Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Final-laurdenak

Atea itxita dago

Aspaldiko partez ez dago eztabaidarik Ingalaterrako atezainaren inguruan. Oso lan ona egin, eta postuaren jabe egin da Joe Hart.

Julen Etxeberria.
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Garai batean, ingelesek uste zuten edabe magikoa zutela atezain bikainak emateko. Ez zuten euren selekzioaren ateaz arduratu behar. Bazekiten ondo zainduta zegoela: Gordon Banks, Peter Shilton... berme bikaina ziren. Baina ezer ez da betiko, eta haien ostean eskasia etorri zen. Ray Clemencek, Chris Woodek eta Joe Corriganek nola edo hala estali zuten hutsunea, David Seaman iritsi zen arte. Hamar urte luzez selekzioaren atearen jabe egin zen Seaman, 1991tik 2002ra. Bere merituengatik baino gehiago, lehiakide faltagatik jokatu zituen horrenbeste partida Seamanek. Hark egindako bi huts gogoratzen dira oraindik: 1995eko Europako Errekopako finalean Nayim Zaragozako erdilariak zelai erditik sartu zion gola —garaipena eman zion Espainiako taldeari— eta zazpi urte geroago 2002ko Japoniako eta Hego Koreako Munduko Kopako final-laurdenetan Ronaldinho aurrelari brasildarrak 40 metrotik faltaz sartu zion gola. 2002ko urriaren 16an jarri zen azken aldiz Seaman selekzioaren atepean. Egun horretan, kornerretik sartu zioten gola zuzenean Mazedonian. Huts horrek eman zion errematea.

Seamanen ostean handiagoa egin zen ateko zuloa. David James, Paul Robinson, Ben Foster, Joe Lewis, Scott Carlson, Chris Kirkland... erdipurdiko atezainen ilarak ez zuen etenik. Robert Greenek jarri zuen ginga. Green lotsagabe geratu zen 2010eko Hegoafrikako Munduko Kopan, eskularruetatik ihes egin baitzion Clint Dempsey AEBetako erdilariak indarrik gabe jaurtitako baloi batek. Fabio Capellok ez zuen bitan pentsatu: ez zuen gehiago zelairatu Green. Jamesek ordezkatu zuen. Baina hark ere ez zuen aparteko lanik egin.

Batetik bestera

Joe Hart zen Ingalaterrako hirugarren atezaina Hegoafrikan (Shrewsbury, Ingalaterra, 1987). Ez zuen minutu bakar bat ere jokatu. Capellok ez zuen konfiantzarik harengan. Aurretik ere ez zuten izan konfiantza harengan Manchester Cityko entrenatzaileek. 2006ko udan fitxatu zuen Manchester Cityk, Shrewsbury Townetik, baina lau urtean partida ofizial bakarrean zaindu zuen talde berriaren atea. Gainera, lehen bi atezainak min hartuta zeudelako eman zioten aukera.

Tranmere Roversen, Blackpoolen eta Birmingham Cityn. Hiru talde horietan bai izan zuen bere dohainen berri emateko aukera. Utzita jokatu zuen, eta bikain moldatu zen. Horri esker itzuli zen Manchesterrera 2010eko udan. Itzuli eta nabarmendu: lehenbizi, entrenamenduetan, Shay Given Irlandako selekzioko atezainari aurrea hartuta; eta bigarrenez, Ligako estreinakoan, geldiketa bikainak egin eta neurketako jokalari onenaren saria irabazita. Ordutik inork ez du mugitu atetik. Hartek postuan jarraitzeko merituak egin ditu: bi aldiz aukeratu dute Ligako atezain onena. Lehen denboraldian, gainera, marka bat ezarri zuen klubean: ez zioten golik sartu 29 partidatan. Bigarren sasoian ere oso lan ona egin du, eta haren lanak zerikusi handia izan du 44 urteren ostean, Manchester Cityk Liga irabaz dezan. Hain ona izan da haren lana, ezen laudorioak jaso baititu aurkari gorrotatuenarengandik, hots, Manchester Unitedetik. «Atezain magikoa da», esan du hari buruz Alex Fergusonek.

Seguru bere taldean, eta seguru selekzioan. Hartek bi urte daramatza selekzioaren atea zaintzen, eta oraindik ez du huts larririk egin. Ez da gutxi, haren aurretik egondakoak ez ziren gai izan hori egiteko. Inoiz geratu ziren lotsagabe. Eurokopa honetan hiru gol sartu dizkiote Harti, hau da, gol bat jaso du partidako. Hiru gol horietako bakar batean ere ez du izan errurik. Aitzitik, haren geldiketek behin baino gehiagotan salbatu dute Ingalaterra. Aspaldiko partez zaleak lasai daude. Oraingoz ez dute kexarik. Oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.