Athletic nagusitasunez gailendu da Realaren aurkako derbian (1-4). Zuri-gorriek hiru gol sartu dituzte lehen zatian, eta bigarrengoan asmatu dute errentari eusten. Ortega, Azkona bi bider eta Pinedo izan dira Athleticen golak sartu dituztenak; Realarena, berriz, Keefek egin du.
Lehen minutuetan euren asmoak erakutsi dituzte bi taldeek, eta gola sartzeko abaguneak ere biek izan dituzte. Baloiaren jabetza Realak izan du, baina Athletic eroso aritu da kontraerasoan.
Realari 22. minutuan hasi zaio neurketa maldan gora jartzen: Ortegak aurreratuta ikusi du Arrula atezaina, eta bikain loratu du baloia haren gainetik 0-1ekoa egiteko.
Hurrengo minutuetan ondo jokatu du etxeko taldeak, arriskua sortu du, baina asmatu duena, berriro ere, talde bisitaria izan da. Ane Azkonak sartu du 0-2koa, baita, lau minutu geroago, 0-3koa ere. Anoeta izoztu du hirugarren gol horrek. Reala ez zen gaizki jokatzen ari, baina Athleticek argi zuen egin beharrekoa, eta bikain exekutatu du prestatzaileak agindutakoa.

Bigarren zatia hasi bezain pronto iritsi zaie saria txuri-urdinei: Ceciliak jokaldia egin du ezker hegaletik, eta haren erdiraketa sarera bidali du Keefek. Pozak, ordea, gutxi iraun die, Pinedok gol ikusgarria sartu baitu 55. minutuan. 1-4.
Realak ez du amore eman, ahalegintzen segitu du, baina disdira egin du Nanclaresek, Athleticeko atezainak, eta markagailua ez da mugitu.Â
Athletic laugarren da sailkapen nagusian 19 punturekin, eta Reala bederatzigarren 13rekin.