ARRAUNA. KONTXAKO BANDERA. Emakumeak ilusioz ari dira Kontxa prestatzen

Lehen aldiz jokatuko dute, eta bihar zortzi izango da sailkatze estropada, eta hurrengo egunean, finala

Erredakzioa
2008ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Emakumeek aurrenekoz jokatuko dute aurten Kontxako estropada, eta sekulako ilusioarekin ari dira hitzordu garrantzitsu hori prestatzen. Bihar zortzi jokatuko da sailkatzeko estropada, eta parte hartuko duten zortzi taldeak bi txandatan banatuko dituzte. Lau denbora onenak egiten dituztenek bandera izango dute jokoan hurrengo egunean. Larunbateko estropada 18:00etan hasiko da, eta igandekoa 11:00etan, gizonezkoena jokatu baino lehen. Bi egunetan, ziaboga bakarrera lehiatuko dira.

Hondarribia, Tolosaldea eta Zumaia-Getaria izango dira Gipuzkoako ordezkariak; Arkote ariko da Bizkaitik; Astillero etorriko da Kantabriatik; Galizia ordezkatuko duena bertako hiru taldetako selekzioa izango da; eta Kataluniatik Club Rem Badalona eta Club Rem Colera dira Donostian ariko direnak.

Talde guztiak gogoz eta sekulako ilusioz ari dira estropada prestatzen. Duela urtebete ekin zioten batel eta trainerilla denboraldiak prestatzeari, eta orduan, pentsatu ere ez zuten egiten Kontxan ariko zirenik hamabi bat hilabete geroago; estropada preziatuenean eta traineruan, gainera. Arrapaladan harrapatu die bai Kontxak, eta bai aurretik jokatu diren estropadek. Ezustean eta presaka antolatu izan direlako ia guztiak. Izan ere, Donostiakoa baino lehen, Gipuzkoako txapelketa --Zumaia-Getariak irabazi zuen--, Euskadikoa --Hondarribiak irabazi zuen, baina Zumaia-Getariak erreklamazioa egin eta gero, bertan behera utzi zuten estropada epaileek-- eta Hondarribiakoa --etxekoak nagusitu ziren-- jokatu dituzte.

Arraunlariek Kontxan ariko zirela jakin zutenetik, entrenamenduak estropada hori prestatzera bideratu dituzte. Handietan handiena da, nahiz eta aurrenekoz jokatu, eta sariak ere potoloak dira: irabazleak bandera eta 6.200 euro jasoko ditu; bigarrenak, 4.000 euro; eta hirugarrenak, 3.200.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.