Atletismoa

Asier Martinez finalerdietan kaleratu dute epaileek, behar baino lehenago abiatzeagatik

Espainiako Federazioak erreklamazioa egin du, baina epaileek ez dute erabakia aldatu. John Cabang irurarra finalerdietan sartu da, 7.72ko marka lortuta, eta bertan amaitu ditu lanak.

(ID_13663474) BRITAIN ATHLETICS
Asier Martinez ADAM VAUGHAN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 2a
21:50
Entzun

Ezin sinetsita. Hala amaitu du Asier Martinezek Munduko Atletismo Txapelketa. Nafarrak pista estaliko 60 metroko hesidunetako finalean aritzea zuen xede, baina finalerdietako huts bat tarteko, finaletik kanpo gelditu da. Epaileen arabera, behar baino lehenago abiatu du lasterraldia Martinezek, eta irteera baliogabetu diote. Epaileek lasterketan parte hartzen utzi diote, erabakia atzeratuta: lehenengo postuan sailkatu da, baina ez dio ezertarako balio izan. John Cabang (Filipinak) ere aritu da, baina hark ere finalerdietan esan dio agur lehiaketari. Lehenengoz aritu da Munduko Txapelketan, eta Martinezek ez bezala, pozik amaitu du.

Goizean hasi da bi atleten aurreneko lehia, Euskal Herrian 11:10 zirenean. Finalerdietarako sailkatzea zeukaten jokoan, eta biek lortu dute aurrera egitea. Martinez faboritoetako bat zen finalean aritzeko, eta, aurreneko lasterraldian atzetik aurrerakoa egitea egokitu bazaio ere, 7.62ko marka lortu du; bigarren egin du bere multzoan. John Cabangek helburu apalagoak zituen. BERRIAri emandako elkarrizketa batean adierazi zuen «gozatzera» joana zela, eta gauzak ondo eginez gero «finalerdietarako sailkatzea» lor zezakeela. Azken postuan izan bada ere, lortu egin du irurarrak. 7.72ko markarekin, aurrera egin du.

Euskal Herrian 20:20 zirenean abiatu dira finalerdiak, eta orduan amaitu dira bi atleten ametsak. Nafarra izan da lehiatzen lehena, eta proba hasi duenerako bazekien kaleratuta zegoela. Bazeukan epaileen erabakia aldatuko zen esperantza, eta bere lanak ondo baino hobeto egin ditu, saioa irabazita. Baina ez dio ezertarako balio izan. Espainiako Federazioak erreklamazioa egin du, baina epaileek ez dute erabakia aldatu. Cabang hirugarren multzoan lehiatu da, baina ez du finalean sartzerik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.