11tik 11. Arraun Lagunak-ek sasoiko 11. bandera irabazi du Lekeition (Bizkaia). Juan Mari Etxabek prestatutako neskek lan bikaina egin dute, estropada eremuko marka hautsi dute, baina gaur akuilu izan dituzte atzetik zituzten ontziak: ohorezko txandan, gertu izan dituzte Tolosaldea eta San Juan. Helmugan 2,8 eta lau segundo atera dizkie hurrenez hurren.
Ziabogan ez zirudien hala izango zenik, joaneko luzean nagusi aritu baita Lugañene. Lan erdietan sei segundoko errenta zuen Tolosaldearekiko, eta bederatzikoa San Juanekiko. Itzulerako luzean, ordea, lan bikaina egin dute aurkariek, eta, olatuak baliatuta, estropada guztiak irabaztea ez dela horren erraza izango gogorarazi diote Arraun Lagunak-i. Donostiarrek, hala ere, eutsi diote lehen postuari.
Ikusi gehiago
Eguneko garaile handia Donostiako beste trainerua izan da, Donostiarra. Egunekoa, eta asteburukoa. Atzo bosgarren amaitu zuten Santurtzin, eta gaur laugarren Lekeition. Lehen txanda irabazi du Donostiarrak, eta lortu du ohorezko txandako Astillero euren eta Zumaiaren artean sartzea. Horri esker, sailkapen nagusiari sekulako kolpea eman dio, eta jada sei puntuko errenta du Zumaiarekiko.
Gainontzean, Hibaika izan da bosgarren, Orio seigarren, Astillero zazpigarren eta Zumaia zortzigarren.
Hurrengo estropada, datorren larunbatean, Lekeitiotik gertu jokatuko dute arraunlariek: Ondarroan. Ikusi beharko da Arraun Lagunak-ek bolada bikainari eusten dion edo ez.