Arrauna

Santurtzin ere Arraun Lagunak izan da azkarrena

'Lugañene' ontziak erakustaldia eman du, eta aise irabazi du bandera. Ez zaio tokatu kalerik onena, baina, hala ere, hamasei segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Tolosaldeari.

Arraun Lagunak, Santurtzin, bandera irabazi izana ospatzen. MIGUEL TOÑA / EFE
Arraun Lagunak, Santurtzin, bandera irabazi izana ospatzen, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko abuztuaren 1a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohi baino 550 metro gehiago egin dituzte gaur Euskotren ligako ontziek: lau luze egin eta hiru ziaboga eman dituzte. Baina garailea betikoa izan da: Arraun Lagunak. Eta nola, gainera: Donostiako traineruak erronka handia zuen aurretik. Orain arte erakutsi du koxka bat gorago dagoela, baina gaur ez zituen alde baldintzak. Ustez, kale txarra tokatu zaio —lehenengoa—, eta aurkari nagusiari, Tolosaldeari, askoz hobea —laugarrena—. Bada, hala ere, nagusi izan da. Estropada ikusgarria egin dute Lugañene ontzikoek, eta zur eta lur utzi dituzte asko: hamasei segundo pasa atera dizkiote bigarrenari, Tolosaldeari.

Hala esan du Nagore Osoro patroiak estropada amaitutakoan: «Txarra baino gehiago, lan asko egin beharreko kalea zen gurea. Bigarren kalea hartu behar genuen joaneko luzeetarako, eta pareta albotik egin arraun itzulerakoetan. Mentalizatuta atera gara. Oso pozik nago». Eta halaxe eginda, ez dute aurkaririk izan Santurtziko estropada eremu bihurrian. Hain zuzen, joanekoan erdialdetik egin dute arraun ontziek, eta, bueltan, bazterretik, korronteak saiheste aldera.

Ohorezko txandan aritu diren beste bi ontziei dagokienez, Astillerok eta San Juanek lehia estua izan dute azken metroetan, baina azkenean kantabriarrak izan dira aurretik, segundo bat baino gutxiagoko aldea aterata. Astillero izan da, beraz, hirugarren, Arraun Lagunak-etik ia 22 segundora; eta San Juan laugarren, 22 segundo pasatxora.

Lehen luzean pareko atera dira lau traineruak. Batera eman dute ziaboga Arraun Lagunak-ek eta Astillerok; handik bi segundora Tolosaldeak, eta hirura San Juanek. Itzuleran, Lugañenek lehen kaletik egin du arraun, bere kaletik, eta, harrigarriki, tartea zabaldu die aurkariei. Gogor egin dute arraun, eta erakustaldia eman. Tolosaldeak laugarren kalea zuen, onena itzulerarako, baina ez dio etekinik atera.

Bigarren ziaboga ematerako, Arraun Lagunak-ek hamar segundoren aldea zuen bigarrenarekiko, Tolosaldearekiko. Parean egin dute maniobra Astillerok eta San Juanek, handik hamahiru segundora. Eta hirugarren luzean aldeari eutsi diote donostiarrek. Disfrutatu egin dute azken luzean: «Erakutsi! Erakustaldia! Gozatu!», egin du oihu Osoro patroiak. Baita hauxe esan ere: «Onenak zarete».

Donostiarra nagusi

Lehen txandan, berriz, Donostiarra izan da nagusi. Atzetik hasi du estropada, baina bazekien itzuleretarako hark zuela kalerik onena, laugarrena. Eta aprobetxatu du. Hasi eta gutxira, Orio jarri da estropadaren buruan, eta hark eman du aurrena lehen ziaboga; bigarren Zumaiak eman du, hiru segundora; atzetik Hibaikak, seira; eta, azkena Donostiarrak, zazpira.

Baina itzuleran abantaila zuen Bantxa ontziak, eta nabaritu da. Bazterretik arraun eginda, aurrekoak harrapatu ditu, eta lau ontziek alde gutxirekin eman dute bigarren ziaboga. Kale batetik bestera asko mugitu dira ontziak, eta adi ibili dira epaileak. Abisuak eman dituzte, baina ez dute zigorrik jarri.

Hirugarren luzean ondo egin du arraun Donostiarrak. Eta hura izan da aurrena azken ziaboga ematen. Horiek horrela, lanik zailena egina zuen, eta azken luzean, dena aldeko. Oriok ere laugarren kale aldera jo du, Zumaiari aurrea hartuta. Eta Hibaikak lehen kaleari eutsi dio, laugarrena urruti zuelako.

Donostiarra, pixkanaka, aldea handituz joan da, bazter-bazterretik arraun eginda, eta atzean geratu da Zumaia. Azkenerako, Bantxak sei segundoren aldea atera dio Oriori. Hibaika izan da hirugarren, zazpi segundora. Eta Zumaia azkena, 11 segundora. Kolpea hartu dute Saregileak trainerukoek, eta puntu garrantzitsuak lortu ditu Donostiarrak.

Gaurkoari eusten saiatuko dira donostiarrak bihar, Lekeition (Bizkaia), eta joera aldatzen zumaiarrak. Sailkapen nagusiari dagokionez, goian argi daude kontuak. Arraun Lagunak da nagusi, orain arte jokatutako estropada guztiak irabazita. Baina estu daude behean: Zumaia dago zuloan, hogei punturekin, eta bi puntura du aurrekoa, Donostiarra. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA