Aste Nagusia luzatzera

Denboraldiko lehen puntuak batzeko, aurkari gaiztoa izango du gaur Athleticek San Mamesen: Bartzelona. Valverde baikor da lehiari begira

Athleticeko jokalariak Bartzelonaren aurkako partida prestatzen, Lezaman. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2016ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Athleticek ez zion nahi bezalako hasiera eman Espainiako Ligari joan den astean, 2-1 galdu baitzuen Sportingen zelaian. Gainera, itxura kaskarra eman zuen Ernesto Valverderen taldeak, eta, sasoi-aurreko zalantzak uxatu beharrean, areagotu baino ez zituen egin. Bada, etxetik kanpo lanak egin ezin badira, erremediorik onena etxean sendo agertzea izaten da, eta zuri-gorriek horixe izango dute helburu gaur gauean, San Mamesen. Hori bai, ez dute edonolako aurkaria izango: Bartzelona, iragan sasoiko txapelduna. Zail izango dute hiru puntuak lortzea bilbotarrek, baina baikortasunik ez zaie falta, eta jokalari eta zaleen artean Aste Nagusia beste egun batez luzatu nahiko dute.

Dudarik gabe, Bartzelonaren aurka jokatzeak beti eransten dio neurketari beste motibazio puntu bat. Eta hori baliatu beharko dute zuri-gorriek. Gainera, orain urtebete pasatxoko irudia gehienen oroimenean egongo da. Athleticek 4-0 menderatu zuen Bartzelona Espainiako Superkopako joanekoan, San Mamesen, eta, hura errepikatzea zail izango bada ere, Valverdek uste du badutela irabazteko aukera. «Partida zaila izango da guretzat, baina baita haientzat ere. Bartzelonari kosta egiten zaio Athleticen aurka ongi jokatzea, eta hala jarraitzea espero dugu. Gure onena emanez gero, hiru puntuak etxean geratzeko aukera izango dugu».

Beharbada egia da Kataluniako taldeari kosta egiten zaiola zuri-gorriak nahi bezala menderatzea, baina azken urteotako emaitzek ez diote gezurrik. Ligari dagokionez, San Mamesen jokatutako azken hamar partidetatik bederatzi Bartzelonak irabazi ditu. Athleticek soilik orain dela hiru denboraldi lortu zuen kataluniarrak mendean hartzea. Halere, Luis Enrique Bartzelonako entrenatzaileak nahiago du ez fidatu. «Denboraldiko bisitarik zailenetako bat izaten da San Mamesekoa. Valverde oso bizkorra da, eta badakit Athleticek oso goian egingo digula presioa. Hortaz, kontzentrazioari eustea ezinbestekoa izango zaigu. Galtzen badugu, ez da harritzekoa izango». Hala balitz, Athletic lasaiago iritsiko litzateke ligaren lehen atsedenaldira, punturik pilatu gabe egoteak beti sor baitezake egonezina.

San Jose, min hartuta

Bi entrenatzaileei faltako zaizkie jokalari garrantzitsuak hasierako hamaikakoan. Etxeko taldean, Mikel San Josek ez du jokatuko, min hartuta baitago. Pentsatzekoa da Ander Iturraspe izango dela haren ordezkoa. Atepean, berriz, badirudi Gorka Iraizozek jarraituko duela. Bartzelonaren aldetik, Andres Iniesta ez da zelaian izango, min hartuta dagoelako. Ezta Neymar ere, oporretatik itzuli gabe baitago oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.