Bustita nago oraindik. Botatzea espero genuen, baina hainbeste ere... Azazkalak beratzen eduki ditut bost orduz. Euskal Herrian ere euria egiten duela, baina horrelakoetan, edozein langile bezala, lan-jantzia soinean jarri, lanera eta azkena iristen dena, kabroia. Etapa polita ikusiko zenuten etxeko besaulkian, ezta? Atzo egin genituen azken kilometroak egitea nahi nuke zuek, nola ibiltzen garen jakin dezazuen.
Zorua zein labainkor zegoen ikusi duzue. Ba bihurguneak hara eta hona, errepidean lanak, errepide estuak... Erorketak gertatuko zirela jakinekoa zen eta tentsioa, latza. CSCkoak aurrean eman eta eman, eta denak ezin kabitu. Libratu naiz behingoagatik, baina Scarpa taldekidea ez. Erori egin da eta nahiko aurrean helmugaratu bada ere, ez dakit hurrengo etapetan zer moduz moldatuko den. Simoni ez da erori, baina ez da aurrean sartu. Kilometro baten faltan edo gainditu dut, eta aurpegia nahiko beteta zeraman ordurako. Beno, egun txar bat izango zen, ezin hasiko naiz ni Giroa irabazteko faborito bat aukerarik gabe uzten, dagoeneko.
Schumacherren garaipena ezustekoa izan da, baina ez hainbestekoa. Aitzin-etapan ere lan txukuna egin zuen. Ez dut etapa ikusi, baina hanka batekin irabazi duela esan didate, eta Bettini eta Rebellin tartean daudela, hori egitea ez dago edonoren esku. Milram taldeak Petacchiren garaipena bilatu zuen igandean, Quick Stepek Bettinirena gaur [atzo], baina kale egin dute. Petacchi erori egin da, eta ez dakit aurrerantzean erabat osatuko den.
Eguraldi euritsua iragarri dute. Nahikoa da egun batekin, demontre! Beno, egin dezala egin beharrekoa, gure kexuak alferrekoak izango baitira. Ni neu nahiko txukun aritu naiz. Super ez, baina txukun, eta gustura nago. Iluntzeko masaje gozoan pentsatzen egingo dut bidea.
ARROSAREN ATZETIK. Azazkalak beratzen bost orduz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu