Arraunak jaso du zigorrik handiena

Amaitu zen 'Estrobo auzia'-ren epaiketa, eta orain epaiaren zain da. BERRIAk arraun munduan galdetu du zer ondorio izango dituen. Batzuek ez dute erantzun nahi izan; bai, ordea, Iñigo Alkainek, Igor Makazagak eta Jon Salsamendik.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Arraun mundua erabat aztoratu zen 2010. urteko Kontxako Bandera bukatu eta minutu gutxira. Jose Luis Kortak, Kaikuko entrenatzaileak, dopina erabiltzea eta horri esker irabaztea leporatu zion Urdaibairi, orduko garaileari. Auzitegia sartu zen tartean, fiskalak adierazpen horien harira ikerketa hasi zuen, Guardia Zibilak arduratu zen lan horretaz, eta, azkenean, bost urte geroago, epaiketa aurreko astean egin zen, Bilboko auzitegian.

Fiskalak hainbat pertsona inputatu zituen, eta tartean dira Jose Manuel Francisco —Urdaibaiko orduko entrenatzailea—, Josu Zabalondo —orduko presidentea— eta Borja Garai —garai hartan klubeko medikua—. Urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du fiskalak inputatu guztientzat, eta sei hilabete gehiago gehitu dizkio medikuaren zigor eskariari.

Denetarik entzun zen epaiketak iraun zuen bost egunetan. Akusazio partikularrak berretsi egin zituen akusazioak; aldiz, defentsaren lekukoek ukatu egin zituzten, eta, besteak beste, hainbat arraunlarik hau esan zuten: «Beste klub batzuetan ere aritu izan naiz arraunean, eta denetan hartu izan ditut ziztadak, ez Urdaibain bakarrik. Bermeon ikusitako beste taldeetan ere ikusi dut». Arraun mundu osoa jarri dute susmopean adierazpen horiek, eta arraunetik kanpo dagoen jendea hasia da kirol hori dopinarekin lotzen, bere garaian txirrindularitzarekin gertatu zen bezala.

Epaiketak, Euskal Herrian ez ezik, Espainiako hedabide handietan —kiroletakoak eta bestelakoak— oihartzun zabala izan du, eta arraunaren irudi zehatz bat zabaldu da epaiketak iraun duen astebete osoan. «Arraunari tarterik ere ez diote ematen urte guztian, eta orain, gai hau dela eta, sekulako lekua eman diote», kexatu dira arraun munduko hainbat pertsona. Garbi dute arraunarentzat «oso kaltegarria» izango dela auzi hau.

BERRIAk inkesta bat egin nahi izan du arraun munduan, bakoitzaren iritzia zein den jakiteko, baina, gaia deserosoa egiten zaienez batzuei, hainbatek nahiago izan dute isilik geratzea. Hiru pertsona bakarrik egon dira bere iritzia emateko prest: Igor Makazaga entrenatzailea, Jon Salsamendi Urdaibaiko entrenatzailea eta Iñigo Alkain Gipuzkoako Arraun Federazioko presidentea. Galdera bakarra egin zaie: nolako ondorioak izango ditu arraunean Estrobo auziak? Hauek izan dira bildutako erantzunak.IÑIGO ALKAIN Gipuzkoako Federazioko presidentea«Arraunak ez du bukatuko txirrindularitza bezala»«Ondorioak nolakoak diren ikusteko, lehendabizi epaia zein izango den jakin beharko da. Epaiak zigortu egiten baditu inputatuak, txarra izango da arraunarentzat. Ez du ezer onik ekarriko. Aldiz, aldekoa bada eta errugabetzat jotzen baditu inputatuak, galdera egin beharko dugu ea dopin kontrolak eraginkorrak diren edo ez. Azken batean, zalantzan geratuko da kontrol horien eraginkortasuna. Hainbeste diru gastatzen da kontroletan, eta zertarako? Galdera hori geratuko da zintzilik epaiak ez baditu zigortzen inputatuak. Bestalde, ez zait iruditzen arraunak txirrindularitzak bezala bukatuko duenik auzi honegatik; eta antzera bukatuta ere, ikusi dugu txirrindularitzak aurrera egin duela, eta arraunak ere egingo luke. Hau elitean gertatu da, eta arrauna traineruen estropadak baino zerbait gehiago da, eta, alde horretatik, ez dio kalterik egingo».IGOR MAKAZAGA Arraun entrenatzailea«Arrauna dopinarekin lotzen dabiltza»«Auzi hau luze joango zela espero zen, baina hain luze joango zenik ez. Bost urte zain egotea gehiegizkoa da. Tarte honetan, irekita egon da, eta kontu pila bat ibili dira bueltaka. Eta kontu horiek kalte handia egin diote arraunari. Ikusi besterik ez dago arraunaz hizketan ari den arraunetik kanpoko jendea zertaz ari den orain: kirolaz kanpoko gaiez. Arrauna dopinarekin lotzen dabiltza orain, eta horregatik piztu du interesa arraunak orain. Gure kirolaren irudia kontu ilun horiekin lotuta azaltzen da orain. Larria eta itsusia da Estrobo auziko gertakariak beste gauza askorekin nahastea. Min handia ematen ari zaizkio arraunari».JON SALSAMENDI Urdaibaiko entrenatzailea«Gauza onik ez dio ekarriko arraunari»«Niri ondo iruditzen zait gauzak argitzea, nahiz eta gogorra izan. Baina gauzak ezer onik ez dio ekarriko arraunari. Kanpora begira irudi txarra ari da zabaltzen. Ez naiz hipokrita, eta errealitate asko daude arraunaren barruan; horietako bat tranpa erabiltzearena bada, uste dut trapu zikin horiek etxean garbitu beharko liratekeela. Ez dut borondate onik ikusi gauzak barruan konpontzeko; bai, ordea, borondate txar asko kanpora zabaltzeko. Dena dela, esan ohi da gauza txarrak onen hasiera izaten direla, eta ea lagungarria zaion hau guztia arraunari. Baina, horretarako, gauzei ondo heldu beharko litzaieke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.