Artola 22-13 Laso

Artola finalerako sailkatu da, erakustaldia emanda

Alegiarrak nagusitasunez irabazi dio Unai Lasori, eta buruz buruko finala jokatuko du, bigarrenez jarraian; partida hasiera ikusgarria egin du. Bihar jokatuko dute beste finalerdia: Dario eta Larrazabal ariko dira aurrez aurre.

Artola besoak altxatuta, finalerako sailkatu izana ospatzen. JON URBE / FOKU
Artola besoak altxatuta, finalerako sailkatu izana ospatzen. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko maiatzaren 16a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarrenez jarraian jokatuko du Iñaki Artolak buruz buruko finala. Ikusgarri aritu da finalerdietan, eta merezimendu osoz sailkatu da partida erabakigarrirako. Erakustaldia eman du, eta 22-13 irabazi dio Unai Lasori, ustez aurrera egiteko faboritoa zenari. Sua piztu du Artolak, eta erre egin da Laso. Gustura hitz egin du alegiarrak partida amaitutakoan: «Ea lortzen dudan hainbeste nahi dudan txapel hori». Azken urratsa baino ez zaio falta.

Gaurkoan, hasi eta buka izan da nagusi. Zozketan sakea tokatu zaio, eta aukera ezin hobeto aprobetxatu du. Indartsu hasi du lehia, bikain, eta markagailuan berehala hartu du aurrea, 6-0 jartzeraino.

Sakez egin du lehen tantoa Artolak: trakets aritu da Laso, irrist egin du, eta ez dio ondo jo pilotari. Bigarren sakeari erantzun dio, baina segidan ederto utzi du txokoan pilota alegiarrak. Eta hirugarrengoan, zaharrak berri: sakearen ondoren erremate bikaina egin du Artolak, hirugarrena egiteko. Laugarren tantoa, berriz, sakez egin du.

Hurrengoan, pilota gora bota du Lasok, eta etenaldia eskatu du, halabeharrez. Gozatzen ari zen Artola, eta ezinean Laso. Baina gauzak ez dira aldatu. Urduri zirudien Lasok, eta, tanto bat egiteko kapaz izan denean ere, ez du lortu horri segida ematea. Lehen bederatzi tantoak oso azkarrak izan dira. 8-1 zihoazela jokatu dute lehen tanto gogorra, eta, orduan ere, alegiarra izan da nagusi. 10-1 eta 16-2 jarri dira.

Kolpez distiratsu eta bizi aritu da Artola, eta ezinak jota Laso, oso pattal. Asko kostatu zaio tantoa egitea, eta sakeari ezin eutsita aritu da. Partida osoan deseroso aritu dela aitortu du lehia bukatutakoan: «Lotuta aritu naiz. Pena dut ez dudalako batere gozatu kantxan». Inork gutxik espero zuen halako aldea. 

Hala ere, ez du amore eman nafarrak. Bost tanto segidan egin ditu gero, eta markagailua apur bat apaindu du. Horietako hiru sakez egin ditu. Oso zaila zuen finalerdiak iraultzea, baina lanean segitu du, eta, pixkanaka, lortu du aldea murriztea: 17-10 eta 19-13 jarri dira.

Dena den, zuhurtziaz eutsi dio Artolak aldeari. Hanka bat finalean zuen, eta ez dio utzi ihes egiten. Estutu du Lasok, baina Artola merezimendu osoz sailkatu da finalerako.

Beste finalerdia, bihar

Orain, Artolak final handia noren aurka jokatuko duen jakitea falta da: Darioren edo Larrazabalen kontra. Bihar jokatuko dute finalerdietako partida, Logroñoko Adarraga pilotalekuan (17:15, ETB1). Errioxarra bete-betean dago, eta txapela janzteko hautagaia dela erakutsi du, baina aurkari gogorra izango du parean.

Finala maiatzaren 31n izango da, Nafarroa Arenan. Han ariko da Artola, baina, dudarik gabe, bihar Darioren eta Larrazabalen arteko partidan izango du begia. Dario da aurrera egiteko faboritoa, baina ez dio ezer oparituko Larrazabalek; 22 tanto egin beharko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA