ATHLETIC 0-1 ESPANYOL

Athleticek era mingarrian galdu du Espanyolen aurka, San Mamesen

Jokoz eta jarreraz triste jardun dira zuri-gorriak, eta merezita galdu dute. Europako postuetan finkatzeko bidean atzerapausoa eman du Edin Terzicek zuzenduriko taldeak.

Iñaki Williams. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iñaki Williams, Espanyoleko jokalari batekin lehian. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2026ko azaroaren 20a
23:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez atzera eta ez aurrera. Denboraldiaren lehen herena igarota, abiapuntuan jarraitzen du Athleticek. Argi-ilunak izan ditu orain arteko bidean, eta etsigarria izan da gaurkoa, jokoz triste jardun ondoren, merezita galdu baitu Espanyolen aurka, San Mamesen: 0-1. Galtzea da gauza bat, baina era horretan galtzeak egiten du min, eta txistu hots batzuk ere entzun dituzte jokalariek harmailetatik. Jokoz ez ezik, jarreraz ere pattal aritu da Edin Terzicek zuzenduriko taldea, eta atzerapauso nabarmena eman du Europako postuetan finkatzeko bidean. Beste behin, zalantzak eragin ditu Terzicek planteatutako jokoak, eta jokalaririk onenak beraien joko onenetik oso urrun ibili dira. Atzean ez dute behar adinako sendotasunik erakutsi, eta inspirazioa eta kalitatea falta izan zaizkie erasoan. Hortaz, aste luzea bizi beharko dute Lezaman.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, zelai erdiari arnas berria eman dio Terzicek, Pradosek eta Canalesek osaturiko bikotea zelairatu baitu. Lesio larria atzean utzi ondotik, berriz ere hasieratik aritu da nafarra, urtebete eta hiru hilabeteren ondoren. Partidari duin ekin dio Athleticek, ohiko ezaugarriei eutsiz: presioa goian egin dute jokalariek, eta ahalegin betean aritu dira baloia berreskuratzeko bidean. Erritmo itogarria ezarri diote lehiari, eta Espanyol atzean sartuta edukiarazi dute. Hori bai, sendotasun handiarekin egin dute defentsako lana kataluniarrek. Bost jokalariz osaturiko defentsa lerroa eraiki dute; hori gutxi ez, eta zelai erdiko bi jokalariak ere atzean zorrotz jardun dira. Harresiaren kontra neke lanean ibili dira bilbotarrak.

Partidaren ordu laurdena betetzearekin batera, gidoia aldatzen hasi zaio norgehiagokari. Espanyolek aurrerapauso bat eman du, eta konfiantza irabaziz joan da pixkanaka. Eder Sarabiak entrenatutako taldeek ohikoa duten moduan, baloia egoki ukitu dute bisitariek, eta gero eta atzerago kokatu behar izan du Athleticek. Hasierako erauntsiari eutsi eta gero, gehiago izan da Espanyol hurrengo minutuetan. Gol aukera garbiak sortzea kosta egin zaio, baina sentsazioa izan da erosoago egon dela zelaian. Triste jokatu du Athleticek, eta iparra galduta ibili dira jokalariak. Baloi guztietara berandu ailegatu dira, eta harmailetan batek baino gehiagok lehenago atera du ogitartekoa zorrotik.

Gehien sufritzen ari zen momentuan izan du gol aukerarik onena etxeko taldeak. Kontraerasoan ailegatu da aukera. Espanyol luzaroan ibili da Unai Simonen area inguruan, baina egin duen lehen akatsa garesti ordaintzeko zorian izan da. Baloi luze bat dotore irabazi du Nico Williamsek, pase ederra eman dio gero Iñaki anaiari, baina kapitainak huts egin du atezainaren aurrean, 25. minutuan. Barkatu ezin den gol aukera horietakoa huts egin du. Dena den, hamar minutu geroago Espanyolek ere izan duela bere aukera. Jokaldi nahasi batean 0-1ekoa egiteko zorian izan da. Hortaz, bi taldeak hutsean berdindurik erretiratu dira atsedenaldira.

Kolpeari erantzun ezinik

Kezkati eta burumakur agertu da Terzic aldageletarako bidean. Zer hobetua ikusi dio taldeari, eta bigarren zatian beste jarrera batekin zelairatu dira zuri-gorriak. Lehen zatian bezala, hasierako hamar-hamabost minutuetan bizi ibili dira etxekoak. Williams anaiek pare bat aukera on izan dituzte, baina alferrik. Hori bai, berehala jaitsi zaie aparra. Pixkanaka lehiari neurria hartzen joan da Espanyol, eta jokoaren jabe egin da. Berak nahi duen tokira eraman du jokoa, eta Athletic nahi eta ezin ibili da. Erasoan argitasun handia falta izan zaio.

Gola egiten asmatu duena Roberto izan da, Espanyoleko aurrelaria. Defentsan oso bigun ibili dira goleko jokaldian Yeray eta Laporte, eta aurrelariak ez du barkatu. Baloia ederki gurutzatuta, maisuki gainditu du Unai Simon, 66. minutuan. Denboraldiko zazpigarren gola egin du Espanyoleko aurrelariak. Gola kolpe latza izan da etxeko taldearentzat, eta, egoera irauli nahirik, aulkia astindu du entrenatzaile alemaniarrak. Ruiz de Galarreta zelairatu du, jokoari hauspoa eman nahirik, eta ondoren Robert Navarro eta Rego ere sartu dira zelaira. Baina aldaketek ez dute fruiturik ekarri.

Azken txanpan gogotik estutu du Athleticek, baina ez du berdinketaren golik egin. Txinpartarik gabe ibili dira zuri-gorriak, eta bi asteko etenalditik bueltan jokatu arren, batere freskotasunik ez dute erakutsi. Terzicen bide-orriak badu zer hobetua. Hurrengo partida datorren larunbatean jokatuko dute bilbotarrek, Malagaren zelaian. Luze egin behar zaie astea.

ATHLETIC-ESPANYOL
Athletic.
Unai Simon; Hugo Rincon (Robert Navarro, 68. min.), Yeray, Laporte (Rego, 84. min.), Yuri; Prados (Gerenabarrena, 68. min.), Canales (Ruiz de Galarreta, 60. min.); Berenguer, Sancet (Vizcay, 84. min.), Nico Williams; eta Iñaki Williams.
Espanyol. Fortuño; El Hilali, Riedel, Cabrera, Hartman (Unai Nuñez, 84. min.), Hinojo (Moscardo, 65. min.); Lozano, Bauza (Javi Hernandez, 65. min.); Pere Milla (Dolan, 56. min.); Santiago, eta Roberto (Puado, 84. min.).
Gola. 0-1: Robertok (66. min.).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA