Denboraldiko lehen geldialdi luzera aldarte ezberdinean iritsiko dira Athletic eta Alaves. Halako eten luzeak lasai antzean igaro nahi badira, aurrez garaipena lortzea izaten da talde guztien zeregina, baina hiru puntuak lortu gabe geratu dira gaur bilbotarrak eta gasteiztarrak, San Mamesen. Sasoiko bigarren derbian ez da golik izan, baina, puntuak balio bera izan arren, zaporea erabat ezberdina izan da bi taldeetako partaideentzat. Athleticek goitik behera kontrolatu du partida, baina ezin izan du Alavesek atzean altxatutako harresia gainditu, eta, beste behin, ezina nagusitu zaio Edin Terzicek zuzendutako taldeari. Argitasuna eta kalitatea falta izan ditu erasoan, eta Sancetek ere ez du asmatu penalti puntutik, Siverak jaurtiketa gelditu baitio. Alavesi, berriz, bikain funtzionatu dio planak. Gidoia aurrez pentsatu bezala idatzi du, eta balio handiko puntua sartu du poltsikoan. Hala, sailkapenean 11 puntu dituzte gasteiztarrek, eta hiru gutxiago bilbotarrek.
Epaileak hasierako txistua jo bezain laster antzeman zaie bi taldeei zertara zelairatu diren. Athleticen xedea izan da agintzea, baloia oinetan izatea eta erasora jotzea. Alavesek, bere aldetik, atzean ordena eta sendotasuna mantentzea izan ditu helburu, eta, ahal dela, kontraerasoan ateratzea. Bi entrenatzaileen eskua nabaritu da, lehia taktikoa izan da, eta Quique Sanchez Floresek irabazi du pultsua. Izan ere, iragan jardunaldian Elxen aurka gertatu bezala, azken metroetan inspiraziorik eza nabaritu zaio etxeko taldeari. Zelaiaren hiru laurdenetara erraz ailegatu da, baina hortik aurrera komeriak izan ditu. Sancet agertu ere ez da egin, Alaveseko bi jokalari gutxienez gainean izan dituelako erabat, eta hegaletatik egindako erdiraketei ez diete etekinik atera zuri-gorriek. Iraganeko mamuak agertu dira berriz San Mamesen, eta jarraitzaileen pazientzia bukatzear izan da.
Nahi eta ezinaren ondorioz, areaz kanpoko jaurtiketen bidez soilik sortu du arriskua Athleticek. Robert Navarro birritan saiatu da, eta Jauregizarrek ere egin du ahalegina, baina guztietan Sivera zuhur aritu da atepean. Aurrelari fin baten falta sumatu du Terzicen taldeak. Iñaki Williams aritu da zeregin horretan, baina nabaritu zaio ez dela aurrelari petoa. Hots, Alavesen defentsak ere goraipatzeko moduko lana egin du. Ez du huts txiki bakar bat ere egin, eta batez ere Tenaglia eta Koski bikain aritu dira baloi arriskutsuak gelditzeko orduan. Erasoan biziago ibiltzea soilik falta izan zaio Gasteizko taldeari.
Alavesek, aurrerapausoa
Bigarren zatiari begira, Terzicek Areso zelairatu du, Johaneko kenduta. Sakontasun handiagoa nahi zuen entrenatzaile alemaniarrak. Lehen minutuetan ez da aldaketarik antzeman, baina 60. minututik aurrera beste txinparta bat zutela jokatu dute etxekoek. Berenguer zelairatu izanak lagundu egin du horretan. Athleticen minuturik onenak izan dira, Nico Williams ere finago aritu da ezker hegaletik, eta gisa horretan iritsi da arratseko jokaldi garrantzitsuena. Tenagliak, nahi gabe, Williams anaietan gazteena jo du oinean, area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Sancet berak hartu du baloia, konfiantzaz zegoelako, baina penalti puntutik ere kale egin du, 70. minutuan. Siverak ederki antzeman dio zein aldetara jaurti behar zuen.
Hortik aurrera, behetik gora egin du Alavesek, eta Sanchez Floresek bi jokalari garrantzitsu zelairatu ditu: Antonio Blanco eta Toni Martinez. Bi horien ekarpena garrantzitsua izan da, eta gasteiztarrek aurrerapauso bat eman dute. Gol aukera garbi bat sortzear izan dira azken minutuetan, baina ez dute asmatu. Athleticek, berriz, beste behin erakutsi du zailtasun handiak dituela atzean sartzen diren taldeen aurka jokatzeko. Bi asteko etenaldian badu zer hobetua Terzicek. Kontrara, bide berean segitzea izango du helburu Gasteizko taldeak.
ATHLETIC-ALAVES
Athletic. Unai Simon; Johaneko (Areso, 46. min.), Paredes, Laporte, Yuri (Nico Serrano, 86. min.); Ruiz de Galarreta, Jauregizar (Berenguer, 61. min.); Robert Navarro (Canales, 75. min.), Sancet, Nico Williams; eta Iñaki Williams (Maroan, 61. min.).
Alaves. Sivera; Tenaglia, Koski, Valentini, Jonny Otto; Gebara, Protesoni (Antonio Blanco, 75. min.), Pablo Ibañez (Aleña, 84. min.), Rebbach (Yusseff, 65. min.); Lucas Boye (Angel Perez, 75. min.) eta Mariano Diaz (Toni Martinez, 65. min.).