Eta, hain justu, Batelerak ontziak estutu egin du Lugañene ziaboga eman eta gero. Bi segundora ere jarri dira une batean. Hala ere, askotan demostratu bezala, Arraun Lagunak da talde indartsuena, eta ez dio utzi San Juani ezustekoa ematen. Erritmoa bizitu, eta aurrera egin du.
«Zorionak» esan die Osorok arraunlariei azken paladak ematen ari zirela, dagoeneko txapeldun zirela jakitun. Eta «goazen Arraun txapeldun» kantatuz ospatu dute garaipena. Hala esan du Xubane Uribarrena arraunlariak: «Kontxa bat irabaztearekin amesten genuen, eta bosgarrena lortu dugu».
Bigarren San Juanek egin du. Arraun Lagunak baino hamar segundo gehiago behar izan ditu gaur lanak amaitzeko. Hirugarren Tolosaldeak amaitu du, hamabost segundora, eta, laugarren, Astillerok, hamasei segundora. Horiek horrela, sailkapen nagusiari dagokionez, San Juanek aurrea hartu dio Tolosaldeari, eta bigarren amaitu du. Lan bikaina egin dute batelerek.Â
Lehen txandari dagokionez, Hibaika izan da gaur nagusi. Estropada oso ona egin du Madalen ontziak, eta alde handiz nagusitu da. Indartsu irten da hasieratik, eta aurretik jarri. Ziabogan denbora apur galdu du, baina berehala hartu du berriro aurrea, eta aldea handitzen joan da. Azkenean, aurkariak baino bederatzi segundo azkarrago bukatu ditu lanak.
Bestalde, Donostiarrak, Oriok eta Zarautzek lehia estua izan dute. Pare-parean egin dute arraun minutu luzez, eta batera eman dute ziaboga. Itzulerako luzean, baina, Zarautz zertxobait atzean geratu da. Donostiarra helmugaratu da azkenean Hibaikaren atzetik, eta Orio segidan, 34 ehunen eskasera. Bi segundo gehiago behar izan ditu Zarautzek.
Bi igandeetako denborak aintzat hartuta, Zarautzek bukatu du azken postuan, baina lehiakor aritu da. Kanporaketetan lanak emateko prest daudela erakutsi dute.
Meritu handiko sasoia
Den-dena irabazi du aurten Arraun Lagunak-ek, literalki. Euskotren ligako estropada guztiak irabazi zituen, eta Kontxako Banderan ere nagusitasunez gailendu da. Meritu handiko sasoia egin dute, eta segida eman diote azken urteetako nagusitasunari. Hala esan zuen Juan Mari Etxabe entrenatzaileak liga irabazitakoan: «Arraunlariek aurrera jarraitzeko eta historian arrastoa uzteko gogoa zuten». Bada, estropadaz estropada, horretan ari dira.Â
Arraunlariek bezala, zaleek ere gogoz ospatu dute garaipena. Kontxa zerbait bada, emozioa baita. Goizean goizetik hasi da jende andana biltzen Kontxa inguruan, eta kolore ugariz zipriztindu dira inguruak. Kamiseta txuriak, urdinak, txuri-urdinak, horiak, arrosak... denetik zeuden. Txaranga ere goiz hasi da giroa berotzen. Zaleak prest zeuden estropadarako, eta arraunlariek tamainako ikuskizuna eman dute.Â
Bigarren igandea
1. Arraun Lagunak 10.31,32
2. San Juan 10,50era
3. Tolosaldae 15,36ra
4. Astillero 16,72ra
5. Hibaika 18,38ra
6. Donostiarra 27,94ra
7. Orio 28,28ra
8. Zarautz 29,96ra
Sailkapen nagusia
1. Arraun Lagunak 21.21,00
2. San Juan 21,04ra
3. Tolosaldea 24,54ra
4. Astillero 27,46ra
5. Hibaika 30,70era
6. Donostiarra 41,20ra
7. Orio 46,74ra
8. Zarautz 48,08ra