Arraunlariek ukatu egin dute

Urdaibain aritutako arraunlari eta patroiek epailearen aurrean deklaratu dute ez zirela inoiz dopatu.Medikuak bitamina suspergarriak ziztatzen zizkiela onartu dute, baina sekula ere ez zainetatik

Iñigo Aldai Urdaibaiko arraunlari izandakoa, epailearen aurrean deklaratzen, atzo. LUS TEJIDO / EFE.
Bilbo
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
2009-2010ko denboraldian Urdaibai taldean aritu ziren hamabi arraunlarik eta bi patroiek ukatu egin zuten atzo dopatzeko produktuak hartu zituztenik. Urdaibaiko arraunlarien ustezko dopatze auziaren bigarren saioa egin zen atzo Bilboko Zigor Auzitegian, eta han deklaratu zuten denek. Borja Garai taldeko orduko medikuak «suspertzeko bitaminak» injektatzen zizkiela esan zuten, ez besterik. «Sorbaldan, ipurdian eta tripan» hartzen zituzten ziztadak, baina ez, ordea, zainetatik. Izan ere, osasun agintaritzak guztiz debekatzen du metodo hau erabiltzea kirol jardueretan. Halere, arraunlari guztiek onartu zuten ez zekitela zehazki zer substantzia mota erabiltzen zuen, eta galdetu ere ez zutela egiten, medikuarengan konfiantza osoa zutelako. «Gure lana entrenatzea eta lehiatzea zela esaten zigun medikuak, beste guztia bere ardura zela eta berataz fidatzeko», esan zuen Miguel Angel Millaresek. Hark, gainera, adierazi zuen egon den «klub guztietan» ziztatu dutela.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak proposaturikoak izan ziren atzo deklaratu zuten lekuko guztiak. Asteleheneko lehen saioan, aldiz, hamar akusatuek deklaratu zuten, euren artean, Josu Zabalondo klubeko lehendakariak, Borja Garai medikuak, Jose Manuel Francisco entrenatzaileak eta Marcos Maynar, ustez dopatzeko substantziak kudeatzeaz arduratzen zen medikuak.

Urdaibaiko arraunlari izandako lekuko babestu batek ere hitz egin zuen lehen saio horretan. Estropadetara joaten zirenean bi furgoneta eramaten zituztela, eta iritsi aurretik, zerbitzugune batean gelditu, eta furgonetetako batean ziztatzen zituztela salatu zuen. Gaurko lekuko guztiek, ordea, aho batez ukatu dute furgonetetan injekziorik hartu izana, baita hozkailu-motxila bat bazenik ere. Bakar batek adierazi du estropada baten ostean «zerbait» ziztatu ziotela furgoneta barruan.

Ziztada horiek lehiatu aurretik eta ondoren hartzen zituzten, baita astebarruko entrenamenduetan ere. Dena den, ez zela beti horrela egiten esan dute; «estropadaren edo arraunlari bakoitzaren errendimenduaren eta egoera fisikoaren araberakoak» zirela. Baina gehienek onartu egin dute dosiak maiztu egin zirela udan, eta Kontxako Bandera hurbilduz zihoan heinean.

Fiskaltzak lekuko guztiei galdetu zien ziztadak ematen zizkieten klubeko erizain gelan makina bat ote zegoen. Baietz esan zuten arraunlari guztiek, baina «ergometria probak» egiteko zela. Proba horietan, «belarritik edota atzamarretik odol tanta batzuk» ateratzen zizkieten, horrela laktato neurtu eta errendimendu fisikoa aztertzeko.

Denboraldi bikain hura

Odol analisiei dagokienez, lekuko batzuek «hilabetero» egiten zituztela aipatu zuten, eta beste batzuek bi hilero. «Analitika asko egiten zizkidaten, inoiz ez dizkidate hainbeste egin» nabarmendu zuen Mikel Ojedak.

Analitika horiek jende desberdinak egiten zizkietela esan zuten; batzuetan, klubean bertan bertako mediku edo erizainaren bitartez, besteetan klubarekin zerikusirik ez zuen jendeak egiten zizkiela, edota Bilboko Virgen Blanca klinikara joaten zirela.

Denboraldian zehar, egin zizkieten dopin kontrol guztietan «negatibo» eman zutela azpimarratu zuten denek. Marcos Maynar ustez dopatzeko botikak kudeatzeaz arduratzen zen medikuarekin harremanik eduki izana ere ukatu zuten. Bermeon ikusi zutela bai, baina ez zutela pertsonalki ezagutu. Soilik batek onartu zuen hitzaldi bat entzun ziola.

2010ean sasoi paregabea egin zuen Urdaibaik. Kontxako Bandera irabazi ez arren, erregularrenak izan ziren: TKE liga irabazi zuten. Arraunlarien esanetan, «denboraldia hasi bezain laster, emaitza onak lortu genituen. Maynarren etorrerak, denboraldi erdialdera, ez zuen inolako zerikusirik izan gure errendimenduaren hobekuntzan».

Javier Polok, berriz, aitortu zuen,«urte batzuk lehenago», Castron zebilenean, «zainetatik» ziztatzen zituztela, Jose Luis Korta entrenatzaile zela. Hain zuzen, Kortaren salaketa batzuk direla-eta jarri da abian auzibide hau.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak lekuko berriak proposatu nahi izan zituen, baina epaileak ez zituen onartu, jada epaiketa hasita dagoelako eta legetik kanpo jokatzea litzatekeelako. Gaur, arraunlari gehiagok eta operazioan parte hartu zuten guardia zibilek deklaratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.