Bartzelona 5-0 Athletic

Athletic ezinean aritu da Espainiako Superkopako finalerdietan, eta 5-0 galdu du Bartzelonaren aurka

Ahazteko moduko partida jokatu dute zuri-gorriek. Lehen zatian erabakita geratu da lehia, lau gol sartu baititu Kataluniako taldeak.

Ferran Bartzelonako jokalaria goletako bat ospatzen; alboan, Athleticeko jokalariak, burumakur. EFE
Ferran Bartzelonako jokalaria goletako bat ospatzen; alboan, Athleticeko jokalariak, burumakur. EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urtarrilaren 7a
22:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahazteko moduko partida jokatu du Athleticek: txarra ez, oso txarra. Bartzelona nagusi izan da hasi eta buka, eta kataluniarrek merezita jokatuko dute Espainiako Superkopako finala, igandean. Lehen zatian erabakita geratu da partida. Ezinean aritu dira zuri-gorriak, eta lau gol sartu dizkie Bartzelonak. Azkenean, 5-0 amaitu da. Denboraldi honetan bere buruarekin nahiko lan badu Athleticek, eta, gainera, parean munduko talderik onenetako bat izan du. Akabo: askok itzaliko zuten telebista lehen zatia bukatu aurretik. 

Espero zitekeen bezala, Bartzelonak izan du jokoaren ekimena. Athleticek, teorian, ondo zekien zer egin: pazientzia izan, eta aukera zuenean saiatu aurkariari baloia lapurtzen. Halaxe, lehen hiru minututan hiru korner atera ditu Bilboko taldeak, eta bazirudien abisua eman nahi ziola Bartzelonari, Saudi Arabiara ez zela denbora pasa joan. Baina dena irudipena baino ez da izan.

Bosgarren minutuan, jokaldi arriskutsua egin du Kataluniako taldeak ezker hegaletik. Ez da ondo atera Unai Simon, eta, zuri-gorrien lasaitasunerako, Raphinaren erdiraketa ezin izan du inork errematatu; atean ez zegoen atezainik.

Kontuak kontu, itxura ona eman du Athleticek lehen minutuetan, baina txakalaldia izan du gero. Pixkanaka, zelaian atzera egin dute zuri-gorriek, kataluniarrek behartuta. Pedri baloi gehiago izaten hasi da, eta taldeak nabaritu du, baita Athleticek ere.

Erdilariak berak aukera on bat izan du ordu laurdena bete berritan. Eta, hogeigarren minutuan, Unai Simonek salbatu du taldea. Hurrengoan, Bartzelonak ez du barkatu. Area txikitik gertu baloia hartu du Ferran Torresek, eta, buelta erdia emanda, sarera bota du. 22. minutua zen. Eta momentu horixe izan da amesgaiztoaren hasiera.

Bartzelona zen aurrera egiteko faborito nagusia, eta maldan gora jarri zaio kanporaketa Athletici. Txinparta eta grina falta zitzaien jokalariei, eta garesti ordaindu dute. 30. minutuan, Raphinhak ezker hegaletik atzera pasea eman du, eta penalti puntu parean bakar-bakarrik errematatu du Ferminek, indartsu, bigarrena sartzeko.

Bolada zailean daude zuri-gorriak, eta konfiantzarik gabe aritu dira, motel. Handik lau minutura jaso dute hurrengo kolpea. Roonyk atera jaurti du, eta ez da fin aritu Unai Simon. Geratzeko modukoa zen jaurtiketa, baina ihes egin dio baloiak.

Hori aski ez, eta hortik lau minutura jaurtiketa indartsua egin du Raphinhak ezker hegaletik, zuzenean sarera. 

Bikain ari zen Bartzelona, nahieran, eta oso gaizki Athletic. Markagailua zelaian gertatzen ari zenaren isla zen. Gainera, zortea ere ez du aldeko izan Bilboko taldeak. Oihan Sancetek zutoinera bidali du baloia atsedenaldiaren aurretik.

Ezinean

Bigarren zatiari ekiteko, dena erabakita zegoen. Eta, hala ere. Bartzelona ez da ase, eta 52. minutuan bosgarrena sartu du Raphinhak, jokaldi nahasi batean; Unai Simonek ezin izan du ezer egin. Ernesto Valverde ez zegoen gustura ikusten ari zenarekin, nola egongo zen ba, eta aldaketak egin ditu.

Hautsita zegoen partida, eta ez da asko aldatu gidoia. Erritmoa moteldu du Kataluniako taldeak, baina erasoan segitu du, paseak eman eta eman. Athletic ere, tantaka, iritsi da Joan Garciak babestutako ate ingurura. Horietako bat aukera garbia izan da. Unai Gomez bakar-bakarrik geratu da Bartzelonako atezainaren aurrean, eta, dena alde zuela, kanpora bota du baloia. 

Ez zen eguna. Inork ez du minik hartu, eta horixe izan da Athleticentzat albiste on bakarra. 

Bartzelona-Athletic

Bartzelona. Joan Garcia; Kounde, Cubarsi, Eric Garcia, Balde (Martin, 64. min); Pedri (Olmo, 72. min), Frenkie de Jong (Bernal, 64. min); Roony (Lamine Yamal, 72. min), Fermin, Raphinha (Rashford, 64. min); eta Ferran Torres.

Athletic. Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Adama (Iñigo Lekue, 57. min); Jauregizar, Rego (Selton, 61. min); Berenguer, Sancet (Ruiz de Galarreta, 54. min), Robert Navarro (Unai Gomez, 54. min); eta Iñaki Williams (Guruzeta, 54. min).

Golak. 1-0: Ferran Torresek (22. min); 2-0: Ferminek (30. min); 3-0: Roonyk (34. min). 4-0: Raphinhak (38. min); 5-0: Raphinhak (52. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.