Osasunak 0-1 irabazi dio Athletici, eta gorritxoek irabazi dute Euskal Herria Txapela lehiaketa. Hala, iragan denboraldiko arantza atera ahal izan dute. Orduan zuri-gorriak gailendu ziren: 2-1. Athleticek izan du jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza, baina bigarren zatiaren ordu laurdenetik aurrera Osasunak zuzenago eta biziago jokatu du, eta errazago gainditu du zuri-gorrien presioa. Azkenerako, saria jaso du. Asier Osanbelak sartu du gorritxoen gola, 76. minutuan, jokaldi nahasi batean. Osasunak hirugarrenez jantzi du txapela, eta Athleticekin berdinduta dago lehiaketaren garaipen zerrendaren lehen tokian.
Bi taldeetako hainbat jokalari ez dira finalean izan, selekzio arteko partidak zituztelako. Gainera, Valverdek eta Liscik atseden eman diete hainbat jokalariri. Denboraldia hasi berri da, eta lan kargak ondo kudeatu behar dituzte; are gehiago Athleticek, lau txapelketa jokatuko baititu: Liga, Espainiako Kopa, Espainiako Superkopa eta Txapeldunen Liga.
Baina partida ona jokatuko dute bi taldeek. Neurketari hobeto ekin dio talde zuri-gorriak. Baloi jabetzea gehiago izan du, eta biziago mugitu du baloia. Lehen abagunea Guruzetak izan du. Gorosabelek erdiraketa ona egin du, eta aurrelariak ondo errematatu du buruarekin, baina kanpora joan zaio. Handik gutxira, Robert Navarrok buruz buruko jokaldi ona egin du, eta area ertzetik egin du errematea. Baina ez du indartsu jaurti.
Osasuna kostata aritu da, eta lanak izan ditu Padillaren atera iristeko. Baina pixkanaka lortu du, eta ez du aparte izan gola. Geldikako jokaldietan izan da. Argiena Ruben Garciak izan du, falta jaurtiketa batean; Padillak, ordea, gelditu bikaina egin du. Hortik aurrera partida parekatu egin da apur bat. Baina Athleticek bizi jokatu duenean nagusi izan da, eta arriskua sortu du Aitor Fernandezen atean. Kontraeraso batean, Nico Serrano bakarrik geratu da Aitor Fernandezen aurrean, baina haren erremateak atezainaren gorputzean jo du. Handik gutxira, Serranok berak gogor jaurti du ezkerrez area kanpotik, eta baloia kanpora joan da.
Lehen zatiaren azken txanpan, Athleticek asmatu egin du presioan, eta gorritxoei kostatu egin zaie erasoan jokaldiak lotzea. Zuri-gorriek izan dute jokoaren ekimena, baina ez dut aparteko aukerarik sortu. Hala, lehen zatia hasi bezala amaitu da: 0-0.
Osasuna zuzenago
Bigarren zatiari ere hobeto ekin dio Valverdek zuzentzen duen taldeak. Ezker hegaletik saiatu da min egiten batez ere. Bertatik buruz buruko jokaldiak egiten ahalegindu da Robert Navarro. Ondo eutsi dio, ordea, Osasunaren atzealdeak. Hura eta Guruzeta izan dira Athleticen jokalari oldarkorrenak erasoan.
Lehen abisua, hala ere, gorritxoek eman dute. Iker Benitok jaurtiketa ederra egin du area ertzetik, eta baloia gutxigatik joan zaio kanpora. Aukera horrek hauspotuta, Osasunak zuzenago jokatu du, eta partidaren erritmoa biziagoa izan da. Izan ere, Athleticek izan du baloiaren jabetza, baina Osasuna ondo atera da erasora, eta Raul Garcia de Arok pare bat aukera izan ditu. Bizkorrago jokatuta, Osasunak errazago gainditu du Athleticen presioa.
Azkenean, Asier Osanbelak sartu du gorritxoen gola, 76. minutuan. Jokaldi nahasia izan da arean, eta hirugarren ahaleginean zulatu du zuri-gorrien atea erdilariak. Jokaldian, Padillak gelditu bikaina egin du, eta baloiak langan jo du. Baina aldaratzea ederki baliatu du Osanbelak. Ordu laurden falta zen neurketa amaitzeko, eta gorritxoek ondo eutsi diote. Hala, garaikurra haientzat izan da.