Erakustaldia eman du Arraun Lagunak-ek denboraldiko astebururik garrantzitsuenetako batean. Juan Mari Etxaberen neskak Zarauzko (Gipuzkoa) Ikurrineko bi jardunaldietan gailendu dira, eta aurkariei tarte handiak aterata, gainera. Gaur, egunak emandako baldintza bikainak baliatuta, estropada eremuko marka hautsi dute (10:29:80), baita bi jardunaldietako denbora bateratua ere.
Bi jardunaldi soilik geratzen dira liga amaitzeko, eta, ondo bidean, donostiarrek datorren larunbatean ospatu ahal izango dute titulua. Hamabi puntuko errenta dute Oriorekiko.

Gaur, atzo bezala, lehen metroetatik hartu du aurrea Lugañene-k, eta ikuskizuna ohorezko txandako beste hiru traineruek eman dute. Ia estropada osoa elkarrengandik gertu eman dute Tolosaldeak, Oriok eta Zumaiak, eta azken txanpan erabaki da sailkapena: Tolosaldea bigarren —Arraun Lagunak-engandik bederatzi segundora—, Orio hirugarren, eta, hamar ehunenera, laugarren, Zumaia. Sailkapen nagusian Oriorengandik hiru puntura dago Tolosaldea, eta azken asteburuan erabakiko da bigarren postua.
Lehen txandan Astillero izan da garaile. Ziabogan lau segundoko tartea zuen Hibaikarekiko, baina Errenteriako traineruak itzulerako luze txukuna egin du, eta kantabriarrek kostata eutsi diote lehen postuari. Zazpigarren izan da Donostiarra, eta zortzigarren Hondarribia.