Athleticek 1-6 irabazi dio Prati Kopan, eta hurrengo kanporaketan izango da

Kanporaketari oso serio aurre egin diete zuri-gorriek, eta nagusitasunez hartu dute mendean Kataluniako taldea. Maroanek, Robert Navarrok, Nico Serranok, Vizcayk, Imgak eta Seltonek egin dituzte golak.

Athleticeko jokalaria, pozarren, gol  bat sartu eta gero. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Athleticeko jokalaria, pozarren, gol bat sartu eta gero. ALEJANDRO GARCIA / EFE
jon eskudero
2026ko urriaren 29a
23:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gidoiak agindu bezala, Athleticek ez du inolako arazorik izan Espainiako Kopan hurrengo fasera sailkatzeko. Edin Terzic entrenatzaileak aitortu zuen prentsaurrean garrantzi handia ematen diola txapelketari, eta ez du ezustekorik nahi izan. Hasieratik, guztiz talde fidagarria zelairatu du, eta jokalariek ez dute hutsik egin. Belar artifizialean jokatu arren, gogotsu eta erritmo bizian aritu dira, eta nagusitasunez gainditu dute AE Prat taldea. Lehen ordu erdian kosta zaie aurkariaren harresia gainditzen zuri-gorriei, baina lehen gola egin ondotik, nahi erara jardun dute. Atsedenaldira 1-3 iritsi dira aurretik, eta bi taldeen arteko aldea are nabarmenagoa izan da bigarren zatian. Defentsan zorrotz aritu dira bilbotarrak, eta inspirazioa lagun izan dute erasoan. Besteak beste, Maroanek, Robert Navarrok, Nico Serranok, Vizcayk, Imgak eta Seltonek egin dituzte golak. Abendu hasieran jokatuko da Kopako hurrengo kanporaketa, eta bertan izango da Athletic.

Lehen minututik erakutsi ditu indarra eta kemena Terzicek zuzentzen duen taldeak. Bost maila beheragoko talde baten kontra jardun arren, zuhurtziaz eta konfiantza gehiegirik gabe jokatu dute zuri-gorriek. Beste partida batzuetako plan bera jarri dute martxan. Besteak beste, oso goian egin dute presioa, eta baloia berreskuratu orduko aurkariaren atea izan dute buruan. Gol aukerak bata bestearen atzetik izan dituzte. Jauregizarrek oso gertu izan du gola 11. minutuan, baina Pablo Romero atezainak geratu dio jaurtiketa. Robert Navarrok ere bi aukera on izan ditu, baina ez du asmatu. Johaneko ere agertu da erasoan, nahiz eta azken metroetan asmatu ez. Eta Maroan aurrelaria jokaldi guztietan agertu da.

Dena den, lehen hogeita bost minutuetan ez du golik egin Athleticek, eta horrek elikatu egin du Prateko jokalarien jarrera. Emaitza lagun, energiaz beterik aritu dira etxekoak, eta laineza hartuz joan dira pixkanaka. Defentsako lerroan bost jokalari kokatu dituzte, eta emaitzari bere horretan ahalik eta luzaroen eustea izan dute helburu. Jokalari profesionalak ez direla aintzat hartuta, lan duina egin dute. Sendotasunez ibili dira atzean, eta kalitatea ere agertu dute hainbat jokalditan. Hori bai, lehen ordu erdia bete baino lehen ailegatu da 0-1ekoa, eta gol horrekin batera etorri dira lehen zatiko gainerako gol guztiak.

