Athleticek bi minutuan bideratu du Atletico Madrilen aurkako partida

Nico Williamsek eta Robert Navarrok gol bana sartu dute bigarren zatiko lehen bi jokaldietan. 2-0 aurretik zirela, zuri-gorriak sendo aritu dira bost jokalariko defentsarekin, eta, amaieran, Sancetek biribildu du festa.

Oihan Sancet gola ospatzen, atzean Johaneko duela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Oihan Sancet gola ospatzen, atzean Johaneko duela, gaur, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2026ko irailaren 5a
18:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste osoko lanak bi minutuan biribildu ditu gaur Athleticek, San Mamesen, Atletico Madrilen aurka. Lehen zatia lehia bizikoa izan da, eta bigarrenean, berriz, zuri-gorriak suziri baten moduan zelairatu dira, eta lehen bi jokaldietan bideratu dute partida. Bata bestearen jarraian, bi gol bikain egin dituzte, eta gisa berean, gainera. Zelai erdian baloia lapurtuta, azkar eta sakon jokatu du Edin Terzicen taldeak, eta saria eskuratu bietan. Lehen gola Nico Williamsek sartu du, eta bigarrena, Robert Navarrok. Gerora, taldeak ezin hobeki kudeatu du egoera, atzean sendo ibiliz eta patxadaz jokatuz. Hori nahikoa ez, eta azken orduan hirugarren gola sartu du Oihan Sancetek. Zoramena nagusitu da harmailetan, eta ez da gutxiagorako, Athleticek itxura bikaina baitu.

Bi taldeek ekin diote partidari konfiantzaz gainezka, iragan jardunaldian erakustaldi handia emana zuten eta. Beroa etsai izanagatik, erritmo bizian hasi dira lehian, eta, berehala, Atletico Madrilek esku-eskura izan du arratsaldeko lehen gola. Jokaldi on bat josi ondoren, Leek zutoinera jaurti, eta baloiak alderik alde gurutzatu du Unai Simonen atea. Mirariaren parekoa izan da markagailua hutsean gelditu izana. Susto hori pasatzea kosta egin zaie zuri-gorriei, eta beren onera etorri gabe egin dituzte hurrengo minutuak. Atletico Madrilen presioa gainditu ezinik ibili dira, eta zailtasunak izan dituzte zelai erdiko lerroa igarotzeko.

Lehen hamar minutuak beteta, etxeko taldea partidari neurria hartzen hasi da. Sancetek, beste behin, txinparta bereziarekin jokatu du, eta funtsezkoa izan da Athleticen jokoan. Lerro artean bikain mugitu da, buelta erdia eman eta bikain zuzendu da aurkariaren areara, baina bilbotarrek fintasuna falta izan dute azken pasean. Fintasuna, eta sakontasuna. Baloi geldietan min egin dute, eta Sancetek berak ere gol aukera polit bat izan du 18. minutuan, baina jokaldiak ezin amaituta jardun da Terzicen taldea. Minutu luzez nagusi izanda ere, ez du aginte hori gol bidez islatu ahal izan. Hala, Atletico Madrilek berriro behetik gora egin du lehen zatiko azken minutuetan, eta etxekoek gustura hartu dute atsedenaldia.

Marrazki aldaketa

Atsedenetik bueltan, inor gutxik espero zuen gidoia nagusitu da. Atletico Madrilek jarri du jokoan baloia, zelai erditik, eta, jarraian hiruzpalau pase eman ondoren, Atleticek modua egin du baloia berreskuratzeko. Birritan pentsatu gabe sakon jokatu, eta horri esker ailegatu da Nico Williamsen 1-0ekoa. Iñaki anaiaren jokaldia buruz errematatuta, denboraldiko lehen gola sartu du Williams anaietan gazteenak. Zuri-gorriak, hala ere, ez dira gol horrekin konformatu, eta segidan heldu da 2-0ekoa, modu berean. Gerenabarrenak baloia bereganatu eta pasea eman dio Williamsi, eta ondorengo artelana Robert Navarrok egin du. Atzelariari izkin eginda, zutoin ondoan jarri du baloia ezker oinarekin, zaleen zoramenerako.

Bigarren zatia hasi orduko, Athleticek bikain osatu ditu lanak, baina luzaz kontzentratuta jardun behar izan du emaitzari bere horretan eusteko. Lehenbizi, Jauregizar zelairatu du Terzicek, taldeari ahalmen fisiko handiagoa emateko asmoz. Eta, gero, marrazkia aldatu. Izan ere, Johaneko eta Berenguer zelairatuta, zuri-gorriek bost jokalariko defentsarekin jardun dute. Apenas sufritu duten atzean, eta, Atletico Madrilek arriskua sortu duenetan ere, Unai Simon zorrotz ibili da. Bigarren jardunaldiz jarraian, atea hutsean uztea lortu du, eta, iragan denboraldiari erreparatuta, bada zerbait. Festa biribiltzeko, Sancetek 3-0ekoa egin du azken txanpan.

Athletic. Unai Simon; Areso, Yeray (Paredes, 46. min), Laporte, Yuri; Gerenabarrena, Ruiz de Galarreta (Jauregizar, 61. min); Robert Navarro (Johaneko, 66. min), Sancet, Nico Williams (Guruzeta, 76. min); eta Iñaki Williams (Berenguer, 66. min).

Atletico Madril. Oblak; Llorente, Pubill, Hancko, Grimaldo; Hjulmand (Koke, 59. min), Pablo Barrios, Baena (Cardoso, 76. min); Simeone (Romero, 59. min), Lookman (Arnau Ortiz, 59. min), eta Lee (Julian Alvarez, 59. min).

Golak. 1-0: Nico Williamsek (46. min). 2-0: Robert Navarrok (47. min). 3-0: Sancetek (89. min).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA