Kantauri itsasoan bezalaxe, Madrilen ere Arraun Lagunak da Euskotren Ligako ontzirik azkarrena. Donostiako taldea nagusi izan zen iazko denboraldian, eta aurten ere hala izateko asmoa duela erakutsi du gaur Buitrago del Lozoyako urtegian, ligako lehen jardunaldian. Lugañenek ia hamabi segundo atera dizkio Oriori, bigarren sailkatuari.
Estropada berezia izan da: erlojupekoa izan da, baina binaka irten dira ontziak, eta normalean baino motzagoak izan diren lau luze egin dituzte, ez bi, ohikoa den moduan. Horregatik, denborak ere ez ohikoak dira: hamalau minututik gora behar izan dituzte lanak amaitzeko. Arraunerako baldintzak bikainak izan dira; beroa bai, baina eguraldia lagun izan dute arraunlariek, haizerik ez da atera, eta ura bare-bare egon da.
Irteten azkena izan da Arraun Lagunak; Tolosaldea izan du bikote, eta, izatez, hura izan da donostiarrei lan gehien eman dien aurkaria. Lehen bi ziabogetan ia parean izan dira, batera hautsi dituzte gainontzeko ontzien denborak, baina azkeneko itzulian trabatuta geratu da Tolosaldea, eta, segundo mordoxka galdu du horren ondorioz. Tolosakoek bosgarren amaitu dute azkenean, baina erakutsi dute aurten ere borrokarako prest daudela.
Gainontzeko ontzien artean handia izan da parekotasuna. Zalantzak uxatu eta bigarren izan da Orio, baina bi segundo ere ez dizkio atera Astillerori, eta gertu izan dira San Juan, Tolosaldea eta Hibaika ere. Atzeraxeago amaitu dute Zumaiak eta Donostiarrak.
Eguneko irudia sari banaketak utzi du: Nagore Osoro Arraun Lagunak-eko patroiari Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidenteak eman dio bandera.