Athleticek eta Realak gaur jokatuko dute Superligako A multzoari dagokion 4. jardunaldiko neurketa, eta bi taldeek aurkari zuzenekin neurtuko dituzte indarrak. Zuri-gorriek Atletico Madril hartuko dute etxean, eta txuri-urdinek Espanyoli egingo diote bisita. Hasiera batean, Athletic ageri da faborito Lezaman, etxean erakusten ari den sendotasuna aintzat harturik Atletico baino gehiago izan behar bailuke. Realak, berriz, zailtasun gehiago izango du punturen bat lortzeko, Espanyol kalitate handiko taldea baita, titulua irabazteko hautagai.
Superligako bigarren fasean hiru partida jokatu eta bi irabazita eta bakarra galduta dago Athletic, sailkapenean bigarren postuan. Etxetik kanpo ongi ari da Alberto Berasaluzeren taldea, baina ez etxean baino hobeto. Sasoi honetan zortzi partidatik zazpi irabazi ditu Lezaman, eta, horregatik, gaur ere ez luke hutsik egin behar Atletico Madril bosgarren sailkatuaren aurka. Athleticek irabazi eta Rayo Vallecanok galduz gero, lider jarriko lirateke bizkaitarrak.
Realak, bestalde, Espanyolen zelaian jokatu beharko du. Talde sendoa daukate kataluniarrek, eta itxura ona ematen ari dira neurketa guztietan. Etxean, gainera, oso ongi ari dira; esaterako, Athletici 4-0 irabazi zioten. Hala ere, azken jardunaldiko garaipenak konfiantza handia eman dio Realari, eta punturen bat lortzeko baikor dira donostiarrak. Bi taldeak bosna punturekin daude sailkapenean, eta irabazleak pauso handia emango du.
Eibarrek eta Lagunak-ek ere gaur jokatuko dute B eta C multzoei dagozkien partidak, hurrenez hurren. Gipuzkoarrek zail izango dute bolada txarra eteten, Huelva liderraren zelaian ariko baitira (12:15). Nafarrek, berriz,Sevillaren aurka jokatuko dute, etxetik kanpo (12:00).
Athletic eta Reala kontrario zuzenen aurka ariko dira gaur
Zuri-gorriek etxean hartuko dute Atletico Madril, eta Espanyoli egingo dio bisita Donostiako taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu