Athletic ondo lehiatu da Bartzelonaren aurka, baina Superkopako finaletik at geratu da

Zuri-gorriek aurretik jarri dira Nevadok penaltiz sartutako gol bati esker. Defentsan ere sendo aritu da. Baina kataluniarrek ondo baliatu dituzte izan dituzten gol aukerak.

Irene Paredes eta Ane Azkona lehian. MANUEL BURQUE / EFE
Irene Paredes eta Ane Azkona lehian. MANUEL BURQUE / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko urtarrilaren 21a
22:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athletic ez da Espainiako Superkopako finalean izango. Zuri-gorriek 3-1 galdu DUTE Bartzelonaren aurka. Javi Lergaren taldeak itxura ona eman du; ondo lehiatu da, eta minutu askotan jokalariek bikain bete dute prestatzaileak norgehiagokarako aurreikusita zuen plana. Aurretik ere jarri dira, Nerea Nevadok penaltiz sartutako gol bati esker. Baina azkenerako, nahiz eta bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatu, Bartzelonak bere legea ezarri du, ondo baliatu baititu zan dituen gol aukerak.

Athleticek lau jokalari garrantzitsu falta zituen atzoko partidarako: Adriana Nanclares, Bibi Schulze, Ogiza eta Amezaga. Espero bezala talde zuri-gorria bloke baxuan kokatu da hasieratik, lerroak oso batuta. 4-4-2ko marrazkia erabilil du Javi Lergak, eta Ane Azkonak eta Elene Gurtubaik jokatu dute goian. 

Duela astebete 1-0 irabazi zuten Real Madrilen zelaian plan hori jarraituta, eta errepikatu egin dute. Hasieratik Bartzelonak izan dubaloia, eta oso goian jarri du defentsako lerroa. Pere Romeuren taldea barrutik saiatu da batez ere min egiten, baloia bizkor mugituz; ez hegaleko jokalarik bilatuz. Athleticek ondo eutsi dio, eta ondo itxi ditu erdiko erreiak. Gainera, pixkanaka zuri-gorriak gora egiten ere ahalegindu dira. Jokaldi horietako baten saria jaso dute. Atzetik ondo atera dute baloia, eta ezker hegaletik Agoteri iritsi  zaio. Hark pase luzea eman dio Zubietari. Athleticeko euskarria bizi ibili da, eta buruz buruzko lehia irabazi dio Mapi Leoni. Bartzelonako erdiko atzelariak penaltia egin dio, bultzakada txiki bat eman baitio. Epaileak VARean begiratu du, Bartzelonak hala eskatuta. Baina epaileak lehen erabakiari eutsi dio. Nerea Nevadok jaurti du penaltia. Cata Coll atezainak baloia nora zioan asmatu du, baina gola sartu du Nevadok (25. min.).

Golak konfiantza eman die zuri-gorriei, plana bikain atertzen ari baitzitzaien. Bartzelonako jokalari batek baloia zuen aldiro, gainean zuen Athleticeko jokalari bat. Oldarkor aritu dira defentsan. Baina 35. minutuan berdindu egin dute kataluniarrek. Jokaldi landu bat egin eta gero, Alexia Putellasek zutoinera bidali du baloia; aldaratzea, ordea, Irene Paredesi iritsi zaio; hark Ona Batleri utzi dio baloia. Bitan pentsatu gabe atzeko hegalekoak jaurtiketa gogorra egin du area kanpotik. Olatz Santana atezainak ezin izan du baloia geratu, apur bat aurreratuta zegoelako. Ia segidan bigarrena sartu du Bartzelonak. Korner batean izan da. Athleticeko jokalariak ez dira fin aritu defentsako lanean, eta Claudia Pinak bakarrik errematatu du buruz atzetik etorrita. Olatz Santanak ez du ondo aldendu baloia, eta area txikian Irene Paredesek sareetara bidali du (39. min). 

Romeuren taldeak are atzeago sartu du Athletic lehen zatiko azken minutuetan. Erasoko jokaldi horietako batean Irene Paredesek baloia erdiratu du, eta errematea egitera zihoala Kika Nazarethek kolpea eman dio aurpegian Landaluzeri ukalondoarekin. Athleticek jokaldia VARean ikustea eskatu du, eta azkenerako epaileak txartel gorria atera dio Bartzelonako jokalariari. 

Indarrik gabe

Aldagelatik bueltan ere Bartzelonak izan du jokoaren ekimena. Athleticek, hala ere, sendo jarraitu du defentsako lanean, ondo ordenatuta. Kataluniarrek partidaren erritmoa geldotu egin zuten, hirugarren golaren bila joan beharrean. Baloia batetik bestera mugitu dute, Athletic nekatzeko. 

Javi Lergak Sara Ortega zelairatu du, Vilariñoren ordez. Jokalari bizia da Ortega, buruz buruko jokaldietan trebea, eta hori bilatu du. Baina ez da posible izan. 68. minutuan zuri-gorriek baloia galdu dute, eta Bartzelonak hirugarren gola sartu du. Ona Batle bizi irten da erasora, sakonean pase bat jaso du, eta ondoko marraraino iritsi da. Hegalekoak erdiratu egin du, eta Pajorrek gola sartu du. 

Hortik amaierara bitarte Athletici indarra faltatu zaio aldea murrizten saiatzeko. Leire Bañosek urrutitik egindako jaurtiketa batean baino ez da ailegatu Cata Collen atera. Dena den, Bartzelonak ere ez du gol aukera argirik eduki; Grahamen jaurtiketa bat baino ez. Ligan Bartzelonaren aurka 8-1 galdu zuten zuri-gorriek. Gaur, ordea, ordutik asko hobetu dutela erakutsi dute, eta aurkaria edozein izanda, ondo lehiatzen direla. Orain Ligari eta Espainiako Kopari heldu beharko diote.

Bartzelona-Athletic

Bartzelona: Cata Coll; Ona Batlle (AĂ¯cha,72. min), Irene Paredes, Mapi Leon, Brugts; Kika Nazareth, Serrajordi (Patri Guijarro, 58. min.), Alexia; Vicky Lopez (Hansen, 58. min), Ewa Pajor (Salma Paralluelo, 72. min.) eta Claudia Pina (Sydney, m.82. min.).

Athletic: Santana; Elexpuru, Landaluze, Maddi Torre (Ane Campos, 78. min.), Nerea Nevado; Vilariño (Sara Ortega, 62. min.), Valero (Leire Baños, 86. min.), Maite Zubieta, Agote (Oihana, 86. min.); Gurtubay (Pinedo, 78. min.) eta Ane Akzkona.

Golak: 0-1: Nevadok (25. min, penaltiz). 1-1: Batlek (35. min.). 2-1: Paredes (39. min). 3-1: Pajorrek (68.min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.