Athletic 4-0 Getafe

Athleticek egurra eman dio Getaferi

Zuri-gorriek hasi eta buka izan dute kontrolpean partida. Berenguer, Iñaki Williams, Paredes eta Yuri izan dira golegileak, eta debuta egin dute Imgak eta Bizkaik.

Iñaki Williams Athleticen bigarren gola ospatzen. FOKU
Iñaki Williams Athleticen bigarren gola ospatzen. FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 25a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athletic itzuli da bide onera. Edin Terzicen taldeak lau norgehiagoka zeramatzan irabazi gabe, eta gaur kolpe batez uxatu ditu mamu guztiak: partida biribila egin, eta 4-0 irabazi dio Getaferi San Mamesen.

Partida hasieratik, baloiaren jabe egin da Athletic. Getafek atzean itxaron die zuri-gorriei, eta kontraerasoak baliatzen ahalegindu da. Madrilgo taldeak lortu du lehen minutuetan arriskuarekin heltzea Unai Simonen area ingurura, baina gol aukera argirik sortu gabe. Erosoago zegoen Athletic, eta 17. minutuan heldu da lehen gola, falta batean: Berenguerrek erdiraketa zitala egin du hegaletik, eta, inork ikutu gabe, sarean amaitu du baloiak.

Golari esker hazi egin da Athletic, eta erabat itzali da aurretik ere oso bizkor ez zebilen Getafe. Iñaki Williamsek pare bat jaurtiketa eginak zituen 35. minuturako, eta, azkenean, kontraeraso batean, asmatu du. Gerenabarrenak berreskuratu du baloia zelai erdian, Berenguerrek Iñakiri eman dio pasea, eta Williams anaietan zaharrenak ederki amaitu du jokaldia.

Berenguer bere gola lesionatu berri den Guruzetari eskaintzen. FOKU
Berenguer bere gola lesionatu berri den Guruzetari eskaintzen. FOKU

Bigarren zatian baloi gehiago izan du Getafek, baina Athletic oso sendo aritu da defentsan. Errenta handitzeko bi golak geldikako jokaldietan egin dituzte zuri-gorriek: hirugarrena 69. minutuan sartu du Paredesek korner bat buruz errematatuta, eta laugarrena Yurik, 87.ean, area kanpotik sekulako ezkerkada jota. Era batera edo bestera, lau goletan hartu du parte Berenguerrek.

Emaitza alde izanda, Terzicek Christian Imga eta Txus Bizkai harrobiko jokalariak zelairatu ditu estreinako aldiz lehen taldearekin. Athletic zortzigarren da sailkapen nagusian, 12 punturekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA