Iazko bidetik segitu nahi du Oriok. Buitrago del Lozoyako urtegian (Madril, Espainia) jokatu da Eusko Label Ligako lehen jardunaldia, eta Oriok astindu du bandera, nagusitasunez. Ia zortzi segundo atera dizkie Zierbenari eta Donostiarrari, bigarren eta hirugarren sailkatuei, alegia.
Beroari aurre egin behar izan diote arraunlariek, baina, gainontzean, ontzat jo daiteke Madrilgo esperimentua: arraunlariek baldintza onetan egin dute arraun, ura bare zegoen, ia haizerik ez da izan, eta arazo berezirik ere ez. Formatua izan da ezohikoa: traineruek erlojupekoa jokatu dute, binaka, eta sei luze eta bost ziaboga egin dituzte.
Ikusi gehiago
Oriok Zierbena izan du alboan, eta bizkaitarrak izan dira San Nikolas ontziaren joari gehien eutsi diotenak. Oriok, ordea, tartea areagotu du pixkanaka, eta amaieran ia zortzi segundo atera dizkio aurkariari. Eskerrak Zierbenak amaierara arte estutu duen, lau ehunen eskas atera baitizkio Donostiarrari.
Bermeori hamar segundoko zigorra jarri diote irteeran estatxa helduta ez izateagatik, baina, hala ere, eutsi dio laugarren postuari. Bigarren txandako garailea izan da bosgarren, Getaria alegia, seigarren Hondarribia, zazpigarren San Juan eta zortzigarren Ondarroa.
Nesken sari banaketan bezala, Gorka Aranberri Orioko patroiak Isabel Diaz Ayuso Madrilgo autonomia erkidegoko presidentearen eskuetatik jaso du Pueblos con Vida bandera. Datorren astean Euskal Herrira itzuliko dira estropadak: Bilbon jokatuko dituzte larunbatean, eta Zierbenan (Bizkaia) igandean.