Gainontzeko hamalau estropadetako joerari jarraituz, Arraun Lagunak nagusitu da gaur Zarauzko Banderako lehen jardunaldian. San Juan izan da bigarren, hiru segundora. Anartz Gereñoren traineruak estropada bikaina osatu badu ere, ez du lortu irabaztea. Orio hirugarren izan da, sei segundora.
Estropada branka aurretik zuela hasi du Juan Mari Etxaberen taldeak. San Juan eta Orio, ordea, hurbil izan dira une oro, eta San Juanek aurretik egin du ziaboga. Bigarren luzean, aurretik irten da Batelerak ontzia, baina Arraun Lagunak-ek ez du galdu erreferentzia, eta, 700 metro falta zirela, parean jarri da. Hortik aurrera, tartea ireki du Nagore Osoro patroi zuen ontziak, eta, hala ere, San Juan azkeneraino borrokatu da estropada irabazteko. Tolosaldearentzat ahazteko arratsaldea izan da, laugarren izan baita, hemezortzi segundora.
Zumaiak jaso du eguneko albiste beltza. Donostiarra baino zortzi puntu gutxiagorekin heldu da Saregileak ontzia gaurko estropadara. Hasieratik amildu dira lehen txandan, eta, ondorioz, ETE ligan ari beharko dute datorren denboraldian. Ibon Urbietaren taldea seigarren izan da, eta Euskotren ligan mantentzeko kanporaketak jokatuko ditu. Astillerok irabazi du lehen txanda.
Hasieratik, Hibaika eta Astillero izan dira estropadaren buruan. Hibaikak, ordea, arazoak izan ditu ziaboga emateko garaian, eta segundo asko galdu ditu itzuleran. Halako batean, Astillerok arazoak eduki ditu ontzia zuzen mantentzeko, baina ongi zuzendu eta olatuan joan dira amaitu arte. Donostiarrak buelta eman dio txandari, eta azken unean Hibaikaren aurretik egin du.
Hasteko komeriak
Lehen txandako traineruek lanak izan dituzte estropadari ekiteko. Metro eta erdiko olatuak iragarrita zeuden, eta nabaritu da irteeran. Lau ontzietako patroiek buruhauste ugari izan dituzte estatxari eusteko, eta, ondorioz, aurreikusi baino hamabi minutu geroago hasi da lehia.
Bihar, Euskotren liga amaitzearekin batera erabakiko da Zarauzko Bandera (11:25, ETB1). Arraun Lagunak-ek bandera guztiak eskuratzeko duen ametsa zapuzten saiatuko da San Juan.
ETXEKOEN FESTA IZAN DA ETE ETA KAE 1 LIGETAN
Bigarren asteburuz jarraian, Zarauzko (Gipuzkoa) bi traineruak gailendu dira ETE eta KAE 1 ligako estropadetan. Gaur lortutako garaipenek, ordea, xarma berezia dute, etxean lortu baitituzte.
ETE ligan, Zarautzek ia zazpi segundo atera dizkio Hondarribiari, eta hamazazpi pasatxo Ondarroari. Gaur irabazi eta gero, zarauztarrek izugarri estutu dute sailkapen nagusia, bihar Bilbon jokatuko den azken estropadaren faltan, puntu bakarrera baitute lehen sailkatua, Hondarribia.
KAE 1 ligan, oraindik eta alde handiagoarekin irabazi du Zarautzek, 24 segundo pasatxo atera baitizkio Deusturi, eta 25 Pedreñari. Sailkapen nagusian, Deustu da lehena, baina puntu bakarra kentzen dio Zarautzi. Bihar jokatuko dute azken estropada, Bilbon.