Jose Luis Sanchez Verak badu ordezkoa Realaren aulkian. Klub txuri-urdinak iragarri du Arturo Ruiz izango dela lehen taldearen entrenatzailea. Datozen bi denboraldietarako akordioa egin dute klubak eta teknikariak.
Ruiz Granada entrenatzen aritu da amaitu berri den denboraldian. Haren eskutik, Espainiako taldeak sasoi bikaina egin du: bosgarren tokian amaitu du ligan, eta Espainiako Kopan finalerdietara iritsi zen. Sanchez Verak taldea utziko zuela iragarri zuenetik, haren izena aipatzen zen Reala zuzentzeko.
Madrilen jaio zen, 1997an, eta 2015ean hasi zen entrenatzaile lanetan. Union Zona Norte, Leganes eta Santa Ana zuzendu zituen aurrena. 2020an, Atletico Madrilek fitxatu zuen, harrobian lan egiteko, 2021-2022ko denboraldian. Gazteen mailako taldea entrenatu zuen, eta ligako txapeldun izan zen. Hurrengo denboraldian, berriz, emakumezkoen hirugarren taldearen ardura hartu zuen, eta harekin Liga Nazionala irabazi eta Espainiako Federazioko Bigarren Mailara igo zen. 2024ko martxoan, lehen taldeko entrenatzaile izendatu zuten. Liga amaitzeko bederatzi jardunaldi falta ziren, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu zen. Ondoren sinatu zuen Granadarekin.
Haren eskutik aro berri bat hasiko du Realak. Izan ere, bederatzi jokalarik ez dute taldean jarraituko: Elene Letek, Ane Etxezarretak, Manuela Vanegasek, Izarne Sarasolak, Elene Vilesek, Lorena Dominguezek, Amaiur Sarriegik, Sanni Franssik eta Maria Vallek. Azken hori utzita zegoen. Haien ordez iritsi daitezkeen jokalariak, besteak beste, hauek dira: Ainhoa Moraza, Claudia Florentino, Paula Fernandez, Maria Molina eta Edna Imade.
Azken bi denboraldiak gorabeheratsuak izan dira talde txuri-urdinarentzat, bai jokoari eta bai emaitzei erreparatuta. Amaitu berri den honetan bikain hasi zen, eta hirugarren tokian ere egon zen, Txapeldunen Ligako postuetan. Baina otsaila eta apirila artean hamabi neurketa galdu zituen segidan, eta azkenerako zazpigarren tokian amaitu du liga.