Artola-Imaz 6-22 Elordi-Zabaleta

Artolak min hartu du, eta erraz gailendu dira Elordi eta Zabaleta

Iñaki Artolak kolpe txar bat jaso du partida hasi eta berehala, eta ezinean aritu da; neurketa kaskarra jokatu dute gorriek. Bigarren postuan sendotu dira, berriz, Elordi eta Zabaleta, 6-22 irabazita.

Iñaki Artola pilotakada bat bueltatzen saiatzen, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iñaki Artola pilotakada bat bueltatzen saiatzen, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urtarrilaren 24a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zurrunbiloaren erdian, partida kaskarra eta hotza jokatu dute gaur binakako txapelketan. Elordi eta Zabaleta 6-22 nagusitu dira Artolaren eta Imazen aurka, eta 284 pilotakada baino ez dituzte jo denera. Neurketa hasi eta berehala okertu da: Iñaki Artolak kolpe txar bat jaso du ezker eskuan, eta minez aritu da hortik aurrera, ezinean. Ikusi beharko da zer duen alegiarrak, baina ez du itxura onik. 

Gainera, sailkapenean ere kinka larrian geratu da bikotea: hiru jardunaldiren faltan, lau puntu baino ez dituzte, eta baliteke Artolak ezin jarraitu izatea. Kontrara, bigarren postuan sendotu dira Elordi eta Zabaleta, zazpigarren puntua eskuratuta. 

Dudarik gabe, Artolak min hartu izanak baldintzatu du partida, baina, gainera, fin eta aise aritu dira Elordi eta Zabaleta, nagusi. Aukera izan duen bakoitzean, bikain bukatu ditu tantoak aurrelariak, gorriei esperantzarako tarterik utzi gabe. Guztira, hamasei tanto egin ditu, horietako hamar airez.

Bizi eta oldarkor hasi du partida mallabitarrak, eta bi gantxo eder eginda hartu dute aurre markagailuan. Artolak ere erasokor ekin dio neurketari, grinatsu, baina korapilatu egin zaio neurketa. 4-6 joan dira, baina, hortik aurrera, hautsi egin da partida. 

Hurrengo tantoan etenaldia eskatu dute gorriek, eta 4-10 zihoazela, aldageletara joan da alegiarra, minez. 

Elordi eta Zabaleta bikote indartsua dira, eta itxura txarra hartu du partidak aurkarientzat. Aurrelariak ezker eskua erabili ezinda, ia ezinezkoa zen emaitza iraultzea, eta ezin zion pilotari jo Artolak.

Hortaz, espero bezala, ez da lehiarik izan hortik aurrera. Tanto laburrak jokatu dituzte, eta burumakur aritu dira gorriak; nabaritu da ordurako galdutzat emana zutela neurketa. Batzuetan Elordik ondo bukatuta, eta besteetan Artolak edo Imazek gaizki jota, gorriek di-da egin dituzte 22 tantoak. 

Elordik neurketa amaitutakoan aitortu du Artolak min hartu izanak baldintzatu duela partida, eta pena duela alde horretatik. Hala ere, egindakoarekin pozik geratu da: «Sentipen onak izan ditut; lanak ondo egin ditugu».

Kezkatuta mintzatu da, berriz, Imaz: «Egun oso okerra izan da. Partidaz aparte, Iñakirenak ez dauka itxura onik. Ea ez duen ezer. Pena emango lidake txapelketa berarekin ez bukatzeak».

Hala ba, konfiantza hartuta amaitu du neurketa bikote batek, eta etsita besteak. 

Bihar, Iruñean

Bihar jokatuko dute 11. jardunaldiko azken partida, Iruñean (17:15, EITB1): Altuna III.a eta Ezkurdia Peña II.aren eta Albisuren aurka arituko dira. Unai Laso min hartuta dago, eta haren ordez arituko da Jon Ander Peña. Laso eta Albisu finalerdietarako sailkatuta daude dagoeneko. Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak, berriz, beste puntu bat lortu eta urratsa egitea izango dute helburu. 

Bestalde, Ados Pilotaren binakakoan, bi partida jokatu dituzte gaur: Barrokalek eta Perezek 22-20 irabazi dute Sagarduiren eta Agirreren aurka —Marta Gomezen ordez aritu da Sagardui—; eta Oskoz eta Arrastia 22-18 nagusitu dira Mujikaren eta Ruiz de Larramendiren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.