Hiru aste luzeko etenaldiaren ondoren, bihar itzuliko dira lehiara Athletic eta Alaves, ligako zortzigarren jardunaldiari dagokion neurketa jokatu beharko baitute. Hain justu, geldialdiaren aurreko azken partidan hutsean berdindu zuten elkarren aurka bi taldeek, San Mamesen, eta garaipenaren bidera itzultzea izango dute helburu. Etxetik kanpo jokatuko dute zuri-gorriek, Rayo Vallecanori egingo baitiote bisita (14:00, DAZN). Erizaindegia izan da protagonista Lezaman azken egunotan, baina, hutsune garrantzitsuak ahaztuta, «talde izaera» hartuko du abiapuntu Edin Terzicek hiru puntuak lortzeko asmoz. Gasteiztarrek, bestalde, harri gogorra izango dute Mendizorrotzan: Atletico Madril (16:15, Movistar). Sasoiari distiratsu ekin ondotik, ilusioari bere hartan eustea izango du erronka Quique Sanchez Floresen taldeak. Egun handietako giroa izango da harmailetan.
Aurkariari ez ezik, kasik neurri bereko giroari ere aurre egin beharko dio Athleticek Vallecasen; besteak beste, denboraldi honetan estreinakoz bihar irekiko baititu ateak Vallecasko estadioak. Segurtasun neurriak tarteko, instituzioek itxita edukiarazi dute orain arte, eta beste zelai batean jokatu behar izan du Rayo Vallecanok: Butarquen, Leganesen zelaian. Konponketa lanak eginda, berriro ere bere eremura itzuliko da Beñat San Joseren taldea, eta, ohikoa den moduan, gogotik estutuko dute jarraitzaileek. Dena den, aurrekariak alde dituzte zuri-gorriek. Historiari erreparatuta, 23 aldiz jokatu izan dute zelai horretan, eta bederatzitan irabazi, zortzitan galdu, eta seitan berdindu. Azken aldiz duela hamabi urte galdu zuten. Baikortasunik ez du falta Terzicek. «Denbora sobera izan dugu partida prestatzeko, eta ilusioa berreskuratzeko gogoz gaude. Ondo sentitzen gara, eta landutakoa praktikan jarri nahi dugu».
Rayo Vallecanok berak baino, gehiago kezkatzen du bere taldeak entrenatzaile alemaniarra. Taldeko bi izar nagusiek min hartu dute aste honetan: Nico Williamsek eta Oihan Sancetek. Giharretako arazoak dituzte, enegarrenez. Bi jokalari horien faltan, talde izaerari helduko dio Terzicek. «Elastikoan daramagun gauzarik garrantzitsuena klubaren armarria da, eta ez norbanakoaren izena. Ez da gustagarria halako bi jokalari min hartuta egotea, baina konfiantza osoa dut taldean». Erasoan aldaketak egin beharko ditu, Alvaro Djalo bera ere oinazez ibili baita asteon. «Klub honek duen altxor nagusia Lezama da, eta gazteek lagunduko digute». Defentsari dagokionez, berriz, sendo jokatu beharko du Athleticek, eta Sergio Camello kate motzean lotu. Dagoeneko zazpi gol egin ditu aurrelari madrildarrak, Athleticek berak adina.
Olatuari eustera
Defentsako jardunari eutsiz, Alavesi ere jokalari garrantzitsu bat falta izango zaio ziurrenik, Ville Koski ezin osaturik baitabil. Finlandiako selekzioarekin min hartu zuen joan den astean, eta arazoak ditu eskuin hankako giharretan. Hasieran, bazirudien aste batzuez zelaietatik aldendu beharko zuela, baina lesioak ez dirudi hain larria. Edonola ere, zail izango du Atletico Madrilen aurka jokatzea. Ezbairik gabe, hutsune garrantzitsua izango da Sanchez Floresen taldearentzat, Koski bera izan baita orain arte minutu gehien jokatu duen jokalaria, Antonio Sivera atezainarekin batera. Lan distiratsua egin du finlandiarrak, eta datuek hala baieztatzen dute. Alaves da ligan gol gutxien sartu dioten taldea, Celtarekin eta Athleticekin batera: sei besterik ez. Ondo bidean, Jonny edota Valentini izango da hasierako hamaikakoan.
Hain zuzen, atzean eraikitako harresiari zutik eustea izango da baldintza nagusia hiru puntuak lortzeko, Sanchez Floresen arabera. «Kalitatez eta taktika aldetik munduko talderik aberatsenetakoa da Atletico Madril. Partida batek dituen momentu guztiak bikain irakurtzen ditu, eta gai da aulkitik jende berria aterata partidaren bidea aldatzeko. Irabazi nahi badugu, atzean sendo egon beharko dugu, eta aurrean inspirazioz gainezka». Ahal dela, olatuari eutsi nahiko lioke entrenatzaileak, eta horretarako Mendizorrotzaren magia ikusi nahi luke. «Etxean jokatzen dugunean, edozein taldek badaki oso zaila dela guri irabaztea, eta lehiakortasun horri eutsi behar diogu. Kontzentratuta jokatu beharko dugu hasieratik bukaeraraino». Gasteizen jokatutako azken lau partidetan ez du garaipen bakar bat ere lortu Diego Pablo Simeoneren taldeak.Â