CADIZ 1 - 0 ALAVES

Asko daukate egiteko

Alavesek galdu egin du Cadizen, denboraldiko lehen partidan. Arabarrak eskas aritu dira lehen zatian, eta hasi eta berehala sartu diete neurketako gol bakarra

Alaveseko jokalariak, epaileari protesta egiten, atzo, Cadizen jokatutako partidan. ROMAN RIOS / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
1-0. San Emeteriok (7. min).

Abuztuaren 14a, Cadiz (Espainia). Euskal herritar asko han egongo dira oporretan, baina Alavesi lan egitea tokatu zitzaion, eta, zoritxarrez, nahi baino lehenago iritsi zaio aurreneko laneguna. Luis Garcia Plaza entrenatzaileak neurketa atariko prentsaurrekoan esan zuen taldea oraindik ez zegoela bete-betean denboraldiaurre labur samarra egin dutelako, eta taldeak oraindik bost bat jokalari fitxatu behar dituela. Hori guztia antzeman egin zen atzo zelaian. Ez zen itzulerarik onena izan.

Cadiz eta Alaves mailari eusteko borroka horretan egotekoak dira, mailaz jaisteko hautagaien artean ikusten dituzte askok eta askok. Atzokoa, beraz, aurkari zuzenen arteko lehia zen. Bi taldeen artean, baina, alde nabarmena ikusi zen: Cadizek oso argi du nola jokatu; Alavesek, aldiz, ez. Etxeko taldea nagusi izan zen hasiera-hasieratik, eta zazpigarren minuturako aurretik zen. Geldikako jokaldi batean, Federico San Emeteriok buruz sartuzuen lehiako gol bakarra.

Atzean sendo eta aurrean oso gutxi eginda min handia egin zieten etxekoek bisitariei. Luis Hernandezen alboko sake luzeak eta aurrelarien indar bizia amesgaizto izan ziren atzelari gasteiztarrentzat. Bosteko defentsarekin jokatu arren, deseroso antzematen zitzaien.

Baloiarekin, Gebara, Guridi, Luis Rioja eta enparauak argitasunik gabe ibili ziren, pase asko huts eginez. Alavesen lehen jaurtiketa atsedenaldia ia iristear zela ailegatu zen, kontraeraso batean. Guridik gidatutako kontraerasoa bikain amaitu zuen Ruben Duartek jaurtiketa gurutzatu batekin, baina Conan Ledesma atezainak kornerrera urrundu zuen baloia.

Bigarren zatia traza bera hartzen ari zela ikusita, Luis Garcia Plazak bitan pentsatu gabe Kike Garcia zelairatzea erabaki zuen. Osasuna eta Eibarko aurrelari ohiak Alavesekin entrenamendu bakarraosatu arren, bere debuteko neurketan arnasa eman zion taldeari jokatu zuen ordu erdi pasatxoan. Atera eta gutxira, banakoa lortzeko zorian egon zen, baina ez zuen Riojaren erdiraketa ondo errematatzerik izan.

Gola sartu beharrean zen Alaves, eta, aurrera egiteko asmoz, bosteko defentsa desegin, eta eskema erasokorrago baten aldeegin zuen arabarren teknikariak. Eta asmatu egin zuen. Gasteiztarrak gehiagotan jardun zuten Cadizen arean. Golera gerturatzen ari zirela zirudien, baina saririk gabe. Partidaren hondarrean, epaileak Escalante egotzi zuen Kike Garcia takoekin buruan jotzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.