Pilota

Asperen betekada lau eta erdiko finalerdietan

Aspe enpresakoak dira Lehen Mailako Lau Eta Erdiko Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzten lau pilotariak: Ezkurdia Zabalaren aurka ariko da Gasteizen, eta Altuna III.a, Peio Etxeberriaren aurka, Donostian.

Joseba Ezkurdia-Peio Etxeberria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria, atzo, Elizondon jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko urriaren 25a
16:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prest daude Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak: Joseba Ezkurdiak eta Javier Zabalak jokatuko dute lehena, datorren larunbatean, Gasteizen; egun bat geroago, berriz, Jokin Altuna eta Peio Etxeberria ariko dira bigarrenean, Donostian.

Finalerdietan gertatzen dena gertatzen dela, Aspe enpresako pilotari batek irabaziko du txapela, enpresa horretakoak baitira finalerdietan ariko diren lau pilotariak. Ez da hori gertatzen den lehen aldia. Duela hiru urte ere Aspeko lau aritu ziren. Orduko hartako hiru pilotarik jokatuko dute oraingoan: Ezkurdiak, Altuna III.ak eta Peio Etxeberriak. Aitor Elordi aritu zen beste hiru enpresakide horiekin batera. Zabalak hartuko du haren tokia. Zabala lehen aldiz iritsi da maila nagusiko lau eta erdikoaren finalerdietara. Bigarren ahaleginean lortu du hori. Iaz lehen aldiz aritu zen, baina Elordik kanporatu zuen final-zortzirenetan.

Altuna III.a, Ezkurdia eta Peio Etxeberria, ordea, ohituta daude azken txanpan aritzera. Altuna III.a 11. aldiz ari da Lau Eta Erdiko Txapelketan, eta lehen aldian ez beste, beti iritsi da finalerdietara; hamargarrenez ari da orain. Aurreko bederatzietatik zortzitan jokatu du finala, eta lautan irabazi txapela.

Ezkurdia, berriz, hamahirugarrenez ari da, eta seigarrenez iritsi da finalerdietara. Aurreko bost aldietatik hirutan jokatu zuen finala, baita irabazi ere, hiruretan Altuna III.ari. Azken bi urteetan ez zen finalerdietarako sailkatu.

Peio Etxeberriak, azkenik, zazpigarren parte hartzea du, eta bosgarrenez ariko da finalerdietan, bosgarrenez jarraian. Iaz finala jokatu zuen, baina galdu egin zuen Unai Lasoren aurka. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.