Etenaldi luzea dator Espainiako Lehen Mailako ligan, eta gelditu aurretik, kezkak eta zalantzak uxatzea da onena. Badituzte batzuk Athleticek eta Alavesek. Ilusioz izan dira orain gutxira arte, baina bekokia ilundu zaie azken emaitzen ondorioz. Athleticek puntu eskas bat lortu zuen Elxen aurka duela astebete (1-1), eta, hartara, alferrik galdu zuen hiru garaipen kateatzeko abagunea. Alavesek, berriz, kale egin zuen etxean aste tartez, Valentziaren kontra galduta (0-1). Olatu aparretan ibili ondotik, Arabako taldeak galdu egin ditu azken bi neurketak. Bada, garaipenen bidera itzuli, eta ilusioa berpizten saiatuko dira bihar Athletic zein Alaves, San Mamesen jokatuko duten derbian (16:15, DAZN).
Asteazkenean, Levanteren zelaian jokatzekoa zen Athletic, baina bertan behera geratu zen neurketa, Valentziako euri jasaren ondorioz. Hortaz, atseden hartuta eta lehiarako gosez dago Edin Terzicek zuzentzen duen taldea. Elxen aurka berdintzea kolpea izan zen zuri-gorrientzat, eta orduko arantza ateratzeko aukera izango dute bihar. Horretarako, letaginak zorroztu beharko dituzte, ate aurrean kamuts aritu baitziren azken partidan. Eredu bezala, Atletico Madrilen kontrako partida har lezakete: 3-0 gailendu ziren, bigarren zatian oso eraginkor arituta. Orduko hamaikako bera plazaratu zuen Terzicek Elxen aurka, eta ikusteko dago bihar apustua errepikatzen duen edo ez. Jokalari guztiak eskuragarri izango ditu teknikari alemaniarrak, Dani Vivian izan ezik.
Lehen euskal derbia izango da Terzicentzat, baina horri ez dio garrantzirik eman. «Derbi bat izan arren, ateak betiko toki berean egongo dira eta tamaina berbera izango dute. Aurkaria bata edo bestea izan, berdin jardun behar dugu». Pozik dago taldeak orain arte izan duen bilakaerarekin. «Bidearen hasieran baino ez gaude, baina lehen urratsak oso onak izan dira».
Athletic zazpi punturekin iritsiko da biharko lehiara. Hiru gehiago ditu Alavesek, lehen lau partidetan lortutako emaitza ikusgarriei esker. Arabarrek indar betean ekin zioten ligari, eta sasoiko lehen euskal derbian 5-2 nagusitu zitzaizkion Osasunari. Hurrengo bi partidetan, ordea, errealitatea bere gordinean agertu zaio Quique Sanchez Floresek gidaturiko taldeari. Racingen zelaian esku hutsik geratu zen, lehen zatian aurrea hartu arren (1-2), eta asteartean ere ez zuen saririk lortu, etxean Valentziaren aurka galdu ondoren (0-1). Alavesek golik ez sartzea albistea izan zen, lehen aldiz gertatu baitzaio hori Sanchez Floresen agindupean denetik. Hemezortzigarren partidan amaitu zen bolada. Bada, kontagailua berriz ere martxan ipini nahiko du bihar.
Hiru jokalari dituzte gasteiztarrek jokatu ezinda: Garces, Mikel Rodriguez eta Mañas. Sanchez Floresek antzeko hamaikakoa erabili du orain arte, baina aldaketak egin ditzake bihar. Anbizioz mintzatu da: «Iaz Alavesek irabazi egin zuen San Mamesen, eta gai gara berriro gauza bera lortzeko».
Irabaztea, ukendurik onena
Derbia hasi baino apur bat lehenago amaituko da Osasunak Rayoren aurka jokatuko duen norgehiagoka. (14:00, DAZN). Une zailean dago Nafarroako taldea, galdu egin baititu azken hiru partidak; hiruren artean 11 gol jasota, gainera. Asteazkenean astindua hartu zuen Atletico Madrilen zelaian, oraindik Braulio Vazquez kirol zuzendariaren ezusteko agurra barneratzen ari zela. Halako egoeretan, irabaztea izaten da ukendurik onena, eta, alde horretatik, gorritxoak premiazko hiru punturen bila ariko dira bihar. Ezinbestean, sendoago jardun beharko dute defentsan. «Ez da jarrera kontua, kokapen eta koordinazio kontua baizik. Aurkariei arnasa hartzen uzten badiezu, Lehen Mailan zigortu egiten zaituzte», azaldu du Luis Miguel Ramisek. Aimar, Moi Gomez, Herrando eta Rosierren hutsuneak izango dituzte nafarrek.
Denboraldia ez du nahi bezala hasi ezta ere Realak. Gorka Alavarezen taldeak Badalonari egingo dio bisita bihar (12:00, DAZn). Jokatutako hiru partidetan puntu bakarra batu dute txuri-urdinek. Aiarak, Keefek eta Maria Molinak jokatu ezinik segitzen dute. Alvarezek honela aztertu du Badalona «Talde indartsua da, eta teknikoki dohain asko dituzten jokalariak dauzka. Irregularra ere bada».