Ane Arbillaga eta Beñat Larrinaga. Ikertzaileak

«Arraunlariek ere egungo kanon estetikoen presioa daukate»

Emakume arraunlariek argaltzeko presioa ote duten, horren gaineko ikerketa abiatu zuten duela bi urte Arbillaga eta Larrinaga arraunlari ohiek. Haien susmoak berretsi dituzten ondorioak atera dituzte.

BERRIA.
pettan uralde
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ane Arbillaga (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1986) eta Beñat Larrinaga (Bilbo, 1991) arraunlari ohiak dira. Tostan aritu ziren garaian bizitako jokabide askotan oinarrituta arakatu dute argaltzeko presioaren inguruko informazioa, Larrinagaren doktoretza tesiaren aterkipean. Haiekin batera, Erika Borrajok, Iker Muñozek, Itziar Urkijok eta Ana Garciak hartu dute parte ikerketan.

Zein helbururekin hasi zenuten ikerketa?

ANE ARBILLAGA: Helburu nagusia zen deskribatzea ea arazoa ba ote zegoen, eta identifikatzea zenbaterainokoa zen. Behin hori jakinda, zein faktorek hartzen duten parte arazo horiek agertzeko, eta zein baliabide jar daitezkeen prebentzioan. Guk argi daukagu ikertzaile bezala ezin dugula konponbiderik planteatu, baina badakigu soluzioa non bilatu. Hori da pixka bat gure prismatik egin nahi izan duguna.

BEÑAT LARRINAGA: Ikerketa hau guztia gerora jarraipen bat izateko asmoz egina dago. Arraunlariei eta entrenatzaile multzoei zabaldu nahi dizkiegu gure ondorioak; nahi dugu honek guztiak zerbaitetarako balio izatea.

Ikerketa egin eta gero, zuen hipotesiak baieztatu egin dira?

ARBILLAGA: Arazoaren neurriari dagokionez, nire ustetik oso gertu geratu dira zenbakiak. Ez nuen ez gehiago, ezta gutxiago espero ere. Susmo argiak nituen, eta datuek berretsi egin dituzte. Niretzat horixe izan da, susmo bati zenbaki bat jartzea, eta horixe lortu dugu.

LARRINAGA: Espero genituen datuak agertu dira. Aurreko astean emandako hitzaldian ere ikusi genuen arraunlariek eta teknikarik ere bazekitela arazo hau bazela, baina agian arazo hori plazaratzea falta zen.

Ikerketan hainbat faktore identifikatu dituzue emakume arraunlariengan presioa eragiten dutenak argaltzeko: adibidez, arraunlariek erabiltzen duten jantzia.

ARBILLAGA: Ikerketa guztitik zerbait azpimarratu beharko banu, jantziak arraunlariengan duen eragina azpimarratuko nuke. Nik, egia esan, ez nuen espero. Arraunlariek, azkenean, gizartean ditugun kanon estetikoen presioa ere badute. Ikerketan berretsi da eguneroko entrenamenduetan eta asteburuko estropadetan eraman beharreko jantzi horrek oso agerian uzten duela irudia. Oso normalizatua dugu gure irudia ageri-agerian egotea, kontuan hartu gabe kezkagarria izan daitekeela.

Talde barruko joera negatiboak ere aipatu dituzue. Noraino iristen dira jokabide horiek?

ARBILLAGA: Arraunlari moduan autokritikarako gaia planteatzen du ikerketa honek, bakoitzak hausnartzeko nolako jarrerak izan dituen norberarekiko eta taldearekiko. Gai horrek harritu ditu arraunlariak gehien. Ez gara jabetzen nolako ondorioak izan ditzaketen taldekideak diren gertuko pertsona horien komentario eta jarrera normalizatu negatiboek.

Elikadurak ere pisu handia du arazo honetan. Gizonezkoen arraunean inoiz baino kontrolatuagoa dago nutrizioa, emakumezkoetan ere bai?

ARBILLAGA: Gure garaian bazegoen nutrizionista bat taldean, baina garrantzi handiagoa zuen medikuak. Haren ikuspuntua, gehienetan, inportanteagoa izan ohi da klub, zuzendaritza, entrenatzaile edo talde bakoitzak pisuarekiko duen jarrera zein den zehazteko orduan. Mediku asko daude arraun munduan, errendimendua lehenetsi, eta osasun arazo horiekin sentibera izatea bermatzen duten betaurrekorik ez dituztenak; orokorrean, kirol munduan. Askotan nutrizionistek hartzen dute salbatzaile rola.

