Atea, zabalik edo itxita?

Kepa Arrizabalagari kontratua amaituko zaio Athleticekin ekainaren 30ean. Klubak eta atezainak ia urtebete daramate negoziatzen hitzarmena berritu nahian, baina, oraingoz, ez dira ados jarri. Egonezina dago zaleen artean.

Kepa Arrizabalaga, denboraldi honetan Lezaman egindako entrenamendu saio batean. LUIS TEJIDO / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Kepa Arrizabalaga bere etorkizunaren jabe izango da urtarrilaren 1etik aurrera. Urte berria hasten duenean sei hilabete faltako ditu atezainak Athleticekin duen kontratua amaitzeko, eta jokalariak nahi duen taldearekin negoziatzeko eta sinatzeko aukera izango du. Hala ere, inork sinesten al du jokalariaren ordezkariak eta atezaina fitxatzeko interesa duten klubak gora begira egon direla orain arte? Ez. Futbolean gauza gutxi lagatzen dira azken unerako. Tartean diru asko badago jokoan, zer esanik ez.

Jakina da Athleticek eta jokalariak 11 hilabete daramatzatela negoziatzen eta, oraingoz, ez dagoela akordiorik. Denbora aurrera doa, eta egunak pasatu ahala, zaleen artean dagoen kezka areagotuz doa. Zer gertatuko da atezainarekin? Fernando Amorebietak,Ander Herrerak, Fernando Llorentek eta Javi Martinezek egin zuten legez, beste bide bat hartuko al du? Edo Aymeric Laportek erabaki bezala, Athletic aukeratuko du futbolari gisa hazteko? Gaur-gaurkoz, mahai inguruan biltzeko ateak zabalik daude alde bietatik, baina aurki itxiko dira. «Negoziazioak hasi eta amaitu egiten dira», esan zuen Josu Urrutia presidenteak duela bi aste. Onerako zein txarrerako, amaiera ez da asko luzatuko.

Athleticen ez da ohikoa izaten klubaren eta jokalarien arteko negoziazioen nondik norakoen berri izatea. Gehienetan isilpean aritzen dira, baina Keparekin bolo-bolo dabiltza alde batek eskatu eta besteak eskaintzen dituen kopuruak. Eta, gutxitan bezala, batzuek eta besteek emandako kopuruak bertsuak dira. Oso adierazgarria da. Gozo egongo da Urrutia.

Kontuak kontu, duela urtebete atezainak eta bere inguruak ez zuten argi ikusten Athleticeko teknikariek bere aldeko apustua egiten ari zirenik. Klubak ondo zainduta ikusten omen zuen atea Gorka Iraizozekin eta Iago Herrerinekin. Baina epe laburrean gauzak goitik behera aldatu dira. Kepak asko erakutsi du partida gutxitan. Debutatu zuenetik nabarmen egin du gora haren balioak. Eta, hasieran, sasoiko milioi euroko soldatarekin konformatzen zen, baina bikoitza jasota gogobetetzen da orain. Urteko 2,2 milioiko kontratuarekin jarri dira ados. Trukean etete klausula handia jarri nahi dio klubak, baina hori ez du gura jokalariak. Puntu horretan omen dago negoziazioa azken erabakiaren atarian. Futbolaren legea da. Atezaina eskatzeko moduan da, eta eskatu egin du. Beste askotan, klubek izaten dute azken hitza.

Eta orain zer? Bi aukera daude: bata, bi aldeak ados jartzea eta Kepak Athleticekin urte askotako kontratua izenpetzea. Notizia handia litzateke, estrategikoa, eta ilusioa sortuko lukeena. Eta Athleticen inguruak behar du bizipoz apur bat. Aspaldian ezkortasuna da nagusi taldearen inguruan. Jokalari on bat lotzea beti da albiste ona. Baina, gainera, etxekoa bada eta umetatik Lezaman aritu baldin bada, indarra emango lioke Athleticek hartu duen bideari. Futbolean gauzak ezberdin eginda proiektu lehiakorra sor daitekeela sinesteko balioko luke.

Baina Kepak eskubide guztia dauka beste bide bat hartzeko. Taldea aldatzeko, alegia. Napoli, Arsenal, Juventus eta, batez ere, Real Madrili lotua agertu da haren izena. Guztietatik espainiarren izena agertzen da indar handiagoz. Florentino Perezek urteak daramatza goi mailako atezain bat lotu guran: David De Gea, Thibaut Courtois eta Gianluigi Donnarumma erakartzen ahalegindu da aurretik, eta orain Kepa du begiz joa. Luis Llopis atezainen prestatzailea Real Madrilen egoteak izan lezake zerikusia. Llopisek ondo ezagutzen du Kepa. Joaquin Caparrosekin batera, lau urtez aritu zen Athleticen. Ordutik ezagutzen du. Egun, atezainak entrenatzeaz ez ezik, ardura handiagoak ere baditu taldean. Zinedine Zidaneren konfiantzazkoa da.

Simon eta Remiro, ate joka

Real Madrilen interesari bizkarra ematea gaitza da. Era berean, gorengo mailan hasiberria den 23 urteko gazte batentzat gaitza izan behar du Kepak daukan presioari eusteak. Baina atezaina lasaia da oso, zelaian eta zelaitik kanpo. «Ez nago itsu. Badakit zer pasatzen den nire inguruan. Baina zurrumurruak ez naute urduritzen», esan zuen joan den astean. Eta hala ari da erakusten. Baina, egun, ez du duela gutxira arte San Mamesek erakusten zion babesa. Lehen geldiketa guztiak amorruz txalotzen zituen zaleak. Azkenaldian, ordea, maila bereko geldiketek ez dute erantzun bera. Isiltasuna da nagusi. Txarrenean jarrita egongo al da zalea? Hala bada, alternatibak aurkitu beharko ditu Athleticek. Zorionez, non aukeratu izango dela dirudi. Unai Simon (Gasteiz, 1997) pauso sendoak ematen ari da Athletic B-n. Pauso bat aurrerago dago Alex Remiro (Cascante, Nafarroa, 1995). Kepak bere sasoian egin bezala, maletak egin eta Huescan ari da utzita. Esperientzia pilatzen ari da. Taldea, gainera, bikain dabil, lider baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.