Arturo Ruiz: «Jokalariak ilusioz daude»

Realeko entrenatzaileak esan du oraindik taldea «eraikitzen» ari direla. Teknikari berriak azpimarratu du jokalarien jarrera «ona» dela.

Arturo Ruiz Realeko entrenatzailea eta Maider Castillo kirol zuzendaria, Zubietan egindako agerraldiaren ostean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arturo Ruiz Realeko entrenatzailea eta Maider Castillo kirol zuzendaria, Zubietan egindako agerraldiaren ostean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zubieta
2025eko abuztuaren 21a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste denboraldi bati ekingo dio Realak hurrengo asteburuan, eta orduan hasiko da Arturo Ruiz entrenatzaile berriaren aroa. Jose Luis Sanchez Verak taldea utzi ostean iritsi da Donostiara entrenatzaile espainiarra, eta denboraldi «polita» izatea desio du.

Lau denboraldi Natalia Arroyoren zuzendaritzapean aritu ostean, Realak ez du egonkortasunik lortu aulkian, eta horixe izango da Ruizen erronka nagusia. Taldeak fitxaketak egin ditu, baina izan da irten denik ere, eta, horri lotuta, taldearen garapen prozesuaz aritu da Ruiz bere lehen prentsaurrekoan: «Oraindik taldea eraikitzen ari gara. Hasi besterik ez gara egin, eta norgehiagoka gutxi jokatu ditugu. Gutxi falta da liga hasteko, eta, ongi ari bagara ere, hazteko eta hobetzeko bide luzea dugu oraindik».

Ez zen denboraldi erraza izan aurrekoa, ziklo aldaketak ez baitzuen funtzionatu, eta, gainera, Sanchez Verak taldean ez zuela jarraituko iragarri zuten denboraldia amaitu baino lehen. Nolanahi ere, zalantzak uxatu nahi izan ditu Ruizek: «Talde orekatua dugu, urteetan eratuz joan dena. Alde horretatik, ez dugu beste inor fitxatzeko beharrik ikusten; taldea horrela geratuko da. Harrobiko jokalariekin eta kanpotik etorri direnekin oreka lortu dugu». Maider Castillo kirol zuzendariak ere joan den urteko denboraldiaz hitz egin du: «Guztientzat denboraldi zaila izan zen. Ongi eta gaizki egindako gauzak egon ziren». 

Joan den denboraldiaren ostean aldagela nola dagoen azaldu du entrenatzaileak: «Harreman bikaina dugu guztiok. Ilusio handiz iritsi dira jokalariak, eta, egutegiari esker, atseden ongi hartuta. Jarrera eta prestasun bikaina erakutsi dute». Joan den sasoia ikusita, jokoan beste zerbait behar du taldeak, eta Ruizek azaldu du nola nahi duen Realak jokatzea: «Berezko nortasuna duen talde bat ikusi nahiko nuke. Zaleek gozatu egin behar dute, eta taldearen jokoan islatuta sentitu behar dute».

Denboraldiaurrean zazpi norgehiagoka jokatu ditu Donostiako taldeak; haietako hiru irabazi ditu, beste hiru berdindu, eta beste bat galdu; guztira hamabi gol sartu ditu, eta lau jaso. Helburuei buruz, berriz, zuhurtziaz mintzatu da Ruiz: «Proiektu berrietan oso zaila da helburuak ezartzea. Oraindik eraikitze prozesuan gaude. Helburua nortasuna duen talde bat osatzea da, eta egunerokoan ahalik eta ondoen aritzea». Ligari ekin aurretik, baina, beste norgehiagoka bat jokatu beharko du Donostiako taldeak: Euskal Herria Kopako finala. Igandean jokatuko du, Eibarren aurka, Dulantzin (Araba).

Z7 zelai eraberrituan

Zubietako Z7 zelaia eraberritzen ari dira. 4.000 eserleku izango ditu, eta aurrerapauso nabarmena izango da taldearen eta proiektuaren hazkunderako. Entrenatzaileak horri buruz ere hitz egin du: «Denboraldiaurrea hasi genuenetik, Z7n eta Zubietako beste zenbait zelaitan entrenatu gara. Azken ukituak ematen ari dira, eta obrak amaitzear dira. Oso pozik gaude, bai zelaiagatik, bai duen itxuragatik». Taldean sortu den giroa ere goraipatu du: «Orain artekoarekin oso gustura nago. Jokalariak, maila handikoak izateaz gain, pertsona onak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.