LARRINAGA: Ez dugu datu zehatzik atera arazo horren inguruan, baina azken urteetako bizipenetatik hainbat ondorio atera ditugu. Nutrizionistaren figurak garrantzi handia hartu du arraunean, baina klub guztiek ez dituzte baliabide berak. Guk nutrizionistaren figura hori indartu behar dela berretsi dugu.

Psikologiaz ere badu asko zuen ikerketak. Nolako eragina du psikologiak argaltzeko presio horretan?

LARRINAGA: Arazo honen gako nagusia da. Uste genuen fisikoaren inguruko ikerketak izango zirela adierazle nagusiak, baina azkenean psikologiarekin lotura duten emaitzak izan dira esanguratsuenak. Zenbat eta psikologikoki hobeto egon, eta zure gorputzarekin hobeto egon, orduan eta probabilitate gutxiago izango duzu presioarekin lotura duten arazoak izateko.

ARBILLAGA: Eta hor, guretzat, nutrizionista salbatzaileak badira, psikologoak oraindik ere gehiago. Presioa arazo indibiduala izaten da, eta berandu esku hartzen da, arazoa jada begi bistakoa denean. Hau da, pertsona argalegi dagoenean, eta arazoa benetan larria denean. Noraino iritsi behar du pertsona batek laguntza psikologikoa jasotzeko? Guretzat, prebentzioaren gako nagusia da psikologoen esku hartzea, eta, batez ere, talde dinamiketan esku hartzea.

Arraunlarien exijentzia mailak eta adinak ere badute zerikusia, ezta?

ARBILLAGA: Ondorioetan atera ditugu zeintzuk diren kontrolatu beharreko aldagaiak eta sustatu beharreko babes faktoreak. Aldagai negatiboetan, jantziak sor dezakeen eta taldekideek egin dezaketen presioaz gain, autoexijentziaren aldagaia ere azpimarratu dugu. Giharrak landu eta landu aritzen direnen profil hori oso faktore negatiboa da, batez ere presioa pairatzeko arriskuan jartzen baititu. Zein exijenteak izan daitezkeen ikusita, mutur horretan mantentzeko gaitasuna duten arraunlariek dute arriskurik handiena presioa jasateko.

LARRINAGA: Horretaz gain, ohartu gara adina ere faktore garrantzitsua dela. Gazteak oraindik osatzen ari dira; nerabezaroan, autokontzeptuaren ideia bat sortzen ari dira, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu gazteak ondo zaintzea eta heztea gai honen inguruko arazoak ez izateko.

Fisionomiari dagokionez, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasuna aipatu duzue. Ia baldintza beretan jokatzen den kirol batean, zer-nolako eragina du horrek?

ARBILLAGA: Gizonezkoen moldean sartzera behartu gaituzte, moldean kabitzen ez diren neurri batzuekin. Emakumezkoen neurriak ez dute zerikusirik gizonezkoekin, baina, hala ere, kirol honetan lehiatzeko, gizonezkoen antza izateko eskatzen zaigu. Horregatik gertatzen dira presioa eragiten duten hainbat dinamika negatibo. Parekidetasunetik urrun dagoen kirol batean kontuan hartu beharko lirateke hainbat hausnarketa.

LARRINAGA: Alderdi fisiologikotik desberdintasun handiak daude, eta errendimendu aldetik ere ikusten da. Hor, adibidez, traineruen tamainaren eta pisuaren inguruko eztabaidak sortu dira. Ikertu beharra dago, baina begi -bistakoa da gizonezkoen moldea errepikatzea ez dela aukerarik onena.

Etorkizunari begira, badago aukerarik joera horiek amaitzeko, edo, gutxienez, egoera hobetzeko?

ARBILLAGA: Gure ustez, gehiago ikertu behar da, eta konponbideak lortzeko oraindik ere informazio gehiago bildu behar dugu.Denboraldi osoan nolako presioa jasan duten jakiteko, denboraldi amaierara nola iristen diren jakiteko... Gauza asko daude ikertzeko, eta interesa baino gehiago, uste dut kezka eragin dugula.

LARRINAGA: Honekin jarraitu behar dugu. Argi dago arraunean oso nabaria izan dela emakumezkoen gorakada, eta bilakaera azkar horri aurrea hartzea asko kostatuko zaigu. Ematen ari diren pausoak oso intentzio onarekin izaten ari dira. Aldaketa handiak apurka datoz, eta guk lehen pausoa eman dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.