Manchester United 4-1 Athletic

Athletic ez da sailkatu Europa ligako finalerako

Zuri-gorriek mirari bat behar zuten Manchester Uniteden aurkako kanporaketa iraultzeko, baina ez da halakorik izan. Bilbotarrek itzulerako partida ona egin dute, baina egurra eman diote bukaeran, eta lau gol sartu dizkiete azken hogei minutuetan.

Mount hark sartutako goletako bat ospatzen, eta Athleticeko jokalariak burumakur. ADAM VAUGHAN / EFE
Mount hark sartutako goletako bat ospatzen, eta Athleticeko jokalariak burumakur. ADAM VAUGHAN / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko maiatzaren 8a
23:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Miraria behar zuen Athleticek Europa ligako finalerako sailkatzeko. Errezatu dute, eta saiatu dira, baina ez da miraririk izan. Kea atera da, baina beltza. Lehoiak ez du orro egin, eta Manchester Unitedek kanporatu egin du finalerdietan.

Haize kontra aritu dira, gainera, zuri-gorriak. Batetik, joanekoan 0-3 galdu zutelako; eta, bestetik, itzulerakoan taldeko lau jokalari onenak falta zituelako: Oihan Sancet, Williams anaiak eta Dani Vivian. Bada, bukaeraraino borrokatu arren, ez dute lortu kanporaketa gainditzea. 4-1 galdu dute Old Trafforden Ingalaterrako taldearen kontra, azken minutuetan sartu dieten gol zaparradaren ondorioz. Hobea izan da Athletic partidako minutu askotan, baina bukaeran indarrik gabe geratu da. Agur esan dio, beraz, txapelketari, eta baita maiatzaren 21ean Bilbon jokatuko den final handiari ere. Pauso batera izan du finala, baina azken urratsean estropezu egin du.

Bizi-bizi hasi da neurketa, eta indartsu zelairatu dira zuri-gorriak, presio itogarria eginez. Lehiaren ekimena izaten saiatu dira, eta zortzigarren minutuan izan dute lehen aukera garbia. Unai Gomezek ondo utzi dio baloia Berenguerri, baina hark area barrutik egindako jaurtiketa kanpora joan da. Hegalekoa izan da protagonista Athleticen hurrengo jokaldi arriskutsuenean ere. Ondo eraman du baloia kontraeraso batean, baina ez du asmatu aterako jaurtiketan.

Hirugarren saiakera izan da balekoa. 31. minutuan, izugarrizko gola sartu du Jauregizarrek. Djaloren jaurtiketaren aldaratzea hartu, eta area kanpotik zartateko galanta eman dio baloiari, zuzenean sarera; Onanak ezin izan du ezer egin.

«Jo eta ke, irabazi arte» oihuak entzun dira orduan harmailetatik. Hain zuzen, itxaropena piztea izan da klubaren helburua azken astean, eta esaldi bat baliatu dute horretarako: «Zergatik ez?». Neurketa hasi aurreko orduetan sumatu da esperantza printza hori, eta gogotsu hauspotu dute taldea zale zuri-gorriek —ia 4.000 lagun izan dira estadioan, bultza eta bultza—. 

United kontraerasoan saiatu da min egiten, baina adi ibili dira atzelariak eta Agirrezabala, aurkariaren ahalegin oro ezerezean uzteko. Hala ere, Garnachok aukera garbi-garbia izan du lehen zatia amaitu aurretik. Bakarrik geratu da atezainaren aurrean, baina gutxigatik kanpora bota du baloia. Arnasa hartu du Athleticek.

Hobeto ari ziren zuri-gorriak, eta zergatik ez amets egin. Bigarren zatian ere indartsu zelairatu dira, erasokor, balentria egin zezaketela sinetsita. Majo sufritu dute etxekoek. Minutuak aurrera joan ahala, gainera, gero eta hobeto ari zen Athletic, eta ezina agerikoa zen Unitedeko jokalarien artean —ez ziren gai bi pase on segidan emateko—. Hori ikusita, ordu erdi falta zela aldaketa hirukoitza egin du Ruben Amorimek. Mount, Diallo eta Shaw sartu dira Ugarteren Mazraouiren eta Garnachoren ordez. Baita Ernesto Valverdek ere: Djalok, Gorosabelek eta Galarretak utzi dute zelaia, eta De Marcosek, Pradosek eta Olabarrietak hartu dute haien tokia. 

Orduantxe aldatu da partidaren gidoia. Unai Nuñezek aukera garbia izan du 65. minutuan, baina haren burukada kanpora joan da. Ez, ordea, Mount zelairatu berriaren jaurtiketa: area barruan maisuki buelta erdia eman, eta sarera bota du baloia 72. minutuan, markagailuan banakoa jartzeko.

Zaplaztekoa emanda, Athletic ametsetik esnarazi du Unitedek. Hori aski ez, eta min hartuta zelaia utzi behar izan du Pradosek. Handik gutxira, bigarrena sartu dute deabru gorriek: Casemirok, buruz, 80. minutuan. Hor bai, erabakita geratu da kanporaketa. 

Amore eman dute zuri-gorriek, eta 85. minutuan beste kolpe bat eman dio Unitedek: Hojlundek gola sartu du. Ez da azkena izan. 91. minutuan, Agirrezabalak baloia urruntzen huts egin du, eta Mountek ez du barkatu. Penaz baina harro agurtu du Athleticek Europa.

Finala, Tottenham-United

Bada kontu aipagarri bat. Unitedek kanporatu ditu aurten Europa liga jokatu duten bi euskal taldeak: Reala final-zortzirenetan, eta Athletic finalerdietan. Bi kasuotan eztabaidagarriak izan dira epaileen erabakiak, betiere Uniteden mesedetan.

Ingalaterrako bi taldek jokatuko dute finala bi aste barru, Bilbon: Tottenhamek eta Manchester Unitedek.

Manchester United-Athletic

Manchester United. Onana; Mazraoui (Shaw, 62. min.), Maguire, Lindelof (Amass, 83. min.), Yoro, Dorgu; Ugarte (Mount, 62. min.), Casemiro (Mainoo, 83. min.), Bruno Fernandes; Garnacho (Diallo, 62. min.) eta Hojlund.

Athletic. Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 61. min.), Yeray, Nuñez, Yuri; Jauregizar, Galarreta (Prados, 61. min.; Vesga, 75. min.); Djalo (Olabarrieta, 61. min.), Unai Gomez (Guruzeta, 67. min.), Berenguer; eta Maroan.

Golak: 0-1: Jauregizarrek (31. min.); 1-1: Mountek (72. min.); 2-1: Casemirok (80. min.); 3-1: Hojlundek (85. min.); 4-1: Mountek (91. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.