«Aterako da atzetik»

Mikel Arruabarrena Eibarreko kapitain izandakoak uste du taldeak buelta emango diola egoera zailari. Dioenez, «komeni da ahalik eta azkarrena irabaztea partida bat»; gaurkoa, adibidez: Eibarrek Granada hartuko du Ipuruan (21:00).

Mikel Arruabarrena Levanteren aurkako partidan, Ipuruan, 2014-2015eko denboraldian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Tolosa
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Bi puntu azpitik du Eibarrek Bigarren Mailara jaisteko arriskua. Bolada txar batek eraman du zuloaren ahora: azken bost partidetan, puntu bakarra lortu du. Lehen ere egondakoa da antzeko egoeran Lehen Mailan denetik, eta, gero, ia denetan hartu ahal izan zuen arnasa lasai. Behin joan zen behera, 2014-2015eko denboraldian. Orduan, bigarren itzulian eskas aritu zen Eibar: bi garaipen eta bi berdinketa baino ez zituen lortu; zortzi puntu mehe.

Talde hartako kapitaina zen Mikel Arruabarrena (Tolosa, Gipuzkoa, 1983), eta, oraingo taldearen aldagelako kide ez bada ere—aurreko denboraldian amaitu zuen jokalari ibilbidea, Pontevedran (Galizia)—, ezaguna egiten zaio orain taldeari gertatzen ari zaion guztia. Ezer baino lehen, konfiantza erakutsi du: «Buelta emango dio oraingoari Eibarrek. Uste handia daukat haiengan, eta denbora asko falta da oraindik Liga amaitzeko».

Dena dela, etxeko lan bat azkar egiteko eskatu die jokalariei: «Lehenbailehen irabazi behar dute partida bat. Bestela, burua beherantz joaten hasten da, konfiantza galtzen». Gaur bertan du Jose Luis Mendilibarren taldeak partida bat «azkar» irabazteko aukera. Granada datorkio Ipuruara gauean (21:00), etxekoak bezala emaitza bolada txarrean den talde bat: azken bost partidetan, bat dauka irabazia eta bat berdindua.

Arruabarrenak uste du Eibarrek harrapatuko duela emaitza segida ona: «Duela jardunaldi batzuk horixe egin zuen zulotik ateratzeko, eta lortuko du berriz ere». Iraganeko beste adibide batekin osatu du baieztapena: «Duela bi urte ere larri zebilen, eta, Betisi Ipuruan 5-0 irabazi ondoren, hurrengo sei partidetatik bostetan lortu zuen garaipena».

Oso garbi dauka zeinen arabera egongo den Eibarren denboraldiaren bilakaera: «Aurrelarien lana funtsezkoa izango da. Maila ona daukate, eta, azken denboraldietan, bat ez bada bestea ibili da oso ondo, baina hobetu egin behar dute. Hala egiten badute, taldea lasai ibiliko da, baina, bestela, larri mailari eusteko». Jokalari horiek egiten dutenak taldeari eragiten diolakoan dago: «Presioan, adibidez, gose gutxirekin ikusten ditut, pentsatuz bezala indarrak gorde behar dituztela gero aukerak sartzen hobeto aritzeko, eta presioa ondo egiten dutenean taldeari onerako eragiten dio horrek». Neguko fitxaketen merkatuan beste aurrelaririk ez lukeela ekarriko gaineratu du. Izan ere, badator neguko azoka, eta uste du taldea indartu egingo duela klubak: «Ez dakit zer postu sendotu nahiko duen klubak, baina baten bat etorriko dela garbi daukat, oso garrantzitsua baita Eibarrentzat Lehen Mailan jarraitzea. Diru asko dago jokoan».

Mailari eusteko helburua lortu ahal izateko, jokalari beteranoen ardurari ere aparteko garrantzia eman dio denboraldi honetan taldeak izango duen bilakaeran: «Horiek atera behar dute taldea zulotik: Kikek, Enrichek, Pedro Leonek... Erasoko jokoan, Orellana bakar antzean aritu da, besteen laguntza handirik gabe».

Dena ez da, baina, baikortasuna kapitain ohiaren mezuan: «Etxeko izaera galdu du Eibarrek, bertako jokalari bakarra duelako, eta, egoera txarretan, oso beharrezkoak dira etxekoak, Eibarrentzat Lehen Mailan segitzeak duen garrantzia nabarmentzeko. Hori da nire kezka orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.