Tokio 2020

Asier Martinezek seigarren egin du, eta bere marka hobetu du

110 metroko hesiduneko finalean 13.22ko denbora egin du nafarrak, eta olinpiar diploma lortu du. Lasterketa amaiera oso ona egin du.

ainara arratibel gascon
2021eko abuztuaren 5a
06:16
Entzun

Asier Martinezek modu bikainean biribildu ditu bere lehen Olinpiar Jokoak. Seigarren izan da 110 metroko hesiduneko finalean, 13.22ko denborarekin. Hala, beste bost ehunen hobetu du bere marka pertsonala. Beste behin aurkariak baino apur bat mantsoago atera da, baina azken 55 metroak oso onak izan dira: buruz buru aritu da beste lasterkariekin, eta olinpiar diploma eskuratu du. Olinpiar Joko hauetan hamar ehunen hobetu du bere marka pertsonala. Izan ere, aurretik 13.31 zen bere markarik onena. Finalerdietan 13.27 egin zuen, eta gaur 13.22. "Ordu batzuk beharko ditut hau dena barneratzeko. Ezin dut sinetsi oraindik. Oso eskertuta nago etxetik babestu nauten guztiei. Etxera iristeko irrikaz nago, senideekin eta lagunekin ospatzeko", adierazi du lasterketa amaitu bezain laster.

Bigarren kaletik irten da Martinez. Finaleko lasterkarien artean markarik kaskarrena zuen. Baina ohikoa duen ausardiarekin aritu da. Lehen metroetan atzetik joan da, kontrarioek berak baino irteera indartsuagoa baitute. Baina ondo eutsi dio, eta azken 55 metroetan estutu egin du, eta azkenean bi lasterkariri aurre hartzea lortu du, Andrew Pozziri (Erresuma Batua) eta Aurel Mangari (Frantzia). Finaleko garailea, ezustean, Hansle Parchment izan da. Jamaikako hesi jauzilariak 13.04 egin du, eta urrea kolkoratu du. Zilarra Grant Holloway estatubatuarrarentzat izan da, eta brontzea Ronald Levy Jamaikarrarentzat. 13.09ko denbora egin du Hollowayk, eta 13.10ekoa Levyk.

Lasterketa amaitu berritan "oso pozik" zegoen Martinez. "Gozatu egin dut gaurko lasterketan. Helburu horrekin atera naiz, eta ahal bazen nire marka pertsonala hobetzearekin. Lortu dut. Ez sinesteko modukoa da. Munduko onenekin lehiatu naiz". Aurkariak bera baino hobeto ateratzen direla onartu du. "Baina horrek ez du esan nahi ni gaizki ateratzen naizenik. Pozzi nuen alboan, eta lehen hiru hesietan 2-3 metro kendu dizkit". Alde horretatik psikologikoki lasterketa gogorra izan dela onartu du: "Eutsi egin behar izan diot. Baina uste osoa izan dut azken txanpa oso on bat egin nezakeela, eta hala izan da. Azken hesiak erabakigarriak izan dira". Finalaren zailtasunaren adibidea jarri du. "Hau da hesien gogortasuna. Holloway zen faborito argia. Nik neuk munduko marka egingo zuela uste nuen. Eta ez du irabazi".

Azken bi urteetan izan duen bilakaeraz hau adierazi du: "Kirolari esker naiz naizen modukoa. Pandemiaren ostean arreta osoa kirolean jarri nuen, eta ondo atera da. Iaz oso marka onak lortu genituen, eta aurten entrenamenduak askoz zorrotzagoak eta hobeak dira. Emaitzak iritsi dira". Orain bi aste hartuko ditu atseden hartzeko. "Gaztea naiz, eta merezi dudan moduan ospatu nahi dut. Denetarako dago denbora. Gero berriro ere zorrotz helduko diet entrenamenduei eta ikasketei". Zientzia politikoak ikasten ari da Martinez.

Mugarriz mugarri Olinpiar Jokoetan

Izugarria izan da Olinpiar Joko hauetan Martinezek izan duen bilakaera. Lehenbizi, sailkatze lasterketa irabazi zuen. 13.32ko denbora egin zuen, eta bere marka pertsonal onenetik segundo batera geratu zen. Hala, finalerdietara sailkatzea lortu zuen. Beste mugarri bat ezarri zuen finalerdietan. Hirugarren izan zen bere lasterketan, eta bost ehunen hobetu zuen bere marka pertsonala: 13.27. Hala sailkatu zen finalera. Eta gaur beste bost ehunen bizkorrago korritu du: bere marka pertsonala hainbeste jaistea espero zuen galdetuta, hauxe izan da Martinezen erantzuna: "Bagenekien 13.30etik behera korrika egin nezakeela, baina marka hamar ehunen hobetzea izugarri da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.