Zehazki, Maroanek egin du gaueko estreinako gola, 28. minutuan. Nico Serranok bikain orraztu du baloia atzeraka, Jauregizarrek erdiraketa bikaina ipini dio aurrelariari, eta hark ez du barkatu. Atzetik aurrera indartsu sartuta, gol garrantzitsua egin du gasteiztarrak. Denboraldiko lehena izan du. Bada, sari hori gutxi ez, eta jarraian heldu da 0-2koa. Bi minutu geroago, hain zuzen. Zelai erdian baloia errekuperatu du Pradosek, Jauregizarrekin jokatu du jarraian, eta jokaldia biribildu duena Robert Navarro izan da. Ezker hegaletik jokaldi dotorea osatu du, eta bere jaurtiketari ezin izan dio aurre egin Pablo atezainak. Zutoin ondotik ederki sareratu du baloia. Zuri-gorrien artean onena izan da Navarro, bere hegaletik iritsi baitira arrisku jokaldi guztiak, eta gola merezitako oparia izan du.

Bi minutuan bikain bideratu du neurketa Terzicek zuzentzen duen taldeak, eta bazirudien oso erraz izango zituela kontuak. Hots, Aresok sekulako hanka sartzea egin du atzeko lerroan. Ez du batere asmatu buruz baloia urruntzen, eta aldaratzea baliatuta, 1-2koa egin du Mus aurrelariak. Festa lehertu da harmailetan. Itxaropenaren gola izan da etxekoentzat, eta kolpea, bisitarientzat. Aresok sekulako erraztasunak eman ditu beste behin. Ligako azken bi partidetan ez du minuturik izan, Hugo Rinconek aurrea hartu diolako, eta halako opariarekin minutuak izateko meritu gutxi egin du nafarrak. Hori bai, lanak korapilatzen hasi baino lehenago, 1-3koa egin du Nico Serranok, 36. minutuan. Maisuki aritu da area barruan, eta, kalitatea lagun, ederki zulatu du Pabloren atea.

Gazteen distira

Bigarren zatiari begira, kanporaketa ez konplikatzea izan da Terzicen helburu nagusia. Ez du joan naiz izan itsu-itsuan beste gol batzuen bila. Nahiago izan du lehia kontrolatu eta partida ez bihurtu joan-etorrik joko batean. Gidoia goitik behera bete dute jokalariek. Zelai erdian lan ederra egin dute Jauregizarrek eta Regok, eta taldeak ez du batere sufritu atzean. Minutuek aurrera egin ahala, zuhaitza astintzea erabaki du teknikari alemaniarrak, eta 60. minutuan hiru jokalari gazte zelairatu ditu: Conde, Imga eta Vizcay. Azken bi horiek debuta egin zuten taldearekin joan zen igandean, Getaferen aurka, eta distiratsu aritu dira Praten aurrean.

Izan ere, harrobiko gazteak bihurtu dira protagonista partidaren azken txanpan. Condek jokaldi aparta osatu du eskuin hegaletik, eta haren pasea golarekin borobildu du Vizcayk. Lehen gola izan du elastiko zuri-gorriarekin. Baita Imgak ere. Hiru minutu beranduago 1-5ekoa sartu du Zumarragako jokalariak, bere abiadura bizia baliatuz. Gainera, Selton Sanchez gazteak 1-6ekoa egin du azken minutuetan, aulkitik zelaira atera eta berehala. Gazteek bikain erantzun diete Terzici, eta Athletic konfiantzaz gainezka helduko da Realaren aurkako derbira, datorren igandean.

AE Prat-Athletic

AE Prat. Pablo Romero; Adam (Lopez, 71. min.), Buyreu, Uri, Carlos Garcia (Otero, 82. min.); Jan Jou (Moliner, 60. min.), Marc Font; Morral (Rivas, 71. min.), Inocencio (Konu, 60. min.), Reinke; eta Alex Plaza.

Athletic: Padilla; Areso, Yeray, Paredes (Gerenabarrena, 79. min.), Johaneko (Imga, 60. min.); Prados (Conde, 60. min.), Rego, Jauregizar; Robert Navarro (Selton, 86. min.), Nico Serrano eta Maroan (Vizcay, 60. min.).

Golak: 0-1: Maroanek (29. min.). 0-2: Robert Navarrok (31. min.). 1-2: Musek (33. min.). 1-3: Nico Serranok (36. min.). 1-4: Vizcayk (84. min.).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA