Celta 2-0 Athletic

Athleticek galdu du egin du Vigon, Celtaren kontra

Bigarren zatiaren hasieran sartu dizkiete bi golak zuri-gorriei. Horren ostean, arriskua sortu dute, baina, Nico Williamsek penalti bat huts egin, eta azkenean ezin izan dute golik sartu.

Nico Williams baloiarekin, gaur, Vigon. SALVADOR SAS / EFE
Nico Williams baloiarekin, gaur, Vigon. SALVADOR SAS / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko abenduaren 14a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ligan bi garaipen segidan kateatu ezinda dabil Athletic oraindik ere. Zuri-gorriek garaipen handia lortu zuten joan den astean, Atletico Madrilen aurka, baina gaur ezin izan dute irabazi Vigon. 2-0 galdu dute Celtaren kontra.

Laugarren elastikoa jantzi dute gaur Athleticeko jokalariek, gorria; janzkera aldatuagatik, ordea, orain arteko joera ez dute aldatu, eta ezin izan dituzte hiru puntu batu bigarrenez segidan. Lehen zatian baloia eduki dute zuri-gorriek, baina arrisku oso gutxi sortu dute. Ez talde batek ez besteak ez du gol aukera argirik izan lehen 45. minutuetan, Athletic hobeto zebilela zirudien arren.

Bigarren zatiaren hasieran, goitik behera aldatu da panorama: 48. minutuan, lehen gola sartu du Celtak. Minguezak egin du jokaldia, ezker hegaletik. Baloia bigarren zutoinera erdiratu, Ruedak area txikira bidali, eta Swedbergek bakar-bakarrik errematatu du han. 

Celtak gola sartuta, ireki egin da partida. El Abdellaoui gazteak abagune argi bat huts egin du 49. minutuan, baina ez 55.ean: Vivianen aldaratze bati esker, buruz buru geratu da Unai Simonen parean, eta, jaurtiketa loratu bat eginez, zoragarri amaitu du jokaldia. Hamar minutuan, partida maldan gora jarri zaio Athletici.

Golik ez

Aurkariak bigarren gola sartu eta gutxira heldu zaie zuri-gorriei partidan sartzeko abagunea. Bi hilabetez min hartuta egon ostean, zelaira itzulia zen Iñaki Williams, eta, hain justu, penaltia egin dio Carreirak, baina Nico Williamsek gaizki jaurti du, eta Radu atezainak ondo geratu du baloia.

Azken minutuetan sortu du arriskua Athleticek, nagusiki erdiraketen bidez. Aukerarik argiena Urko Izetak izan du, baina haren jaurtiketek zutoina jo dute.

Behin-behinean, Athletic zazpigarren da sailkapen nagusian, 23 puntu lortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.