Ate handitik sartu da Arzallus

«Ilusioz beteta» heldu dio Gipuzkoa Basketen presidente karguari.Ia ziurtasun osoz, sasoi honetan babesle nagusia izango du taldeak

Donostia
2015eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Emozioak jan zituen Nekane Arzallusen aurreneko hitzak. Eta pozak ere bai. Ez da harritzekoa, Gipuzkoa Basketeko presidente gisa egin zituen aurrenekoak ziren. Kargua hartu berritan, atzo agertu zen Illunbeko prentsa aretoan, bere aurrekari Alvaro Bilbao ondoan zuela. Azken hiru sasoiak egin ditu karguan, eta lan arrazoiengatik utzi du postua.

Ilusioz heldu dio Arzallusek kargu berriari, eta uste du arduraz jokatuta «proiektu polit hau» aurrera ateratzeko gai dela. Baikor agertu zen, etorkizunean gauzak aldatzeko asmoarekin. Hala ere, atzera begiratzeko tartea ere hartu zuen. Gasca kiroldegian ikusitako partidak ekarri zituen gogora, taldearen balioak goraipatzeko: «Zintzotasuna, prestasuna eta erantzukizuna». Taldearentzat hitz onak eta taldekideentzat eskerrak izan zituen. Orain zortzi urte iritsi zen Gipuzkoa Basketera, Miguel Santosek deituta, administrazio kontseiluan aritzeko.

Emakumezko batek ACB ligako talde baten presidente kargua hartzen duen lehen aldia da, baina Arzallusen ustez, «garai hauetan ez luke albiste izan beharko». Espainiako goren mailan, halere, badago aurreko bat, Pepita Merce L'Hospitaleteko presidentea izan zen ACB liga eratu aurretik.

Arlo pertsonaletik kanpo, bulego lan gogorra izango du, azken sasoietako kirol eta ekonomia komeriak ahaztu eta aro berri bati ekin nahi baitio. Alvaro Bilbaok ere hartu zuen hitza, eta bere aroaren balantze positiboa egin zuen. Garai zailak izan arren, bulegoetako lana goraipatu zuen. GBCk hiru sasoitan bi aldiz galdu du maila kantxan, baina bulegoetan irautea lortu dute. Kargua uztearen arrazoia, berriz, denbora ezari egotzi zion.

Gipuzkoa Basketen egoera ekonomikoak okerrera egin du azken sasoietan, eta, hori zuzentzeko, aulkiaren lau hanken laguntza beharko dutela nabarmendu zuen Arzallusek: «erakundeak, enpresak, abonatuak eta babesle nagusia». Era berea, zuzendaritzatik, «gauzak beste modu batean» egitea erabaki dute, eta ez dute jokalaririk fitxatuko zorretan sartuta. Bestalde,babesle nagusiaren kontua konpontzera doala dirudi.

Azken bi denboraldiak egin ditu Gipuzkoa Basketek babeslerik gabe, baina hurrengo sasoian aldaketak izango dira. Arzallusek adierazi zuenez, «dirudienez, babeslea lortzear gertu gaude.Udan akordio bat lortzen badugu, berri ona izango da». Iragan sasoian, taldeak 2,4 milioi euroko aurrekontua izan zuen, eta babesle nagusiak milioi erdian areagotuko luke kopuru hori.

Kirol arloan Jaume Ponsarnauk segitzea nahi duela adierazi zuen, eta ziur dago akordio bat lortuko dutela. Goran Huskic eta Davis Doblas jokalariei buruz ere hitz egin zuen. Huskic utzita aterako dela azaldu zuen; Doblasek berriz, taldean segituko du, beste urtebeterako kontratua geratzen baitzaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.